Laura Irasuegi Otal gogoan

Laura Irasuegi Otal (Eibar, 1923ko azaroaren 26a / Errenteria-Orereta, Gipuzkoa, 2016ko urriaren 6) Euskal Herriko lehenengo emakume kolegiatua Bide, Ubide eta Portu ingeniarien Elkargoan

Hamahiru urte zituenean, 1732. zenbakia ezarri eta Habana itsasontzian sartu zuten Santurtziko portuan 1937ko ekainaren 12an Sobietar Batasunerantza. Óbninsk herriko umeen etxera iritsi zen, Leningradotik 100 bat kilometrora. II. Mundu Gerra baino lehen, Leningradon ari zen ikasten eta hango blokeo (1941-1944) izugarriaren lehen urtea bizi izan zuen harik eta 1942an  Ladoga laku izoztutik kamioietan irtetea lortu zuten arte. Kaukaso aldera eraman zuten eta lanean aritu zen etengabe zetazko hariak ateratzen, gerrarako paraxutak egiteko; azkenik, Tblisira (Georgia) heldu zen.

Gerra amaitu zenean, Moskura bidali zuten eta hango Errepide Institutuan burutu zituen Bide Ingeniaritzaren ikasketak. Han eman zituen bere lehen lan-urratsak bide-ingenieritzaren alorrean.

1956ko irailean bueltatu zen Errenteriara. Anselmo Bárcenarekin ezkondu eta bi alaba izan zituzten, Cristina eta Elena. Ez zuen itzulera erraza izan: lehendabizi, Bide, Ubide eta Portu Ingeniaritzako ikasketen konbalidazioa egin behar izan zuen, eta konbalidazioa lortu eta handik urte askotara, 1977an, Bide, Ubide eta Portu Elkargoan kolegiatu ahal izan zen; bera izan zen kolegiatu zen lehenengo euskal emakumea.  Sasoi hartan  bi andrazko bakarrik ziren karrera hori zutenak, bera eta Araceli Sánchez Urkixo

Eibarretik erbesteratu bitartean euskal hiztuna zen, baina Errusian gehiena galdu zuen eta itzuleran ez zuen euskara berreskuratzeko aukera handirik izan. Ilobak jaio eta euskaraz entzutean esukaltegian izena eman zuen 70 urterekin, eurekin euskaraz solasteko.

2023ko ekainaren 27an «Bide-ingeniaritzako euskal emakume aitzindariak” erakusketa ireki zen Bilbon, Bide Ingenieritzako Elkargoaren egoitzan. Erakusketak, gizonezkoak betidanik gailendu diren diziplina batean, Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniaritzan,  emakumea nola barneratu den azaltzea zuen helburu, bi euskal emakume aitzindariren istorio berezi bezain apartaren bidez: Laura Irasuegii eta Araceli Sánchez. Biak “gerrako umeak” izan ziren, 1937ko ekainean Santurtziko portutik abiatu eta Leningradora bidalitako umeak.

——————————————————————-

Hau da Hedoi Etxartek 2016ko urriak 8an BERRIA egunkarian bere omenez idatzi zuen «Mila esker, Laura» artikulua.

Hannah Arendt-en aburuz—hala kontatzen du Fina Birulés-ek— hizkuntzan «pentsamendu izoztua» dago eta jatorrizko esanahiak egiaztatzeko pentsatuz desizoztu behar dugu. Zeren hitzak ongi erabiltzea ez da soilik gramatikaren afera, perspektiba historikoa izan behar da hitzekin aritzeko. Ulertzeko, pentsatzeko, kontzeptuak isolatu behar dira, trazak segi, markoak hautatu. Teorizatzeak esan nahi du «lurrundu denaren zentzua destilatzea eta berreskuratzea». Arendtek proposatzen du kontzeptu politikoen aztarnak jarraitzea kontzeptuok sortu zituzten esperientzia zehatzak ulertu arte. Zeren, «pentsamendua bera bizitzako esperientzietako gertakizunetatik jaiotzen da eta esperientzia horiei lotuta geratu behar da orientatu ahal izateko».

Lotuta geratu Beñat Irasuegi burkidea bezala, asteon zendu zaion izebarekin. 2016ko Gipuzkoan, errepideetako langileek zazpi hilabeteko greba egin duten horretan, bandera gorri erraldoi bat izan zuen aldamenean Laura Irasuegiren gorpu hilberriak. Sobietar hileta bat etorkizuneko emakume bati: Leningradeko setioan egon zelako entzun zuten Xostakovitxen Zazpigarrena, Olga Bergoltzen olerki bat irakurri zuten eta—nola ez— SESBeko ereserkia jarri —«Irribarrea eta gauzak egiteko gogoa pizten duen kanta bat» Beñat eta Ruten alabaren hitzetan—. Ez zen kasualitatez estreinatu ereserki hura 1944ko Langileen nazioarteko egunean: lan egiten hasi, baina aurrena naziak etxetik kanporatu.

Eta hala, Laurak eman digu aukera intelektualak alboan utzi ezin duen gatazka —politiko— nahitaezkoan murgiltzeko. Erlijioaren eta filosofiaren arteko gatazkan. Hiletan eta Laura izan zenaren memoria ariketetan. Birak emateari uzten ez dion ziba hori bezala, Laura Pasaiako portuan, Habana itsasontzian, unibertsitatean, Espainiako epaitegietan sinatzen, CIAkoen galdeketetan. Eta orain, desizozten, Laura ezagutzeko aukera izan ez genuenon memorian ere bai. Gure eguneroko miserien gainetik, transzendentzia baten heroia.