NATOren aurkako erretorikaren berpizteaz kexu dabil Europol Polizia Agentzia

 

*GEDAR Langile kazeta
Europar Batasunaren (EB) Europol Polizia Agentziak TESAT 2023 urtekari antiterrorista delakoa argitaratu du asteazken honetan, ekainaren 14an. Iaz bezala, EB osoan barrena mehatxutzat jotzen dituen egoera eta joerak aztertzen ditu bertan, hainbat esparrutan banatuta: «terrorismo jihadista», «eskuin muturreko terrorismoa», «ezker muturreko terrorismoa», «terrorismo etnonazionalista eta separatista» nahiz «beste terrorismo formak eta estremismoa».
Besteak beste, ekintza biolentoen zenbaketa, atxiloketen erregistroak, ikertutako taldeen agendak, gaiak, jarduteko formak eta harremanak ikertu dituztela ikus daiteke. Oro har, erakunde jihadistetara geroz eta kide gutxiago batzen direla ondorioztatu dute, baina ezker zein eskuin muturrak, ordea, «zentraltasun handiagoa izatea» aurreikusten dute datozen urteetarako. Gainera, ezker muturraren kategoriaren barruan kokatzen dituzten taldeei egotzi diete 2022an gertatutako «ekintza terroristen» gehiengoa; anarkistei, gehienbat.
Talde berriak
Espainiako Estatuari begira, Europolek argi eta garbi adierazi du: «Kataluniako eta Euskal Herriko mugimendu independentistak dira gaur egun aktiboenak eta bortitzenak Espainiako panorama separatistaren barruan». Joera horiek «ezker muturreko iritziekin» lotuta joan ohi direla zehaztu dute, «Espainiako Estatuaren eta bere erakundeen aurkako mezuetan zentratuz, baita kapitalismoa bezalako gai zabalagoen kontrakoetan ere».
Hala ere, eremu horietan aldaketa-zantzu ugari antzeman dituzte. Hasteko, «ezkerreko zirkulu separatista» deiturikoetan «talde txiki berri batzuk» sortu direla azpimarratzen dute. Bestetik, «ezker muturraren eta separatismoaren arteko gainjartze bat» gertatzen ari dela identifikatu dute. Ondorioz, Euskal Herriko zein Herrialde Katalanetako zenbait kasutan ez dute «ezker muturraren» eta «separatismoaren» arteko muga oso argi ikusten; «erasoen motibazioei dagokienez», batez ere. Gainera, talde berri horiek eraginkortasuna erakusten ari direla diote txostenean: «Gizarte nahigabea eta borroka ekonomikoak erabiltzen ari dira Espainiako Estatuaren aurkako mezuetan, baita gizarteko sektorerik behartsuenen artean biltzeko aukera gisa ere».
Aurrera begira
Apurka-apurka, «terrorismoaren eta muturreko indarkeriaren erradikalizaziorako eremu emankorra» sortzen ari dela uste du Europolek, eta horren faktore nagusiak gaur egungo mundu-egoera, bere krisi zein ziurgabetasun guztiak eta «hiperkonektibitate orokortua» direla zehaztu dute.
«Ingurumen-estremismoaz» ere ohartarazi dute, klima aldaketak EBn zuzenean zein zeharka eragingo duela jakinda. Gainera, aipatutako «gainjartzeak» kontuan hartuta, ingurumen-ekintzaileek «estremisten» mezuetan geroz eta eragin handiagoa izan dezaketela uste dute, «ezkerreko eszenetan eta anarkistetan» gehienbat. Paraleloki, sektore horiek «protesta ekologistez baliatu» eta haietan «infiltratzea» espero dute, «beren programak praktikan jartzeko» eta «jarraitzaile berriak biltzeko».
Okupazioa
Langile Kontrolpeko Espazioek Europolen jopuntuan jarraitzen dute, aurtengo TESAT txostenean ere arreta jarri baitiete. Okupaturiko azpiegiturek ezker muturrarentzat zein anarkistentzat garrantzitsuak izaten jarraitzen dutela azpimarratzen dute. «Gune horiek ezkutaleku zein operazioen oinarri izan daitezke, eta atzerritik etorritako terrorista eta muturreko anarkistak eta ezkertiarrak hartzeko ere erabiltzen dira».
Polizia-agintarientzat espazio horien desalojoak «erronka handia» direla nabarmendu dute: «Terroristek eta muturreko ezkertiar zein anarkistek ez dute zalantzarik esku hartzen duten funtzionarioen aurkako indarkeria-ekintza larriak erabiltzeko».

Baina hori ez da dena, izatez. EBko polizia-agentzia nagusiak arrazoi gehiago ere ikusten ditu okupazioaren garrantziaren atzetik. Arrazoi ideologikoekin batera, Europako metropoli-eremuei eragiten dien «etxebizitza eskuragarrien krisi bat» aitortzen dute. Ondorioz, 2022an, aurreko urteetan bezala, ezker muturraren eta anarkismoaren kanpaina politikoetan «gai errepikakorra» izan zela ikusi dute. «Terroristek eta muturreko ezkertiar zein anarkistek, etxebizitzaren krisia beren kausarako erabiltzen dute, higiezinen agentziei, eraikuntza-lanei eta eraikuntza-enpresei eraso egiteko».
Bestelako gaiak
Aurrekoez gain, fenomeno gehiago ere behatu dituzte sektore ezkertiarren artean, hala nola, «poliziaren aurkako biolentziaren gorakada», «NATOren aurkako erretorikak berpiztea», «ingurugiroaren bueltako auzi eta jardueretan parte hartzea», «mugen abolizioaren aldeko kanpainak», «eskuin muturraren aurkako erasoak», eta abar. Funtsean, «ezker muturrak eta anarkismoak EBko segurtasun publikoaren aurkako mehatxua» izaten jarraitzen dutela ondorioztatu dute.