Donetskeko Herri Errepublikako bandera San Mamesen ateratzeagatik, pertsona bat epaituko dute apirilean

2022an kanporatu zuten Bilboko futbol-zelaitik, eta, berekin elkartasunez, hainbat pertsonak egin zuten alde. Hainbati ezarri zizkieten 3.000 euroko isunak gerora. Apirilaren 10ean, kanporatua izan zen pertsona epaituko dute Bilbon.

*GEDAR Langile kazeta

Bilboko (Bizkaia) San Mames futbol-zelaian, Donetskeko Herri Errepublikaren bandera bat atera zuen pertsona batek 2022ko urrian, Athletic-Atletico Madril partidan. Horren ondorioz, bertako polizia-indarrek kanporatu egin zuten estadiotik, norgehiagokaren 70. minutua igarotzean. Bandera eraman eta lapurtu egin zuten, gainera.

Hainbat lagunek babestu zuten kanporatua izaten ari zen zalea, eta, berekin elkartasunez, une horretan bertan egin zuten alde San Mamesetik. Euskal Herria-Donbass Elkartasun Komiteak 2023ko urtarrilean jakinarazi zuen, horren harira, zigorrak jarri zizkietela hainbat zaleri: 3.000 eurorainoko isunak eta gutxienez urtebetez kirol-guneetara sartzeko debekuak.

Orain, Donetskeko bandera atera ostean futbol-zelaitik kanporatua izan zen pertsona epaituko dute. OTAN Ez plataformaren esanetan, datorren apirilaren 10ean egingo diote epaiketa, Bilbon. Auzipetuak iaz azaldu zuen 10.000 eurorainoko zigor bat eskatzen zutela beretzat, eta masa-hedabideetako “jazarpen mediatikoa” salatu zuen.