Lazkanoiturbururi erantzunez

*Joan Mari Beloki Kortexarena (2024-01-11) / blogak.eus/euskal-herritik

2023ko abenduaren 21ean eta 28an NAIZek nik bi ataletan idatzitako artikulu bat argitaratu zuen. “Ukrainako guda amaituta, zer?” zen haren izenburua. Astebete beranduago, Dabid Lazkanoiturbururen “Ukraina eta Errusia: mugaldeko lurraren patua” izenekoa. Interes handiz irakurri nuen, egunero guda horretaz harrapatzen ditudan gainerako guztiak bezalaxe. Eta arreta eman zidan zein eduki desberdinak zituen, batetik, baina bereziki zer tonu desegoki eta tandentziosoan zegoen idatzita, bestetik. Blog honetan azaldu nahi dut nire desadostasuna, jakinda nekez lortuko dudala nire aurkakotasun guztia azaltzea.

Objektibotasun falta

Lehen esalditik erakusten da egia aitortzea zail egiten zaiola. Nola ulertu, bestela, 2023. urtea “ez dela samurra izan ez ukrainarrentzat eta ez errusiarrentzat ere” esaldia? Besterik eransten ez bazaio, bi aldeentzat txarra neurri berdintsuan izan dela ulertzen da, nola batarentzat hala bestearentzat. Baina errealitatean ukrainarrentzat askoz ere gogorragoa izan da urtea, nonahitik begiratuta. Errusiarrak guda irabazten ari baitira eta frontean, guda gogor batean izan daitekeen neurrian, eroso sentitzen dira. Sarrera horrek artikulua ez dela objektiboa erakusten digu eta erne ibili beharko dugula hortik aurrera irakurriko dugunarekin.

Sobiet Batasuna porrot egin zuenetik Errusia “ekonomikoki eta politikoki ahulduz joan da” dio aurrerago. Esaldi honek, beste xehetasunik gehitzen ez bazaio, une honetan inoiz baino ahulago dagoela esan nahi du. Areago, NATO eta EBk “setiatu” egin dutela esaten bada jarraian. Hau ez da zuzena. Boris Yeltsin presidentearekin ezagutu zuen Errusiak aspaldiko hamarkadetako garairik okerrena. Ahuleziak jota, NATOk hamaika base militar joan zen zabaltzen Europako ekialdean, Errusiaren mugetaraino iristeko asmo garbiarekin. Baina 1999an Vladimir Putin iritsi zen presidente izatera eta geroztik Errusia adierazle ekonomiko, politiko eta militar guztiak hobetuz joan da. Gaur egun munduko boskarren ekonomia da munduan -Alemaniaren aurretik kokatu da aurten- eta diplomazia lan erraldoiari esker, gaur egun Europan izan ezik kontinente guztietan herrialde asko ditu lagun. Gaur egun Txinaren lagun minena da, eta bien artean lideratzen dute BRICS+ komunitatea, adierazle ekonomikoetan orain arte munduan lider izan den G7aren aurretik kokatu delarik (BPGak %31,6 eta %29,9). Prentsan nazioartean espezializatutako erredaktore bezala sinatzen den artikulu batek ezin du errealitatea honela desitxuratu.

Datu erabakigarriak gordetzen

Maidangoa “matxinada” bezala ezaugarritzen da artikuluan. Ukrainak pairatzen zuen “ustelkeria endemikoa” omen zuen jomugan. Protagonisten artean “Europaren aldekoakanarkistak, ezker antikapitalistak eta Errusiari gorroto historikoa duen eskuin-muturra” aipatzen dira. Orain nire galdera: mugimendu horren helburua ustelkeria endemikoa izan balitz, behin boterea hartuta lana erruz eginen zuketen gaitza gainditzeko, ez da hala? Nonbait ez dute lan handirik egin izan mundu guztiak baitaki gaur egun Ukraina dela herrialderik ustelena Europan. Areago orain, Mendebaldeak gudarako bidali dizkien armak merkatu beltzean azaltzen eta diruak erruz desagertzen ari direla kontutan hartuta. Beste galdera bat: nola osa liteke hain zerrenda zabala protagonistak aipatzerakoan naziak aipatu gabe, lehen egunetik Hitlerren naziekin kolaboratu zuen Estepan Bandera ikur nagusitzat dutelarik? Eta nola ez du aipatzen mundu guztiak ezagutzen duen matxinatuek AEBen eskutik jaso zuten diru laguntza? Eta Victoria Nuland Estatu Idazkariordeak eta John McCain eta Chris Murphy senatariek Maidan plazan izan zirela erreboltariei babesa ematen? Ba al da datu argiagorik Maidanen estatu kolpea nork antolatu eta finantzatu zuen ondorioztatzeko orduan? Hortaz gain, hitz egin al daiteke Euromaidanez Odessako Sindikatuen Etxean naziek sutan erreta eta tiroz nahiz kolpeka hil zituzten dozenaka ukrainarrak aipatu gabe? Datu erabakigarriak isiltzen dira artikuluan eta zalantzak sortzen ditu bilatzen dituen helburuen inguruan.

