Testuingurua

*J. Agustin Ozamiz

Testuinguruak lotzen ditu adimenaren arlo desberdin batzuk. Horrela, informazioa prozesatzeko mekanismoak, mezuaren edukia eta formatua lotzen ditu. Baita ere lotzen ditu markoekin neuronak eta adimenean dauden mezuek aktibatzen dituzten neuronak, komunikazioaren arloan. Horrek garrantzi berezia du burmuinaren egitura aztertzeko.

Manuel Castellsek deskribatzen du jendeak nola hautatu eta interpretatzen dituen komunikabideetako albisteak. Izan ere, ikusleek arreta guztiz desberdina ematen diete albisteak kontatzeko modu desberdinei. 1986-2003 Pew-en inkestaren arabera, Graberek erakusten du Estatu Batuetako hedabideek kontatutako istorioen %7k soilik lortu zutela jendearen arreta mantentzea. Istorio aipagarrienak kontsumitzaileen segurtasuna mehatxatzen zutenak edo gizarte-arauak urratzen zituztenak ziren. Beldurra eragiten duten egoerek erakartzen dute publiko gehien.

Edozein baieztapen ez da ezer testuinguru zehatz barik. Lehorrean igerian ikastea bezala da testuinguru zehatz barik hitzak erabiltzea.

Horrela ba, euskalgintzarako politikoki estatua behar izatea edo euskalgintza instituzionalizatzeko ideiei nazi izaera ematea oso okerra izan daiteke. Oso arriskutsua da, testuinguru zehatz barik, nazi eta faxista edonori deitzea. Gainera, nazi eta faxista hitzei esangura sakona kentzen zaie.

Soziologikoki edozein azterketa egiteko, testuingurua kontuan eduki behar da. Joan zen mendearen amaiera arte esaten zen, soziologian, estatuko testuingurua kontuan eduki behar zela edozein azterketa soziologiko egiteko. Baina, gaur egun, testuingururik egokiena nazioarteko testuingurua da. Beraz, nazioarteko testuingurua kontuan eduki behar da edozein azterketa soziologiko egiterakoan.

Ez da hau lekurik egokiena baieztapen horren arrazoia azaltzeko, baina bizpalau adibide eta arrazoi aipatuko ditut.

Medikuntzak gizateriaren historia osoan baino gehiago aurreratu du azken 50 urteotan. Eta hurrengo hamar urteetan, ziurrenik, azken 50 urteetan bezainbeste aurreratuko du. Baina gizarte zientziak beste kontu bat dira. Badirudi zientziaren eta gizarte antolakuntzaren artean alderantzizko erlazio proportzionala dagoela. Joan zen mendearen erdialdean aurreikusten zen gaixotasun mota asko aldatuko zirela eta gaixotasun berriak agertuko zirela, ingurugiroa aldatzen ari zelako. Material berriak erabiltzen ari ziren janzteko, etxeak egiteko eta autoak eta janariak egiteko ere bai. Intsektizida desberdinak erabiltzen ari ziren janariak ziurtatzeko eta intsektuak ekiditeko. Era guztietako material berriak erabiltzen ari ziren gure inguruan, eta, ondorioz, gaixotasun batzuk forma desberdinak hartuko zituztela eta gaixotasun berriak agertuko zirela aurreikusten zen. Esate baterako, Osakidetzako testuingurua orain eta orain dela 40 urte oso desberdina da, lehendakariak aipatu zuen moduan, baina ez bakarrik hiritarren adina zahartu delako, baizik eta beste funtsezko faktore batzuek eragina dutelako osasun sisteman. Esate baterako, teknologiak, profesionalen jarrerak eta antolamendu erak asko aldatu dira.

Txinako kasua berezia eta oso esanguratsua da arlo honetan. Txina mundu osoko herrietatik kutsagarriena da, baina, era berean, inor baino obra gehiago egiten ari da berotze globalaren aurka. Baina ezin ditu gaixotasunak gutxitu. Txinak mundu osoko tuberkulosi txarrenaren intzidentzia handiena du, 740.000 gaixo zeuden Txinan ihesarekin. 2009an SARS infekzioarekin munduko infektatuena Txina izan zen. 2005ean esne tindatuaren eskandalua zabaldu zen, eta pozoitutako errekena ere bai. Zentraleko liderrak zein eskualdeetako liderrak osasun publikoko problema horiek estaltzen saiatu ziren, David Shambaughen arabera. Berak idatzi zuen, nahiko zehatz, Txinako estatistikari eta berezitasunei buruz 2012an, China goes global, the parcial power izeneko liburuan.

Badirudi Txina aurrerabide handiak egiten ari dela, globalki, ekonomian eta obra publikoetan, baina, indibiduoaren portaera eta jarrerak direla eta, arlo batzuetan, ez dute aurrerapen handiegirik lortzen politika orokorraren kontraesanagatik. Horrela, kulturan eta osasun publikoan ez dute aurrerapen handirik lortzen. Neu naiz, nolabait, horren lekuko, zeren eta Deustuko Unibertsitatean zuzentzen nuen master europarrean, osasun sistemak direla eta, hainbat txinatarrek nahi izan zuten etorri master hori egitera, baina agintariek ez zieten utzi. Debeku horren arrazoiak geroago ulertu ditut, Txinaren egoeraz liburu batzuk irakurri ondoren.

Beste adibide bat: Gazan gertatzen dena ulertzeko nazioarteko egoera ezagutu behar da. Gaza eta Israelen istorioak ere kontuan eduki behar dira testuingurua ondo markatzeko, baina kontuan ez badira izaten Errusia eta Txina munduko boterea berregituratzeko egiten ari diren ahaleginak, ez da ezer ulertuko. Estatu Batuak norabide berria jartzen ari dira Pekinen aurrean, eta Iran indartzen ari da Mendebaldeko ereduaren aurka. Hegoaldea globalki mobilizatzen ari da berregituratze global honetan, eta egoera oso kritikoa da geopolitikoki. Testuingurua ulertzeko, ohartu behar da Iran gero eta asertiboagoa dela. Obamarekin sinatutako akordioetatik urruntzen ari da Iranen jarrera, eta gaur egun armak hartzeko prestasun handiagoa dauka.

Hamas eta Israelen arteko gerra ezin da ulertu nazioarteko testuinguruan gerra gehiago daudela kontuan hartu gabe, hala nola Ukrainan, Nagorno-Karabakh-en, Sirian, Libian, Sahel-en eta Saharaz hegoaldeko Afrikan gertatzen ari dena.

Jakina, leku bakoitzean gerraren arrazoiak desberdinak dira, baina egoera egonezina da. Leku guztietan giroa antzekoa da, jarrera aldaketak eta gogorkeria zabaltzen ari dira, eta ondorioz, krisia hedatzen ari da Europaren inguruan. Europaren zeregina eta Europaren pisua aldatzen ari da munduko botere globalean.

Politikak oso eragin handia dauka gizakiaren gogoan, gizakien sentipen sakonengana heltzen da politikaren eragina. Horrela, adibidez, ezin da osasun mentalaren sustapena planifikatu ez bada kontuan hartzen hizkuntzaren egoera. Oso desberdina izango litzateke osasun mentalaren planifikazioa elebitasuna nagusi balitz, edo diglosia, edo eleaniztasuna. Osasun mentala eta hizkuntza oso lotuta daude, hizkuntza osasun mentalaren testuingurua baita.