*Asier Blas Mendoza / ARGIA aldizkaria
Gutxik sinesten dute 2024an Ukrainako gerra amaituko denik, horretarako bake itun bat beharko litzateke, eta agertokiak hori baino zerikusi handiagoa izan dezake su-eten edo armistizio iraunkor batekin AEBek horrela nahi badute. John Mackinder (1861-1947) geopolitika anglosaxoiaren oinarriak jarri zituen geografoak zioen Ekialdeko Europa gobernatzen duena nagusitu egingo dela Eurasiako bihotz kontinentalean (Heartland) eta hori kontrolatzen duenak planetako uharte nagusia (Eurasia) menderatu eta, beraz, mundua bera zuzenduko duela. Horregatik, geopolitologo anglosaxoientzat beti izan da garrantzitsua potentzia kontinentalen arteko aliantzak eragoztea. Beraien ikuspegitik, Eurasia zatitua eta liskartsua dagoen bitartean itsasoko potentzia anglosaxoiek nagusitasuna izango lukete.
Mackinder britaniarrak beldurra zion Errusiaren eta Alemaniaren arteko edozein motatako lankidetzari, horregatik, oztopatu behar zela zioen. Beldur hori, besteak beste, Nicholas J. Spykman, George F. Kennan, Henry A. Kissinger edo Zbigniew Brzezinski geopolitologo estatubatuarren artean ere zabaldu zen. Kissingerrek, adibidez, Txina eta SESBen arteko elkarlana oso arriskutsua zela iritzita, Txinarekin aliantza bultzatu zuen Pekin-Mosku ardatza hausteko.
Logika horretan ulertu behar da azkeneko urteetako Ukrainako gerra, horri esker AEBek helburu nagusietako bat lortu dute: Alemania (Europar Batasuna) eta Errusiaren arteko edozein aliantza mota luzarorako haustea. Baina, trukean, Txina eta Errusiaren arteko lankidetza indartu egin da eta horien lidergopean integrazio eurasiarrak aurrera egin du. Horrelako egoerei aurre egiteko, geopolitologo iparramerikarrek garatu zuten teoria da Heartlanda kontrolatzea ez dela hain garrantzitsua, baldin eta potentzia kontinentalei kostaldeetarako beraien proiekzioa oztopatzen bazaie.
Spykmanen ustez, funtsezko eremua ez zen Heartlanda, baizik eta Eurasiako kanpoko gerrikoa diren kostaldeak (Rimland). Rimlandak garrantzi handia izango luke, pisu demografikoagatik, baliabide naturalengatik eta garapen industrialagatik. Horrela, Spykmanek Mackinderren logika aldatu zuen esanez Rimlanda kontrolatzen duenak Eurasia gobernatzen duela, eta Eurasia kontrolatzen duenak munduaren patua zuzentzen duela. Spykmanek uste zuen AEBek Rimlandeko estatuak kontrolatu edota desegonkortu behar zituztela, superpotentzia gisa nagusitzeko eta, horrela, mundua menderatzeko. Horrek esplikatzen du historikoki AEBen interes gerrazalea Rimlandean egotea: Korea, Vietnam, Afganistan, Irak, Jugoslavia, Ukraina… eta Palestina.
Palestina beste atal bat da, baina ez nolanahikoa. 1986an Joe Biden senatariak AEBetako kongresuan azaldu zuen AEBek Israeli emaniko dirulaguntzak oso eraginkorrak zirela Tel Avivek paper oso garrantzitsua jokatzen duelako Washingtonen hegemonia eraikuntzan eta erantsi zuen Israel existituko ez balitz, AEBek asmatu beharko luketela eskualdean dituzten interesak babesteko.
Israel bere garrantzi geoestrategiakoaz jakitun da, gainera biderkatu egin da AEBen dekadentzia hasi zenetik. 1990eko hamarkadan Washingtonek, arabiar herrialdeen artean bere hegemonia indartzeko estrategia gisa, israeldarrak palestinarrekin negoziatzera behartu zituen bi estatuen logika hala nola bideragarri egiteko. Egun, aldiz, Tel Avivek badaki Palestina deuseztatzeko hartu beharreko erabaki odoltsuenak hartuta ere Washingtonek irentsi beharko dituela, Israel ezinbestekoa zaiolako nazioarteko nagusitasuna eusteko borondate liskartsuan.