Kondor Legioaren krimenak, Alemanian (ere) ahaztuta

Gernikan 1937ko bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiak egin dituzte, eta ika-mika sortu da Espainiako Gobernuko Bolaños ministroak egindako adierazpenen ondotik: «Ohore bat da hemen egotea, bonbardaketarekin eraso zuten Errepublikako Gobernu legitimoa ordezkatzeko». Alemanian, aldiz, gertaera horretatik harago apenas daukate Kondor Legioak Euskal Herrian eta Espainiako Estatuko beste lurraldeetan herritarrak sarraskitzen izandako parte hartzearen berri. Carmela Negrete kazetariak kontatu du oroimen falta hori Contexto aldizkarian.

1937an herritarrak ihesean Diman. Argazkia: Biblioteca digital Hispanica / ‘Munitibar 1937/04/26. Aire-eraso baten kronika’

Apirilaren 26a. Beste urte batez Gernikan makina bat ekitaldi antolatu dituzte 1937an Alemaniako abiazioak egindako sarraskia eta suntsiketa gogoratzeko. Ohi bezala, Astrako sirena hotsak jo du 15:45ean, duela zortzi hamarkada baino gehiago hegazkin faxistak hurbiltzen ari zirenean jo zuen bezala, eta kandelen ibilbidea egin dute herritarrek iluntzean.

1937ko apirilaren 6an Alemaniako Kondor Legioak eta Italiako Aviazione Legionariako hegazkinak Gernika garretan jarri eta herriko eraikinen %85 suntsitu zuten; hildakoak 2.000 baino gehiago izan zirela uste da.

Errelatoarekin bueltaka

Urtero bezala, lore eskaintza egin zaie erasoan hildakoei; aurten gainera, Espainiako Gobernuko Presidentetzarako ministro Felix Bolaños, eta beraz, lehen aldiz Espainiako Estatuko goi ordezkari bat izan da ekitaldian. Pedro Sánchezek, gainera, Gernika “memoriaren leku” izendatuko dutela iragarri du.

Espainiako Gobernuaren jarrera ez da nahikoa, ordea, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariarentzat, eta keinu bat eskatu dio “egindako mina” aitortzeko.  EH Bilduk, bere aldetik, sarraskian izandako erantzukizuna aitortzeko eskatu dio Sánchezen gobernuari.

«Ohore bat da hemen egotea, bonbardaketarekin eraso zuten Errepublikako Gobernu legitimoa ordezkatzeko», esan du Bolañosek. Askorentzat, Gernikara hori esatera etortzea aiztokada bat bezalakoa izan da. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiarentzat aldiz ez, eta «historia ez manipulatzeko» eskatu die Espainiako Gobernuari barkamena eskatzea exijitzen diotenei.

Berriz ere errelatoaren borroka. Zeinen oinordeko da egungo Espainiako Gobernua? Errepublika demokratikoarena? Edo dena ondo loturik utzi zuen Francoren erregimenarena? Trantsizio garaian gauzak nola egin ziren ikustea besterik ez dago galdera horri erantzuteko.

Baina memoria eta aitortza ez dira soilik Espainiako Gobernuari dagokion zerbait. Sarraski hura zuzenean eta odol hotzean exekutatu zuen Luftwaffe Alemaniako abiazioak, baina alemaniarren artean Gernika apenas da margolan baten izenburua.

Kondor Legioak sarraskituriko “beste Gernikak”

Hala dio Carmela Negrete kazetariak Contexto aldizkarian. El ‘Guernica’ o la punta de icerberg (‘Guernica’ hala izebergaren punta) izeneko erreportaje zabalean, Kondor Legioak 1936ko Gerran izandako parte hartzeaz Alemanian duten ikuspegia aztertu du, eta dioenez, Picassoren Guernica “Francoren Estatu kolpean Hitlerren Alemaniak izandako parte hartzearen irudi bakarra izatera igaro da”.

