*Aratz Estonba Iturriza
2024ko urtarrilaren 19an Europar Batasuneko Kontseiluak 2024/385 Erabakia1 eta honen garapenerako 2024/386 Erregelamendua2 onartu zituen. Bertan neurri murriztaileak ezartzen dira Hamas eta Palestinako Yihad Islamikoaren ekintzak babestu, erraztu edo baimentzen dituztenen kontra.
Aipatu araudietan azaltzen diren neurriek izaera ekonomikoa dute oro har; Hamas eta Palestinako Yihad Islamikoarekin harremana omen duten norbanako eta pertsona juridikoen zerrenda osatu eta hauen funts eta baliabide ekonomikoak ibilgetzeko agindua eman die EBko Estatuei. Era berean edozein funts edo baliabide ekonomiko zerrendan azaltzen diren horiei bideratzea debekatzen du.
Erabaki hauek nazioarteko santzioak direlakoen baitan kokatu behar ditugu3. Espainiako Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren arabera, nazioarteko santzioak funtsezko elementu bihurtu dira gaur egungo nazioarteko harremanetan, eta nazioarteko bake eta segurtasunaren kontrako mehatxua diren Estatu, entitate ez estatal eta norbanakoen kontra ezartzen dira hauen jarrera moldatu, bere posizioa ahuldu eta jarduna baldintzatzeko asmoz.
Deigarria da nola aipatu Ministerioak, santzioen definizioan, aipatzen duen indarkeria armatuaren ordezko tresna direla; eta ezinbestean Clausewitz datorkigu burura esaten zuenean gerra ez dela politikaren jarraipena baizik, nahiz beste bitarteko batzuez baliatzen den4. Izan ere neurri hauek ezin baititugu bereizi XX. mende amaieratik hona AEBek lideratutako bloque inperialistan5 garatutako politika antiterroristen testuingurutik.
Are gehiago, 2024/385 Erabakiak zehazten du 2001eko abenduaren 27an Kontseiluak hartutako jarrera bateratuaren ondorio dela honako hau6. Orduan, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak terrorismoaren kontra finkatu zituen hainbat estrategia zehaztu ziren, zehazki terrorismoaren finantzaketaren kontrakoak. Eta orduan izan zen Hamas eta Palestinako Yihad Islamikoa Europar Batasuneko talde terroristen zerrendan sartu zituztela7.
XX. mendearen amaieran garatutako dotrina antiterroristak 2001. urtean izan zuen inflexio puntua. Urte bereko irailaren 11n Al Qaedak New Yorkeko Dorre Bikien kontra egindako erasoak bide eman zion 90eko hamarkada amaieratik garatzen hasia zen dotrina antiterrorista berriari. Kasu honetan, politika antiterrorista eta gerra bateratu egin ziren, eta Irak eta Afganistanen kontrako erasoa ahalbidetu zuten, besteren artean. Oso adibide garbia da inperialismoaren beharren araberako erabilera nolakoa izan daitekeen ikusteko; izan ere, AEBek hartu zuen aitzindaritza, eta ardatz atlantista berriro ere indartu eta legitimatzeko baliatu zuen. Mendebalde demokratikoak bestelako herrialde ez zibilizatuen kontra egiten zuen guda zela ulertarazi zen. Adibide hori ere argigarria da terrorismo kontzeptuaren erabilera agerian uzteko, AEBek osatutako erakunde terroristen zerrendan Iran ere sartu baitzuten.
Era berean, eskubide eta askatasun murrizketak areagotu egin ziren, ezagun egin ziren Abu Ghraib edo Guantanamoko tortura irudiak, hegaldi ezkutuak, behartutako desagerketak… Horiek guztiak lehenago ere gertatzen ziren; gerora, ordea, demokraziaren izenean egin ziren, jendartean zilegitasunik ez zuen etsai baten kontra. Hala, jendearen kontzientzietan txertatzen hasi ziren terrorismoaren kontrako salbuespenen onurak eta demokrazia burgesak babestearen beharra. Are gehiago, hainbat kasutan legalki babestutako salbuespenak bihurtu ziren batzuk.
Honek ikusarazi behar digu klase zapaltzaileek zeinen tresna indartsua duten, beharrezko izatekotan edozein disidentzia mota deuseztatzeko, bestela esanda, indar korrelazioa bere alde jartzeko, modurik gordinenean. Horrenbestez, ezin da ezkutatu ideologiaren eremuan kokatzen dela terrorismoa zer den edo zer ez den ezartzea. Ondorioz, borroka ideologikoak berebiziko garrantzia du hainbat borrokaren zilegitasuna eta babesa lortu ahal izateko.