Errusiak Krimea sasi-erreferendum baten bidez irentsi zuen” irakur liteke aurrerago. Aditu batek ez ote daki penintsula horretan ia denek errusiar sentitzen direla eta Errusiarekin bat eginda pozik bizi direla? Harrigarri egiten da.

Artikuluaren objektibotasunaren neurria berriz ikus daiteke Putin presidentearengatik “Kremlineko maizter etengabea” -mespretxu ikutuz- dela esaten denean. Nazioarteko politikan aditua den batek jakin beharko luke hauteskundeak irabaziz iritsi dela aldiro Putin goi karguetara. Eta ez du balio hango hauteskundeak ez direla demokratikoak esatea, zeren orduan hemengoetaz hasi beharko genuke eztabaidatzen.

Mendebaldeko komunikabide hegemonikoekin bat

Errusiak Ukraina “inbaditu” zuela esatean eztabaida oso mamitsua jartzen da mahai gainean. Zeren hau inbasio onartezina bada, ez al dira arrazoi beragatik salagarriak AEBek Vietnamen, Afganistanen, Iraken, Sirian, Libian -oraintxe Yemenen- eta hainbat lekutan egin dituenak? Idatzi honetan neurgailu ezberdina erabiltzen da Errusia eta AEBekin. Bestalde, berriz ere helburu susmagarriak erakusten dira “Ukraina ez zela eta ez dela Errusiarentzat mehatxua” esatean. Mesedez, NATOk bere arma estrategikoak Ukrainan jarriko balitu -Moskutik 4-5 minututara-, nola esan liteke Errusia ez dagoela arriskutan?! Artikulua ez dago argudiotan oinarrituta, apriorismoz eta aurreiritziz beteta baizik.

Mendebaldetarrok (sic) bezala, ukrainarrak esperantza galtzen hasiak dira” dio. Ausardia behar da mendebaldar guztiak zaku berean sartzeko. Ez dira kontutan hartzen Errusiaren garaipenarekin justizia Europan eta mundu osoan areagotuko dela itxaropenez ikusten dutenak. Europaren mendebaldean guztiok berdin pentsatzera eta Putin eta Errusiaren aurka jardutera bultzatu nahi gaitu artikuluak? Hala bada, bete-betean egiten du bat Mendebaldeko komunikabide hegemonikoetan egunero jasotzen ditugun mezuekin.

Urduri idatzitako artikulua

Gutxienez hiru aldiz aipatzen da artikuluan soldadu errusiarrekin batera “mertzenario” edota “paramilitarrek” dihardutela. Zergatik tematu behin eta berriz errealitate hori azpimarratzen errusiarren aldean, gauza jakina denean ukrainarren aldean beste hainbeste edo gehiago direla? Irakurleengan artikulu osoan zehar errusiarren aurkako fobia suspertu nahi dela dirudi, datuak horren zerbitzura erabiliz.

Guda ukrainarrentzat galdutzat eman eta gero, honelako bukaera ematen zaio artikuluari, amorruz: “Negua ez da samurra izango ukrainarrentzat (…) Putin, ostera, bero-bero eta goxo-goxo egongo da Kremlinean edota Moskutik Abjasiaraino dituen jauregietan. Badakielako datorren urteko martxoko hauteskundeetan inork ez diola aurre egingo. Saiatu dena hilda, erailda, kartzelan giltzapetuta edo beldurrez isil-isilik dagoelako”. Zelenskirengatik beste hainbeste esan liteke, Mendebaldetik gudarako bidali zaion dirua poltsikoratu ondoren Egipton bost milioi dolarreko luxuzko etxea erosi duela gaineratuz. Baita aipa liteke Ukrainako armadaren buru den Zaluzhniren laguntzaileen artean hildakoak izan direla ere. Haserretik eta urduritasunetik ezin da artikulu orekaturik idatzi. El Mundo, El País, El Español, Antena 3, Telecinco … horietan oso estimatua izanen litzatekeen artikulua da hau.

https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20240104/mugaldeko-lurraren-patua