*Asier Blas Mendoza / ARGIA astekaria
2023 urte garrantzitsua izaten ari da BRICS taldearentzat, alde batetik, lehen aldiz G7aren BPGa gainditu dute erosahalmenaren parekotasunean eta, bestalde, abuztuan Johannesburgon egin duten XV. gailurrean onarturiko zabalkundearekin birfundatu egin da.
Ohikoa da BRICSak G7arekin kontrajartzea, baina bi taldeen izaera oso desberdina da. G7an, Mendebaldea trinkotzen duten gainerako erakundeetan bezala, Washingtonek agintzen du. Aldiz, BRICSek ezberdinen arteko lankidetza, adostasuna eta inposaketarik eza dute oinarri, eta askotan ikuspegi kontrajarriak eta gatazkak dituzte. Hala ere, bakoitzaren interes nazional legitimoen aitorpenean oinarrituta, lankidetza ekonomikorako esparru multilaterala eraikitzen dute, eta horrek eragin positiboak ditu dimentsio politikoan ere bai. Horren adibide da Txinak Saudi Arabiaren eta Iranen arteko distentsio agertoki bat lortu duela.
Hego Afrikako gailurrean ia 40 herrialdetako ordezkariek parte hartu zuten. Txinak hamar herrialde berri nahi zituen taldean eta Indiak hiru baino ez. Azkenean erdibidea sei herrialdetara zabaltzeko akordioa izan da, nahiz eta garbi geratu den oraingoa etorriko diren zabalkunde gehiagoren lehena baino ez dela izan.
Iran onartua izango zela garbi zegoen, Txina eta Errusiaren bazkide estrategikoa baita. Beste hautagaien artean Pekinek interes berezia zuen ekarpen energetikoan, horregatik, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak sartu dira. Orain gutxira arte Argentinak hautagai seguru zirudien, baina bizi duen krisiarekin zalantzak egon dira azken momentura arte. Afrikatik Egipto eta Etiopia onartuak izan dira; oraingoz Aljeria kanpoan geratu da, Saharaz hegoaldeko herrialde bat hartu nahi zutelako.
BRICS 11ek munduko petrolio ekoizpenaren ia erdia eta gasaren heren bat kontrolatuko dute. Datorren urterako, Aljeria, Bolivia, Indonesia, Kazakhstan eta Venezuela sartuko balira, petrolioaren munduko ekoizpenaren bi herenak eta gasaren erdia inguru izango lituzkete. Horrez gain, Txina buru duen Belt & Road initiave (Zetaren Ibilbide berria) ekimenak bultzatzen dituen merkataritza-korridoreak ziurtatuko dituzte, lurretik zein itsasotik. Bereziki deigarria da Arabiako itsasoa, Omango golkoa, Persiar golkoa, Itsaso Gorria eta Suezko kanala BRICS herrialdeen kontrolpean geratuko direla. Horrek esan nahi du Mendebaldeak eremu horietan duen eragina nabarmen txikituko dela. Era berean, dolarraren garrantzia txikitzeko lanetan dihardute. BRICS 11ko kideek eta haien aliatu batzuek iragarri dute merkataritza beraien monetetan areagotuko dutela, herrialdeen arteko merkataritzarako likidazio-moneta bakar bat izateko lanetan jarraitu bitartean.
Hegoalde Globalaren eta Mendebalde kolektiboaren arteko oreka aldatzen ari da. Garapen bidean dauden herrialdeak mundu berri bat eraikitzen ari dira nazioarteko harremanak demokratizatzeko eta herrialdeen arteko aberastasun banaketa justuagoa izateko. Ostertz hau, baina, Mendebaldean ez da begi onez ikusten eta jakina da oztopatzen eta saboteatzen jarraituko dutela. Halere, geroz eta zailagoa izango zaio bortxa ekonomikoa erabiltzea Hegoalde Globaleko herrialdeen aliantzek dentsitatean eta kohesioan irabazten duten heinean. Momenturen batean Washingtonek jartzen dituen zigor ekonomikoak erantzun irmoak izan ditzake BRICS 11 taldetik, adibidez, lehengaien eta merkantzien hornidura geldiaraztea. Mundua aldatu egin da, baina antza Mendebaldean itsu eta gor gaude eta ez dugu errealitate berrira egokitu nahi.