*Jon Torner Zabala / ARGIA aldizkaria
Eurovision-ek, bere burua «apolitikotzat» duen lehiaketak, nahiz eta, esaterako, 2022an NATOk berak Ukraina zoriondu zuen eta iaz Errusiari parte hartzea debekatu zitzaion, ez du aurten Israel kanporatuko, hainbat musikari eta eragilek hala eskatu duten arren.
Bereziki Europa iparraldeko herrialdeetatik heldu dira Israeli boikota egiteko deiak. Islandia, Suedia eta Finlandiako hainbat artistak eskatu dute haien herrialdeek txapelketan ez parte hartzeko, baldin eta antolatzaileek Israel kanporatzen ez badute; eta Norvegiako telebista publikoaren ateetan protestak izan dira. Hain justu, 2019an, Eurovisionek isuna jarri zion Islandiari, bozketa-fasean herrialde hartako musikariek Palestinako bandera erakutsi zutelako.
Suedian, mila artistak baino gehiagok eskatu dute Israeli betoa jartzeko. Tartean dira, esaterako, Robyn, First Aid Kit edota Eurovisionen parte hartu duten Malena Ernman eta Eric Saade. Aftonbladet egunkarian gutuna plazaratu dute musikariek. Salatu dutenez, gatazka batzuk eta besteak desberdin neurtzen ditu lehiaketaren antolatzaileak (Europako Irrati-Telebista Batasunak), eta horrek haren sinesgarritasuna «ahultzen» du. Gaineratu dute giza-eskubideak errespetatzen ez dituen herrialderi ongi-etorria egiteak biktimen sufrimendua ikusezin bihurtzen duela.
Eurovision 1956an egin zen aurrenekoz, eta Israel 1973an batu zitzaion txapelketari.