AEBetako Senatuak Ukrainarentzako diru sail bat aztertzen hastea onartu du. Ukrainako Gobernuaren arabera, ekipamendu militarraren gabeziak eragozten die gudu zelaian epe luzerako planifikazio bat egitea.
*Igor Susaeta / BERRIA
Diru eske ari da Ukraina, eta AEBetako Senatuak onartu du, gaur iluntzean, Joe Biden Etxe Zuriko maizterrak nahi bezala, Ukrainarentzako 60.000 milioi dolarreko diru sail bat —55.000 milioi euro inguru— emateko lege proiektu bat aztertzen hastea, arlo militarrean erabil dezan. 67 senatarik bozkatu dute alde, eta 32k kontra. Hori bai, aurreko igandean demokratek eta errepublikanoek adostutako testuarekin alderatuta aldaketak egin dituzte, zeren ez daude jasota saila onartzearen truke errepublikanoek migrazio politikan eskatutako neurri gogorragoak, esaterako. Hurrengo egunetan dira testuaz eztabaidatzekoak, eta gaur alde bozkatu duten errepublikanoek baldintza bat jarri dute prozesua ahalbidetzearen truke: testuan aldaketak egiteko aukera edukitzea. Israeli ere 13.000 milioi euro ematea jasotzen du proiektuak. Jatorrizko testuari, Ukrainari laguntza migrazio politikak gogortzearekin lotzen zuenari, atzo itxi zion atea Senatuak.
Eta atzo han gertatutakoaren ondoren, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen aholkulari Mikhailo Podoliakek adibide bat eman du erakusteko nola ari diren aurre egiten Errusiari. Haren esanetan, Errusiako tropak artilleriako 10.000 jaurtigai inguru erabiltzen ari dira egunero gudu zelaian, eta Ukrainakoak, berriz, 1.500-2.500. Iruditzen zaio gabezia horrek eragozten diela epe luzerako plangintza bat egitea. «Argi baduzu hurrengo hilabeteetan edukiko duzula, esate baterako, irismen luzeko misil kopuru bat, planifikatu dezakezu azpiegituretako zer helbururi eraso egin lurralde okupatuetan. Aldiz, defizit bat baduzu eta ziurtasunik ez dagoenean, soilik gerra defentsibo bat egin dezakezu, eta horrek Errusia pizten du», nabarmendu du gaur Kieven, Erresuma Batuko The Guardian egunkariak jaso duenez.
Alderdi Demokrataren senatari taldeko buru Chuck Schumer pozik agertu da behe ganberak hartutako erabakiarekin, eta nabarmendu du «lehen pauso bat» dela. Schumerrek lotzen du Ukrainarentzako laguntza hori «AEBen segurtasuna» indartzearekin. Adierazi du lege proiektua baztertzeak ekarriko zuela «autokraten oilartze bat». Xi Jinping Txinako presidentea eta Vladimir Putin Errusiako jarri ditu adibide gisa. «AEBen gainbehera besterik ez dute nahi». Errepublikanoek agindu dute, dena dela, tramitazioari oztopoak jarri dizkiotela.
Kieven aldetik Mendebaldean entzuten ari diren mezua da ez dela nahikoa azkeneko bi urteotan jasotzen ari diren laguntza militarra. Josep Borrell EB Europako Batasunaren diplomaziaburua Zelenskirekin eta, besteak beste, Defentsa ministro Rustem Umerovekin batzartu zen atzo. 2027ra bitartean Ukrainari laguntza ekonomikoa, militarra, diplomatikoa eta humanitarioa emateko 50.000 milioi euroko diru sail bat onartu zuten EBko estatu kideek aurreko astean, eta Kievek eskerrak eman dizkio talde komunitarioari. Hori bai, Borrelli gogorarazi zioten, zenbait hedabidek bilerako iturriak aipatuz kaleratu dutenez, ez dizkietela milioi bat jaurtigai emango martxorako, iazko maiatzean EBk iragarri moduan.