*Maialen Huarte Arano / ARGIA aldizkaria
Herrialde askotako hegazkinak izanen dira Bardean gerrarako ariketa militarrak egiten. Benetako bonbak eta munizioa erabiliko dituzte horretarako. Aste osoan izanen dira lan horietan eta Poligonoaren Aurkako Asanbleak zalantzak ditu segurtasuna ziurtatuko ote duten. «Pertsonak akabatzeko probak eginen dituzte Natur Parke batean eta Biosferako Erreserba ere baden parajean», adierazi dute ohar batean.
Bardeako tiro poligonoa deuseztatzeko eskaerari eutsi dio ohar batean Poligonoaren Kontrako Asanbleak: «Aste osoan praktika militarrak eginen dituzte zenbait herrialdetik etorritako hegazkinen bitartez gerra guneetara joan aurretik prest izateko», salatu dute. Benetako munizioa eta bonbak jaurtiko dituzte gaur hasi eta ostirala arte aurreikusiak dituzten praktika horietan. «Tiro poligonoak desegina behar zukeen aspaldi. Natur Parkearen erdian eta Biosferako Erreserba den parajean egiten ari direna erabateko suntsiketa da», ohartarazi dute. Kezkatuta agertu da Asanblea Bardea inguruko herrietan bizi diren pertsonekin: «Segurtasuna bermatua ote dagoen ere ez dakigu», jaso dute idazkian.