*Jenofa Berhokoirigoin / ARGIA aldizkaria
Ez dakit ze giro dagoen Bidasoaren hegoaldean, baina iparraldean behintzat badabiltza «gerra» hitza gora eta behera . 2023ko abenduaren 31ko agiantzetan Macron presidenteak «berrarmatze» hitza zazpi aldiz erabili izanarekin asmatzen ahalko genuen zetorrena. «Gerra ekonomia» bideratzeko beharrean omen gaude, eta hori izan dute hizpide martxoaren 21 eta 22an iragandako Europa mailako gailurrean. Definizioz, ekonomia eta industria nagusiki armagintzara bideratzeko erabaki eta planifikazio politikoa dugu gerra ekonomiarena. «Bakea nahi badugu, gerrarako prestatu behar gara». Europar Kontseiluko presidentearen hitzak dira. Logika arraroa, egia erran… baina, horretan gara, parekoari –gurean eta orain, konkretuki, Vladimir Putini– gerran sartzeko ideia saihestarazteko pario arriskutsua eginik. Berlingo Harresiaren eraisteaz geroztik, gerrarako finantzak eta ekoizpenak baita soldadu kopuruak ere ttipitu izanak erranarazten digu, agian, aldrebes, gerrarako prestatu ez nahiak dakarrela bakea… Baina, paso. Eztabaidak ez dauka lekurik: Europa mailako defentsa diruztatu, sendotu eta armatu beharrean gaude, bai ala bai, lubakiko usaina sekula sentituko ez luketen 27 agintariek horrela erabakirik. Horra Bruselako gailurrean harturiko zenbait erabaki: izozturiko Errusiaren ondasunen parte bat armagintzara bideratuko da; Europako Inbertsio Bankuaren finantzaketak armagintzara zabalduko dira; zor komuna asumitu eta Europak 100.000 milioi euroko mailegu bat egitea aipatzen dute ere.
Dena da geopolitika eta ekonomia. AEBetan Trump boterera berriz heltzeko mehatxua ere da Bruselaren armamenturako autonomiaren beharraren gibelean. Europak Ukrainako gerrara hastapenetik bideratu armen erosketen %78 Europatik kanpokoei egin direlako –nagusiki, AEBei–. Made in Europe armak behar ditu Bruselak Kieventzat eta behar ordurako, beretzat. Gerra hasiz geroztik, 85.000 milioi euro bideratu dituzte EBk, estatu kideek eta finantza instituzioek Kievera –dela laguntza finantzario, militar ala humano gisa–, eta beste 50.000 milioi euro bideratzeko hautua egin du Bruselak otsailaren 1ean. Martxoaren 13an, Kieven armatzeko beste 5.000 milioi euro bideratzeko erabakia ere hartu du. Dirutza da. Ez izan kezkarik: inbertsio-fondoak eta enpresa pribatuak hor izanen dira, finantziazio eta eskaera publiko horiek hartzeko prest. Dirutza egiteko aukera paregabea delako gerra (ekonomia).