*Hedoi Etxarte / BERRIA
Günther Andersen bizitzako kezka lerroetako bat izan zen armaz eragindako heriotza. Jendea hiltzea. Armak. Botoiak. Detonazioa. Armagintza eta teknologia. Gorrotoari buruzko testu bilduma bat ere argitaratu zuen eta Hannah Arendten gaizkiaren hutsaltasuna-ri ifrentzua asmatu zion: ongiaren hutsaltasuna.
Ifrentzua azaltzeko Lehen Mundu Gerran Breslavian artilleroek zuten ospeaz aritu zen. Antza, hiri militar hartan artilleroei gure artillero maiteak esaten zieten; oso kolokazio ezaguna egin zitzaidan, eta Breslavian bezain irregularra gurean ere, gure arrantzaleak esaten da baina ez gure Volkswagen eta Mercedeseko kateko langileak.
Andersek azaltzen du artilleroen ospe onak harremana zuela etsaiekin zuten harremanarekin. Infanteriakoek ez bezala, artilleroak ez zituen bere helburuak ikusten, izatekotan ñimiñoak ziren, irudikatu behar zituen. Ikusten ez zituztenez, inolako gorrotorik gabe hil zitzaketen milaka lagun. Jauzi bat gehiago planteatu zuen Andersek: Bigarren Mundu Gerrako bonbarderoetako pilotuek ere ez zuten inolako gorrotorik. Erresuma Batuko eta munduko armada askotako hegazkin unitateek klasearekin ere lotura izaten zuten, lokatzetan egon beharrean zeruetan zeuden, inolako gorrotorik gabe, ez zuten borrokarik ere egiten, suntsitzea zen haien lana, «ez haien modukoak hiltzea, baizik eta instalazioak, hiriak, populazioak» ezerezten zituzten.
Distantziak suntsiketaren historian badu logika bat (zenbat eta urrutiagotik hil, orduan eta errazago asumi dezakegu). Baina horrek, ezinbestean, badu Andersek planteatzen ez duen beste ifrentzu bat ere. Zer gertatzen da kontrako kasuan, intimitaterik sakonenarekin sortzen den indarkeriarekin, bizitza, sexua eta birsortzea partekatzen duzun hori denean hildakoa. Ez ote dago hor, gerra nuklearraren garaian, balizko paradoxa bat. Andersek dio egungo misilek ez dutela begirik eta gaur egungo égalité-a dela «zibilak militarrak hiltzeko eskubide berarekin hil daitezkeela». Hori du hiltzeak, egin daiteke gorrotoz, maitasunez eta indiferentziaz.