500 egun bete ditu atxilo Polonian Pablo González kazetariak

2022ko otsailaren 28an Polonian atxilotu zutenetik espetxean jarraitzen du kazetariak. Poloniar, espainiar eta euskal agintariei “kasua argitzeko” eskatu diete senitartekoek, baina salatu dute ez dutela “erantzun zehatzik” jaso. Borrokatzen eta egoeraren berri ematen jarraituko dutela azaldu dute.

*Aitor Gurrutxaga Muñagorri / ARGIA aldizkaria

500 egun igaro ditu Polonian preso Pablo González kazetariak. Agintarien partetik erantzun zehatzik ez dutela jaso, salatu dute senitartekoek behin eta berriz. Dena dela, kasuaren berri ematen jarraituko dutela azpimarratu dute, prentsa askatasuna ezein demokraziaren “oinarrizko eskubidea” dela uste baitute.

Ia hamazazpi hilabete igaro diren honetan, egoerak “berdin-berdin” jarraitzen duela diote, hain justu, egiten dizkioten akusazioen “probarik gabe”. Gonzálezen eskubideak “urratzen” ari direla azpimarratu dute, bere seme-alabek ez baitute aukerarik izan berarekin hitz egiteko; ez bisita bidez ezta mugikorrez ere. Oraingoz, bi bisita bakarrik eduki ditu, guztiak kartzelazainen “segurtasun eta zaintza” handiarekin.

Komunitate internazionalari, gobernuei, giza eskubideen eragileei eta egoeran eragiteko gaitasuna duen guztiei dei egin diete senitartekoek: “Poloniar agintariei presioa egin eta Pabloren eskubideak bete daitezen borrokatu behar duzue”.

Azken ekintzak

Azkenaldian hainbat ekintza egin dituzte Gonzálezen egoeraren berri eman eta bere askatasuna eskatzeko. Senitartekoek Frantziako Tourreko lehenengo etapa probestu zuten kazetariaren aldeko aldarriak zabaltzeko.