Herrialde hartako hedabide eta museoek, hein batean albo batera utzi dituzte abiazio naziak Euskal Herrian eta Espainiako Estatuko lurraldeetan egindako beste sarraski guztiak, nahiz eta 1936ko abuztutik –gerra hasi zen ia une beretik– Hilterrek Kondor Legioaren “boluntarioak” bidali zituen militarren altxamendua babestera.

Xabier Irujo Renoko Unibertsitateko ikerlariaren arabera, Luftwaffek gutxienez 650 bonbardaketa egin zituen Euskal Herrian, eta lurraldea esperimentatzeko toki bezala erabili zuen. Gernika baino hilabete lehenago hegazkin alemaniarrek Durango txikitu zuten, eta gero Eibar, eta beste hainbat herri ere bai. Hortaz, “beste Gernika” asko ere izan ziren Kondor Legioaren jomugan.

Kondor Legioko soldaduak Berlinen 1939ko ekainean egindako desfilean. Argazkia: LeMO museoa.

Munitibarren, goizeko entsegua

Gernika arratsaldez bonbardatu zuten egun berean, ordu batzuk lehenago, Kondor Legioko Junker 52 bonbardaketariek eta Heinkel 51 ehiza hegazkinek erasoa jo zuten Munitibarren. Herritarren gainera bonbak eta tiroak jaurti zituzten, eta eraikin ugari txikitzeaz gain, hainbat pertsona hil zituzten: “Deskargatzen zian ta atza buelta. Eta etorten zian ‘kazaku’ esaten geuntzen guk, ametralladorakin ta… akabo (…) Horre goixetik hasi zien. Arrtsaldien gero gabien jun zin eta Gernike bonbardeu eben gero. Lehenengo Munitxibar ein eben ta gero Gernike”.

Halaxe jaso ditu Ahaztuen Oroimena elkarteak Munitibarren gertaturikoaren lekuko izan zen Juana Bollarren hitzak. Igandean aurkeztu zuten Munitibar 1937/04/26. Aire-eraso baten kronika liburua, herritarren testigantza ugariren eta dokumentuen bidez duela 86 urteko apiril hartan Munitibarren eta inguruetan gertaturikoa azaltzen duena.

Alemaniako Parlamentuak 1997an eskatu zion barkamena ofizialki Gernikako herriari. Baina, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko historia irakasle David Alegrek Carla Negreteri azaldu dionez: “Interes politikoa Gernikan fokalizatu izana, Picassoren eraginagatik, ez da kasualitatea, eztabaida publikoa blokeatu nahi duen kezko lehergailu bat da, Alemaniak [Espainiako Estatuko] errepublika demokratikoaren deuseztapenean izan zuen erantzukizunari buruz”.

Alemaniarren indiferentzia

Negreteren ustez, Alemania sarritan oroimen historikoa lantzeko eredu gisa hartu izan den arren, kasu honetan oso urrun dago baieztapen horretatik. Kondor Legioaren artxiboak desagertu egin dira, eta bere ekintzen inguruko informazio eskatu izan dietenean, Asturiasko Gobernuak egin bezala, ikerketarik ez dagoela erantzun dute Alemaniako administrazioetatik.

Are gehiago, Alegrek dio alemaniar jendarteak bere herrialdearen izenean egin ziren krimenekiko “indiferente” izateko joera duela azkenaldian, eta gehiago nabarmentzen dela alemanek Bigarren Mundu Gerran jasandako sufrimendua. Hala, askok Kondor Legioaren historia euren protagonistek azaldu moduan ikusten dute: “Abentura sinpatiko bat bezala”.

Agian horrela uler liteke Berlingo etorbide oso batek, Spanische Alle  (Espainiar etorbidea) delakoak izen hori mantentzea. 1939ko ekainean, Kondor Legioko milaka soldaduk desfilatu zuten Branderburgoko Atean Adolf Hitlerren aurrean, eta haiek omentzeko jarri zioten izen hori etorbideari. “Ondoko plaza txiki batek, berriz, Gernika izena darama”, azaldu du kazetariak.