*Joan Mari Beloki Kortexarena / Euskal Herritik bloga (BERRIA)
NATO Ukrainatik kanpo
Guda irabazten duenak finkatzen ditu bake-hitzarmenaren baldintzak. Kasu honetan, ez da zalantzarik NATO Ukrainan ez sartzea izanen dela Errusiak negoziazio-mahaiaren gainean ipiniko duen bakerako lehen baldintza. 1991tik ari zen NATO ekialderantz zabaltzen, ordura arte Sobiet Batasunaren baitan izan ziren herrialde gehienetan sartzea lortu zuelarik. 2014an Ukrainan izan zen estatu kolpea yankiek antolatu eta finantzatua izan zen, Errusia ahultzea lehenik eta haustea gero, helburu aitortua zelarik. Horretarako Ukraina NATOren barruan behar zuen. Errusiak bazekien -nola ez- bere bizia eta etorkizuna jokoan zirela eta Ukraina NATOn ez sartzeko marra gorria ezin zien gainditzen utzi.
Errusiak bere helburua lortuko du, NATO Ukrainatik kanpo geratuko da eta … zer etorkizun geratuko zaio NATOri? Gogora dezagun erakunde hau II. Mundu Gerra amaituta sortu zela, Sobiet Batasunaren sistema sozialistaren balizko zabalkundeari aurre egiteko. Eman dezagun ontzat defentsa ekimena izan zela, ez erasokorra, eta lau hamarkadaz zentzu horri eutsi ziola Sobiet Batasunaren aurka «Guda Hotza» garatu zuen bitartean. 1991an, Sobiet Batasuna desegin zelarik, jarrera erasokorragoari ekiteko aukera erraza ikusi zuen eta hala egin zuen ia Europako mendebalde osora hedatuz. Ukraina zen azken urrats garrantzitsua. Porrotaren ondoren zer etorkizun geratzen zaio NATOri?
Ba al du zentzurik gaur egun NATO bezalako erakunde batek? Defentsarako sortu bazen, norengandik edo zeinengandik defenditu behar dute Europako mendebaldeko Estatuek gaur egun? Errusiak hamaika aldiz ziurtatu du ez duela bere mugetatik harago zabaltzeko asmorik eta ez duela lur berririk konkistatzeko asmorik. Beraz, zentzurik gabe geratu den zerbait da gaurko NATO. Badira kontraesanak bere baitan eta etorkizunari begira galdera asko dute mahai gainean. Desagertzea aukeretako bat da.
Europako Batasuna eta Ukraina
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko Presidenteak hamaika aldiz esan dio Zelenskiri Europako Batasuneko ateak zabalik dituela bertara sartzeko, baldintza batzuk bete ezkero. Guda garaian esaten diren propaganda indartzeko mezu horietakoa da, zalantzarik gabe. Baina guda amaituta, gauza litekeen zerbait al da sarrera hori? Ukrainako azpiegiturak birrinduta daude, ekonomia zorpetuta gehiago ezin, administrazio osoa presidentearengandik hasita ustelkeriak jota, hamar bat milioi ukrainar herrialdetik kanpora joanak … Nork hartuko du zerrenda luze horri aurre egiteko ardura? Nork ordainduko ditu Ukraina bere kasa bizi ahal izan dezan egin beharko dituen inbertsio erraldoiak? Alemanian egindako ikerketa batek 200.000 milioi €ko gastua aurreikusi du. Aurrez beste 100.000 milioi € gastatu dira. Zenbana € jarri beharko dugu mendebaldeko europar bakoitzak? Onargarria al da hori? Hungaria, Austria eta Eslovakiak dagoeneko ezetz esan dute. Ea besteok ikasten dugun.
