Madril, 1939. Hiria frankisten esku erori baino lehen, munduko faxismoaren aurkako hiriburutzat jotzen zen, gobernu errepublikarraren propaganda eta gerra garaian handik pasatako intelektual antifaxista ezagunak medio. Garaileek hiriburua Sevillara, Salamancara edo Burgosera aldatzea pentsatu zuten, Madrilen kutsu hartatik libratzeko. Baina Madril bera aldatzea erabaki zuten. Handik aurrerakoak Madrid, metrópolis (neo)fascista («Madrid, metropoli (neo)faxista», Crítica, 2023) liburuan bildu berri ditu Pablo del Hierro historialariak.
*Nagore Irazustabarrena Uranga / ARGIA aldizkaria
Madrildarra izaki, gaztetan muturreko eskuinak hirian zeukan eragina ikusi zuen Del Hierrok. Besteak beste, futbol zelaian zegoen Atlético de Madrid bere talde kuttuneko zale faxistek Aitor Zabaleta hil zutenean. “Nire buruan geratu zen hori, eta arrazoi bakarra ez den arren, liburua idaztera bultzatu nauen gauzetako bat da”.
Esan bezala, Madril hartu bezain pronto hiriaren irudia aldatzeari ekin zioten frankistek: kaleen izenak aldatu zituzten, auzo batzuetan errepresio bortitza egin zuten, proiektu urbanistikoren bat martxan jarri zuten, Mussoliniren Italiako eta Hitlerren Alemaniako pertsona ezagunak gonbidatu zituzten…
Bigarren Mundu Gerraren amaieran Madril ratlines delakoen geltoki bihurtu zen, hau da, ihes egiten ari ziren gerra kriminalen babesleku. Hainbat erregimen faxistetako kide garrantzitsuez osatutako egitura nahiko informalak ziren, esaterako, Mario Roatta Mussoliniren zerbitzu sekretuetako buruari Madrilera iristen lagundu ziotenak. Juduak Frantziatik egozteaz arduratu zen Louis Darquier de Pellepoix ere Madrilen ezkutatu zen haien laguntzarekin, Hirugarren Reicharekin kolaboratu zuten beste batzuk bezala. Zaila da jakiten zehazki zenbat izan ziren, baina “gutxienez ehunka batzuk” izan zirela uste du del Hierrok.
Gerra hotzaren erosotasuna
Gerra Hotza iritsi bitartean, Madrilen ezkutatutako faxisten helburua bizirik irautea zen, baina 1949tik aurrera jardun ekonomikoa eta politikoa berreraikitzen hasi ziren.
Hala, Gastone Gambara jeneral italiarra Argentina eta Espainiaren arteko gari merkataritzaren bitartekari nagusia izango zen. Otto Skorzeny SSetako koronel ohiak hainbat sozietate sortu zituen inportazio eta esportazioetan aritzeko –Markina-Xemeingo bere egonaldietan ere egin zituen negozioak armen ekoizpenarekin–, eta ezkutuan armadak antolatzen saiatu zen. León Degrelle belgikarrak 50 urte eman zituen Madrilen, 1945ean Donostiako Kontxan larrialdiko lurreratzea egin ondoren, eta 60 eta 70eko hamarkadetako talde neofaxistekin harremanak izan zituen. Bestalde, eskuin muturreko sarearen inguruan ibili ziren Madrilen amaitu zuten Hego Amerikako hainbat diktadorek ere: Marcos Perez Jimenez, Fulgencio Batista, Ramfis Trujillo…
70etako faxista berriak
Hortik denbora batera, eskuin muturreko militante belaunaldi berri batek hartu zuen indarra hirian, 70eko hamarkadan. Gazte horiek ez zuten Espainiako 1936ko Gerra Zibila bizi izan, erregimen frankistarekiko kritikoak ziren, eta diskurtsoez haratago ekintza behar zela uste zuten; indarkeria, alegia. Vicente Talónen Joven Europa eta Blas Piñarren Fuerza Nueva erakundeetan antolatu ziren batez ere. Indarkeria espiral izugarria eragin zuen horrek. Madrilen bi erakunde neofaxista lehian ari ziren, erradikalagoa zein zen erakusteko”.
Hala, estatu kolpe baterako giro aproposa bultzatzen ari ziren. Baina 1981eko kolpeak porrot egin eta 1982an PSOEk hauteskundeak irabazi zituenean, atzera egin behar izan zuten. Hortxe amaitzen da Pablo del Hierrok liburuan bildutako bidea, baina ez eskuin muturrarena. “Oraindik jakiteke dago VOXek zer hartu duen Madrilen hainbat hamarkadatan hainbesteko garrantzia izan zuten eskuin muturreko ahotsetatik”. Duela 40 urte atzera egin eta estrategia berriak pentsatu behar izan zituzten, baina, orduan ere, Madril ez zen faxismoaren hilobi izan