Bi urteko lokamutsa

Pablo Gonzalezen aldeko babes taldearen ustez, «lotsagarria» da Espainiako Gobernuak auzi honetan duen jarrera. Espainiako Atzerri Ministerioak, aldiz, esan du dena «legediaren barruan» egiten ari dela.

*Gotzon Hermosilla / BERRIA

Errusiako armada Ukrainan sartu eta hurrengo egunetan, Ukrainaren eta Poloniaren arteko mugan zegoen Pablo Gonzalez euskal kazetaria, gerrak eragindako migrazio krisiaren berri emateko. Otsailaren 28an, Poloniako Barne Segurtasuneko Agentziako poliziek atxilotu egin zuten, Przemysl hirian, eta, handik gutxira, Poloniako justizia sistemak espetxera bidali zuen, Errusiaren aldeko espioitza egitea leporatuta. Bihar bi urte beteko dira Gonzalez atxilotu zutenetik, eta, denbora tarte horretan, espetxean egon da, haren kontrako frogarik ez dute aurkeztu, ez diote epaiketarik egin, eta horretarako datarik ere ez du ezarri auzia daraman auzitegiak.

Zortzi aldiz luzatu diote Gonzalezi behin-behineko espetxealdia; azkena, joan den otsailaren 16an. Hiru hilabetekoak izaten dira luzapenak, eta, beraz, datorren maiatzean erabaki beharko du berriro Lublingo Apelazio Auzitegiak Gonzalezen egoeraz. Kazetaria ia erabat inkomunikaturik dago Radom segurtasun handiko espetxean: ziegako kideekin baino ezin du hitz egin, halakoak egokitzen zaizkionean —tarte batzuetan bakarturik egon da ziegan—; telefonoz abokatuekin baino ezin du harremanik izan, eta debekaturik du familiarekin telefono edo Skype bidez hitz egitea; eta bi urte hauetan, senitartekoen bi bisita baino ez ditu izan; azkena, joan den ekainaren 16an.

Gonzalezen senide, lagun eta lankideek Free Pablo Gonzalez izeneko babes taldea osatu dute, haren egoeraren berri eman, eta Poloniako eta Espainiako gobernuei auziari irtenbide bat eman diezaiotela eskatzeko. Juan Teixeira kazetari eta argazkilaria da horren bozeramailea: «Pablo fisikoki ondo dago; eskutitzetan esaten digunez, gimnastika egiten aritzen da ziegan duen leku murritzean, baina elikadura arazoak ditu, ematen dioten janaria oso eskasa delako, eta azalean ere arazoak izan ditu. Hotz handia pasatzen du».

Teixeirak dioenez, gertukoentzat «amesgaiztoa» izaten ari da Gonzalezekin gertatutakoa: «Atxilotu zutenean, pentsatu nuen astebeteko kontua izango zela, gauzak argitu bitartean. Behin ere ez nuen pentsatu bi urte geroago horrela egongo ginela. Susmoak izatea edo ikertu nahi izatea ulergarria izan daiteke, baina guztiz onartezina da bere lana egiten ari zen herritar bat Europan bi urtez espetxean egotea haren kontrako akusazio formalik ere aurkeztu gabe. Hauxe berau Ipar Korean gertatu izan balitz, ikaragarrizko eskandalu politiko eta mediatikoa izango litzateke».

Eskubideak «errespetaturik»

BERRIA kontaktuan jarri da Espainiako Atzerri Ministerioarekin, Gonzalezen auzian duen jarreraz galdetzeko. Ministerioak erantzun du adierazteko duten guztia Jose Manuel Albares Atzerriko, Europako Batasuneko eta Kooperazioko ministroak azaldu zuela otsailaren 5ean, Espainiako Kongresuan egin zuen agerraldian. Orduan, Albaresek esan zuen Gonzalezen eskubide guztiak «guztiz errespetaturik» izaten ari direla: «komunikazio eskubidea, kontsularen bisita izateko eskubidea, abokatuen defentsa jasotzekoa, senideekin komunikazioak izan eta haien bisitak jasotzeko eskubidea, eta leporatzen dizkieten karguak ezagutzekoa». Ministroak erantsi zuen dena egiten ari dela «EBko kidea den estatu baten legediaren barruan», eta Espainiako Gobernuak «erne» jarraituko duela.

«Albaresek hasiera-hasieratik susmoak barreiatu ditu Pabloren aurka, eta haren errugabetasun presuntzioa urratu du», esan du Teixeirak. Ministroak Kongresuan egindako adierazpenak, berriz, «lotsagarriak» begitantzen zaizkio: «Begien bistakoa da gezurretan ari dela. Non dago senideekin komunikazioak izateko eskubide hori, semeekin hitz egiten ere ez badiote uzten? Behin eta berriro eskatu dugu semeek bideokonferentzia bidez aitarekin hitz egiteko aukera izan dezatela, eta aukera hori ukatu egin dute. Bi urte daramatzate aita ikusi gabe».

Zenbait hedabideren jarrerarekin ere «kezka» dute babes taldeko kideek, are gehiago kontuan izanda Gonzalez kazetaria dela eta hedabide haietako zenbaitekin kolaborazioak egin dituela: «Isiltasun mediatiko handia dago. Badakigu CNI [Espainiako zerbitzu sekretuak] eta Atzerri Ministerioko kideak zenbait hedabidetako erredakzioetan egon direla. Hedabide handiek albo batera utzi dute gaia».

Bihar, bigarren urteurrenaren harira, Gonzalezen aldeko babes taldeak eskutitz bat igorriko dio Albares ministroari, azalpenak eskatzeko: «Bidaltzen diogun zortzigarren gutuna da; orain arte ez dugu erantzunik jaso». Horrez gain, elkarretaratzea egingo dute Madrilen. Euskal Herrian ere izango da mobilizaziorik: Gernikan (Bizkaia) manifestazioa egingo dute 19:00etan, Gernika Memoriaren Lekuko elkarteak deituta. Dirua biltzeko kanpaina bati ere ekin diote, auziak dakartzan gastu handiei aurre egin ahal izateko: «Eskatzen dugun bakarra da Pabloren oinarrizko eskubideak errespetatzeko, eta epaiketa ahalik eta lasterren egiteko, berme guztiekin bere burua defendatzeko aukera izan dezan».