Testuinguru honetan, Europar Batasuna AEBrekin lerratu zen, beste behin ere. Finean, interes kapitalista berak dituztela (eta haien arteko balizko kontraesanak, bigarren mailakoak direla) agerian geratu zen, eta 2002an Kontseiluak Erabaki Markoa argitaratu zuen (2002/475/JAI). Bertan, terrorismoaren definizioa Estatu guztientzat finkatu eta 2002a amaitu baino lehen, haien legedietan terrorismoaren kontrako legedia berezia garatzea behartzen zituen.
Horren aurretik, Europar Batasunaren baitako sei estatuk soilik zuten terrorismoaren kontrako legedia berezia: Alemaniak, Espainiak, Frantziak, Italiak, Portugalek eta Erresuma Batuak, hauetan guztietan talde armatuen jarduna zen, eta legedia horixe hauen aurka egiteko garatu zela uler daiteke. Gainontzekoek delitu arrunt gisa zigortzen zituzten “talde terroristek” egindako ekintzak. Kontseiluaren Erabaki Markoaren garapenean ikusi ahal izan genuen nola Estatuek ere bata bestearengandik ikasi eta tresna errepresiboak partekatzen dituzten bakoitzaren esperientziaren irakaspenak trukatuz; hala, laborategi errepresibo bilakatzen dituzte haien Estatuak eta borroka antiintsurrekzionalak.
Europar Batasunak emandako urratsak Estatuek izan zitzaketen muga legal burokratikoak arintzea ekarri zuen. Modu itsuan lerratu zen iritzi publikoa terrorismoaren kontra eta demokrazia liberalen defentsan, eta, hori baliatuz, erakunde terroristen zerrendak osatu ziren. Tartean, Euskal Herriko Askapen Mugimenduko hamaika antolakunde zerrendatu ziren, baita munduko beste hainbat erakunde iraultzaile ere. Ondorioz, dagoeneko bazegoen jazarpen errepresiboa areagotu, eta disidentzien kontra aritzeko erraztasun handiagoak izan ziren (atxilotutakoak Estatuen artean entregatzeko erraztasunak, polizien jarduna Estatuen mugaz haraindi, Europol…)8.
Aipatutako zerrendak oraindik ere indarrean daude ikusi dugunez; bertan dago, adibidez, arestian aipatu talde palestinarretaz gain FPLP alderdia ere besteren artean. Eta ikusi dugunez funtzio politiko argia dute inperialismoaren statu quoa mantentzeko, herrien arteko elkartasun internazionalistaren kontrako erasoa baita bete betean.
Europako Kontseiluaren 2024/385 Erabakian eta 2024/386 Erregelamenduan jasotzen diren neurrien artean, finantzazio iturriak moztearekin batera, hainbat salbuespen zehazten ditu oinarrizko beharrizanetara bideratutako funtsei dagokienez edo Nazio Batuek onartutako erakundeak finantzatzeari dagokionez (guztiak behar humanitarioak asetzera bideratua: GKE…). Hau erabat lotuta dago diskurtso eta politika humanitarioen gailentzearekin eta edozein gatazkaren muin politikoa ezkutatu eta ezabatzearen asmoarekin.
Honekin batera, aztertu beharreko beste elementua da Erregelamenduaren 2. artikuloko 3. ataleko g eta h letretan zehaztutakoa. Artikuloaren atal honetan I Eranskinean zerrendatuko diren antolakunde eta norbanakoak sartzeko irizpideak finkatzen dira, eta letra horiek diotenaren arabera Hamas eta Palestinako Yihad Islamikoaren (edo haiekin harremana duen beste edozein antolakunderen) “izenean, haien kontura, haiei lagunduz edo haien partetik indarkeria ekintza larriak bultzatu edo publikoki eragiten dituzten egintzak burutzen dituztenak” (geurea da itzulpena) edo haiei “babesa ematen” (geurea da itzulpena) dieten norbanako edo antolakundeak zerrendan sartuko dira.
Aipatu azpiatalek diotena ikusita, nabarmen dezakegu nola gatazkaren muin politikoa agerian utzi eta dagokion eztabaida askapen nazional eta sozialaren terminoetan ematea kriminalizatzea duela helburu araudi honek. “Palestinar erresistentzia” terminoa erabiltzea bera, arrazoi nahiko litzateke idatzitakoaren arabera, zerrendan sartua izateko. Araudi honek ahalbidetzen baitu hura terrorismo ez izendatzea edo bere borrokaren jatorria eta helburuak analizatu eta azaltzea, Europar Batasunaren Kontseiluak terrorismoari babesa ematea edo indarkeria ekintza larriak bultzatzea egozteko adierazpenok egin dituenari.
