Ukrainako Defentsa ministroak dimisioa eman du

Zelenskik Reznikov kargugabetzeko asmoa zuen, iritzita «ikuspegi berri bat» behar duela ministerioak. Errusiak Ukrainako portu bati eraso egin dio, bigarren egunez jarraian.

Oleksii Reznikov, artxiboko argazki batean.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak atzo iragarri zuenez, Oleksii Reznikov Defentsa ministroa kargugabetzea proposatzeko asmoa zuen herrialdeko parlamentuan, eta Reznikovek berak eman du dimisioa, X sare sozialaren bidez jakinarazi duenez. «Ohore bat izan da azkeneko 22 hilabeteetan, Ukrainaren historia modernoko aldirik gogorrenean, ukrainar herria zerbitzatzea eta Ukrainako armadarentzat lan egitea». Ukrainako presidenteak argudiatu du ministerioak «ikuspegi berri bat» eta gizartearekin zein militarrekin erlazionatzeko «beste formatu batzuk» behar dituela. Rustem Umerov proposatuko dute Reznikoven lekua hartzeko.

Ez Zelenskiren jarrerak, ez Reznikoven erabakiak inor ez du ezustean harrapatu. Izan ere, aurreko urtarrilean jopuntuan egon zen ministroa, ministerioan jardunean gertatutako ustelkeria kasuen berri eman zutelako herrialdeko hedabideek. Presidenteak zenbait goi kargudun kanporatu zituen orduan, eta Reznikov ere kaleratua izateko zorian egon zen. Prentsa agerraldi batean azpimarratu zuen karguari uko egingo diola Zelenskik hala eskatuz gero. Zortzi hilabete geroago hartu du erabakia, estatuburuak bultzatuta. 2020ko martxotik egon da kabinetean. Aurrena, Behin-behinean Okupatutako Lurraldeak Lehengoratzeko Ministerioko lehen ministrordea eta ministroa izan zen, eta, 2021eko azarotik, Defentsa ministroa izan da.

Eta gerrari berari dagokionez, Errusiako indarrek bigarren egunez jarraian bonbardatu dituzte Ukraina ekialdeko portuak. Atzo goizaldean, Renikoari eraso zioten, eta gaur, Izmailgoari; 40 bat kilometroko distantzia dago bien artean. Bi portu horietatik abiatuta, zerealak esportatu ohi ditu Ukrainak. Moskuk atzo argitu zuen Ukrainako armadaren erregai biltegiak zituela helburu erasoak.

Danubio ibaiaren bidez, Errumaniarekin muga egiten dute bai Renik, baita Izmailek ere, eta, Ukrainako Atzerri ministro Oleg Nikolenkok Facebooken idatzi duenez, droneetako batzuk Errumanian erori eta lehertu dira. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kidea da Errumania. Hango Defentsa Ministerioak, ordea, Kievek esandakoa gezurtatu du, adierazpen baten bidez, Ukrinform hedabideak Ukrainako iturri militarrak aipatuz kaleratu duen informazioaren arabera, gaur hamazazpi drone erorarazi dituzte aireko defentsa sistemek; Errusiak jaurtitako beste drone batzuek, ordeak, beren helburuak jo dituzte.

Errusiak ugaritu egin ditu portuetako azpiegituren aurkako erasoak, joan den uztailean zerealen garraiorako ituna bertan behera uztea erabaki zuenetik. Besteak beste, horri buruz hitz egitekoak dira gaur Sotxin (Errusia), hain zuzen, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa. Iazko uztailean jarri zuten martxan akordioa, eta, gerra gorabehera, horri esker, 32 milioi tona labore ale eta ongarri esportatu ahal izan dituzte Itsaso Beltzetik. Errusiak eta Ukrainak sinatu zuten akordioa, NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Turkiaren bitartekaritzarekin, baina Kremlinek indargabetu egin zuen, iritzita ez direla bere eskariak aintzat hartzen. Izan ere, salatu izan du Mendebaldeak ezarri dizkion zigor ekonomikoek kalte egiten dietela beren nekazaritza esportazioei. Itunari eusteko, neurri horiek kentzea exijitzen du.

 

Hegoafrikak, gezurtatuz

Hegoafrikako Gobernuak agindutako ikerketa independente batek ondorioztatu du ezin dela frogatu Hegoafrikak Errusiari armak eman dizkionik, eta, hala, AEBek Hegoafrikan duten enbaxadoreak joan den maiatzean esandakoa gezurtatu. «Gure herrialdearen kontrako akusazioek kalte egin diote gure monetari, gure ekonomiari eta munduan dugun posizioari», nabarmendu zuen Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidenteak, atzo egindako adierazpen instituzional batean.

Bestalde, Ukrainako gerran giza eskubideak urratzen ote dituzten ikertzeko asmoz NBE Nazio Batuen Erakundeak eratutako misioaren arabera, dokumentatu dituzten «abusuetako asko» gerra krimenak izan daitezke; are, gizateriaren aurkako krimenak, baieztatuak baldin badira. Hori jakinarazi du, gaur, Kieven, batzordearen buru Erik Mosek, misioak Ukrainara egindako hirugarren bidaiaren berri emateko egindako prentsa agerraldian.

Frogatu ahal izan dute berriro ere gerraren testuinguruan izan direla, besteak beste, erailketak, legez kanpoko atxiloketak, torturak eta sexu indarkeria. Hain zuzen, Mosek nabarmendu du gizateriaren kontrako krimentzat har daitezkeela nola militarrei hala zibilei egindako torturak —gertatutakoak NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiak ikertzeko modukoak direla adierazi izan du batzordeak—, «okupazio indarrek», hau da, Errusiakoek guda zelaian egindako «izugarrikeriak», baita energia azpiegituren aurka modu sistematikoan egindako erasoak.

Mosek —esaterako, Ruandarako Nazioarteko Auzitegiko eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiko magistratua izan zen—, Pablo de Greiff giza eskubideen aldeko ekintzaile kolonbiarrak eta Vrinda Grovr abokatu indiarrak osatu dute batzordea, eta ondorioak NBEren Batzar Nagusian aurkeztuko dituzte, urrian. Iazko otsailean Errusiak Ukraina inbaditu hasi eta gutxira abiatu zuten misioa, eta horren arduradunek gomendatu izan diote Kievi neurriak har ditzala biktimei laguntza ematean erantzuna «bateratzaileagoa» izan dadin.