Europako Batasunako kideek nahiko diru galdu dute dagoeneko guda honetan zehar Ukrainari lagunduta. AEBek munduko beste lekuetako guda guztietan bezala negozio handia egin dute. Europako Estatu guztietako arma biltegiak berriz betetzen bakarrik … a zer pagotxa! Horri erantsi Errusiari petrolioa eta gasa erostea debekatu eta gero zenbat gehiago saldu duen berak. Europa, yankien morroi itsua izateagatik, diru asko galdu du eta ez dago gehiago galtzeko baldintzetan. Yankiak dira Ukrainari laguntzeko baldintza hoberenak dituztenak. Baina Ukraina bost axola zaiela garbi dagoenez … Huts egindako Estatu bezala geratzeko arriskutan da Ukrainaren azken kondarra.
Zergatik Errusiaren aurkako guda hau?
Sobiet Batasuna bazen bitartean uler zitekeen Europako mendebalde honetan mesfidantza izatea Inperio harekiko. Inguru hauetan sistema kapitalista indartsua zegoen eta Europako ekialdean sistema sozialista, indartsua hau ere. Alde honetakoak zintzoak ziren eta hangoak gaizto, noski. Premisa horrekin NATOk defentsarako ezinbesteko tresna bezala zentzu osoa zuen. Baina 1991n Sobiet Batasuna desagertu ondoren, geratu zen Errusia kapitalista eta ustelkeriak jotako baten aurrean non zegoen arriskua? Errusiar Federazioa oso egoera ahulean geratu zen eta ez zegoen inoren aurka ekiteko moduan. Beraz, Errusia arriskutsua inorentzat ez bazen, zergatik joan hurbilduz NATO bere mugetara eten gabe?
Zuri kalte egiterik ez duen ahul baten aurka jotzen baduzu, zuk berari hozka egiteko asmoa duzulako da. Politikan hala izaten da eta NATOk honela jokatu du 32 urte hauetan. Azken urtean gako bat argitu digute AEBetatik iritsi zaizkigun mezu desberdinen bitartez: «Errusia militarki ahuldu nahi dugu eta guda bat irabazteko aukerarik gabe utzi. Jarraian, Errusiako Federazioa lehertzea etorriko da, hamaika pusketan banatuko eta bertako aberastasunak eskuratzeko aukera izanen dugu». Hitz horiekin azaldu digute garbi aski yankiek zergatik antolatu zuten «Euromaidan» lehenik eta guda hau gero.
Errusiak babes handia munduan zehar
AEBek lortu dute guda honekin bilatzen zuten helburuetako bat: Errusia eta Europako mendebaldeak zituzten harremanak etetea. Ofizialki behintzat. Milaka zigor ekonomiko desberdin jarrita Errusiaren ekonomiak krak egitea espero zuten. Putin Gobernutik botako zuten eta, arestian esan dugun bezala, Errusiako Federazioa pusketan apurtuko. Baina tiroak huts egin die. Europako mendebaldearekiko harremanak moztea lortu dute bai, baina Errusiak orain -diplomazia ariketa izugarria egin eta gero- une honetan adiskide berri ugari lortu du nola Asian (Txina, India…) hala Afrikan eta Hegoamerikan ere.
AEBek beren zigor politikarekin izutu egin dute Estatu ahul asko eta egunetik egunera gehiago dira dolarraren mundutik aparte negoziatzen hasi diren herrialdeak. Yankiek dolarra darabilte zigorrak jartzeko beren politika jarraitzen ez duten Estatuei eta aurrera begira, dolarrari bizkar ematen ari zaizkion herrialdeen kopurua handitzen ari denez, dolarraren beraren etorkizuna iluntzen ari da. Prozesu honetan Ukrainako gudak zeresan handia izan du eta ikusteko dago desdolarizazio honen bilakaera. Errusia eta Txinak lideratzen duten BRICS izenez ezagutzen den elkargoa zabaltzen eta indartzen ari da, gero eta herrialde gehiago ari da bertan sartzeko eskaera egiten eta denek arma nagusitzat desdolarizazioa hartu dutela azpimarratu behar da.