Honek, palestinar herria subjektu pasibo gisa kokatzen du eztabaidan, Israelen gehiegikeriak jasateagatik giza laguntza behar duen biktima gisa. Ez inondik inora, bere askatasuna erdiesteko borrokan ari den herri gisa. Horrela ulertu behar ditugu Josep Borrell Batasuneko atzerri- eta segurtasun-politika erkideko goi-ordezkari eta Europako Batzordeko lehendakariordearen adierazpenak AEBei Israeli armak igortzeari uzteko eskatzean9.
Honek badu, gainera, bere ifrentzua, Europar Batasuneko eremuan edozein elkartasun internazionalista kriminalizatzeko orubea finkatzen baitu. Urritik hona hamaika izan dira ilegalizazio mehatxupean dauden antolakundeak, debekatutako mobilizazioak eta zigortutako lagunak. Batzuk zerrendatzearren:
- Urtarrilaren 25ean Amichai Chikli Israelgo Diaspora-Auzien eta Antisemitismoa Borrokatzeko ministroak, José Manuel Albares Espainiako Kanpo ministroari gutun bat bidali zion, preso palestinarrekiko elkartasunez jarduten duen Samidoun sarea; Masar Badil, Palestinako Bide Iraultzailearen Aldeko Mugimendua; eta Palestinaren Askapenerako Herri Frontea (PFLP, ingelesez) legez kanpo uzteko eskatu zion10.
- Azaroaren 2an Alemaniako gobernuak Samidoun sarea legez kanpo utzi eta disobaltu zuen11.
- Palestinari elkartasuna adierazteko manifestazioen debekua Estatu Frantsesean eta Alemanian “ordena publikoaren kontrako mehatxua” direla argudiatuta12.
- Pirinio Atlantikoetako Prefeturak Palestinaren alde antolatutako hainbat mobilizazio debekatu ditu13.
- Ertzantzak zigor prozedurak abiatu ditu futbol zelaietan Palestinako bandera erakusteagatik14, eta Palestinarekin elkartasuna adierazteko mobilizazioak ere erasotu ditu15.
Dinamika honek guztiak, elkartasun politikoa ekiditeko helburu argia du, esan bezala. Honekin, gatazkaren erroa zein den azalerazi eta eztabaida dagokion terminoetan eman dadila eragozten du, modu honetan izan daitekeen gatazkaren gainditze justu oro baztertuz, huraxe baketzera mugatuz.
AEBek gidatutako bloke inperialistak Palestina zapalduta behar du, eta honetarako eskura dituen bitarteko guztiak erabiliko ditu. Hala, pentsa dezakegu egoera bat non autodeterminazio eskubideaz hitz egitea ere kriminalizatua izan daitekeen.
Euskal herrian, 2024ko otsailaren 23an
Aratz Estonba Iturriza
1https://eur-lex.europa.eu/eli/dec/2024/385/oj
2https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=OJ:L_202400386
3https://www.exteriores.gob.es/es/PoliticaExterior/Paginas/SancionesInternacionales.aspx
4https://eu.wikipedia.org/wiki/Karl_von_Clausewitz
5https://thetricontinental.org/es/estudios-sobre-dilemas-contemporaneos-4-hiper-imperialismo/
6https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=CELEX%3A32001E0931&qid=1707841028245
7https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/?uri=CELEX%3A32001R2580&qid=1707841028245
8http://askapena.eus/node/3802
9https://www.youtube.com/watch?v=XFUb_-FbVg0
10https://www.argia.eus/albistea/samidoun-sarea-legez-kanpo-utz-dezala-eskatu-diote-sionistek-espainiako-gobernuari
11https://samidoun.net/es/2023/11/el-gobierno-aleman-ilegaliza-y-disuelve-la-red-internacional-de-solidaridad-con-los-presos-politicos-samidoun/
12https://gedar.eus/aktualitatea/palestinari-elkartasuna-emateko-mobilizazioak-debekatu-dituzte-frantzian-eta-alemanian/
13https://www.berria.eus/euskal-herria/palestinaren-aldeko-bi-manifestazio-debekatu-ditu-prefeturak_234479_102.html
14https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/deportes/2023/10/16/ertzaintza-multara-aficionado-eibar-mostro-7389584.html
15https://irutxulo.hitza.eus/2024/01/12/ozen-salatu-dute-erakundeen-eta-israelen-arteko-konplizitatea/