Gutxienez 100 enpresak armagintzan parte hartzen dute Euskal Herrian

«Inbertsio militarraren gehiengoa funts publikoekin gauzatzen da, zifra orokorrei erreparatzea besterik ez dago: Espainiako Estatuak NATOrekin hartutako konpromisoen ondorioz, bikoiztu egin du Defentsa Ministerioaren 2029ra arteko aurrekontua.»

14.186 langile eta 1.867 milioi euroko fakturazioa izan zituen 2021ean sektoreko buru den HEGAN aeronautika klusterrak; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGaren %1 eta industria-enpleguaren %2,4, alegia. Hiru lurraldeetako enpresak bosgarren postuan daude Espainiako Estatuko armagintzaren barruan, eta azken hori da munduko zazpigarren arma esportatzailerik handiena.

*GEDAR Langile kazeta

Euskal Herrian 100 enpresa inguruk dute lotura zuzena armen ekoizpenarekin, Gasteizkoak talde antimilitaristak salatu izan duenez. 2009. eta 2015. urteen artean gutxienez, ekoizpen militarreko edo «defentsako eta segurtasuneko» bi kontratutan parte hartu zuten 100 sozietaterekin osatutako zerrenda da; beraz, litekeena da orduan zein gaur egun kopuru erreala askoz ere handiagoa izatea, are gehiago egungo testuinguru geopolitikoarekin. Kolektiboak informazio ugari ematen du Estas guerras son muy nuestras. Industria militar vasca liburuan, enpresa eta erakunde ugari seinalatuz. Horrez gain, liburuko informazioa laburtuta eta bestelako datuak eskaintzen dituen txosten bat ere argitaratuta dago bagaudia.noblogs atarian, Armagintza: Gerra ona da negozioentzat. Gure negozioa gerra da izenburupean.

Idazkiak erakusten duenez, Euskal Herriko enpresa txiki, ertain zein handiek, administrazio publikoarekin, bankuekin, unibertsitateekin eta ikerketa-zentroekin batera, industria militarraren «sare korapilatsu bat» osatzen dute. Krimenaren sindikatu moduko bat da, non denen artean gerra-makina koipeztatzen duten, bakoitzak bere dibidenduaren zatia kobratzen duen, eta denek elkar estaltzeko isileko akordioa betetzen duten.

Gelaren erdian inork ikusten ez duen tanke bat dago: Euskal Herrian armak eskala handian ekoizten eta esportatzen dira, baina nork fabrikatu eta saltzen dituen galdetzen denean, denek bakezaleen pina jantzi eta odolez zikindutako eskuak ezkutatzen dituzte. Odolak aztarnak uzten ditu, ordea, eta dagoeneko nabarmena da nortzuk aberasten diren heriotzaren eta suntsipenaren kontura. «Enpleguaren eta garapen zientifiko-teknologikoaren mozorropean euskal enpresa horiek gerra-hegazkin, helikoptero, tanke, misil edota ibilgailu blindatuentzako osagaiak fabrikatzen ari dira», gogorarazten du txostenak.

Konglomeratua

Euskal Herriko egungo arma industria ezaugarritzen duten bi elementu historiko nabarmentzen dira: batetik, 80ko hamarkadako industria-birmoldaketa, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren 90eko hamarkadako plan politikoa. Txostenak bigarren elementua azpimarratzen du, izan ere, armagintza klasikoa sustatzea (pistolak, bonbak, munizioa…) geroz eta problematikoagoa zen iritzi publikoaren aurrean justifikatzeko. Beraz, «sektore aeroespazialaren aldeko apustua» egin zela azaltzen du dokumentuak, «I+D+I famatuaren aitzakian ikerketaren eta garapenaren aurrerabide itxuraz mozorrotu zitekeelako».

Ondorioz, arlo aeroespaziala gailendu da azken hiru hamarkadetan, hiru enpresa nagusirekin: ITP, Sener eta Aernnova. Hala ere, ez da ahaztu behar euren inguruan azpikontrata eta hornidura-enpresa sare oso bat dutela atzetik, enpresa txiki nahiz ertain ugarirekin. Txostenaren arabera, «enpresa horien espezializatze, egokitze eta berritze gaitasunaz» baliatzen dira punta-puntako armak ekoizteko.

Ekoizpenaren antolakuntza deszentralizatu horrez gain, armak ekoizten aritzen diren enpresa askok «ekoizpen duala» izaten dutela ohartarazten du ikerketak; hau da, ekoizpen militar hutsa ez ezik, erabilera zibila duten sistemak ere egiten dituzte. Horri egungo armen izaera anitza eta ekoizpen-katearen espezializazioa gehituz gero, auzia askoz ere lausoagoa bihurtzen da. Hala ere, «dualtasunarena» termino problematikoa da oso, aurrerago azalduko den moduan. Bestalde, ez da ahaztu behar Sapa Placencia bezalako zenbait enpresak euren ekoizpena arlo militarrera bideratzen dutela osoki. «Defentsa sistema antiaereoak, ibilgailu blindatuentzako osagaiak eta armadentzat gisa orotako armamentua ekoizten dituzte; kanoiak, obusak, espoletak eta munizioa nagusiki», txosteneko hitzetan.

Hondamendiaren negozioa: zifrak eta izenak

Aeronautikako hirukote armagileak HEGAN sortu zuen 1993an, Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Kluster Elkartea. Gaur egun aeronautika sektorean aritzen diren 68 enpresa daude klusterrean, eta euren azken txostenak argitzen duenez, 14.186 lagun enplegatu zituzten eta 1.867 milioi euroko fakturazioa eduki zuten 2021ean. Armagintzarekin lotutakoa da Senerren negozioaren %25, ITPrenaren %26 eta Aernnovarenaren %35, beraiek aitortu izan dutenez. Gainera, 2020ko datuekin alderatuta, klusterreko erakunde guztien artean %3 igo zuten langileen kontratazioa eta 117 milioi euro inbertitu zituzten «Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza proiektuetan», aurreko urtean baino 15 milioi gehiago.

Bere pisu ekonomikoa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula: aeronautika klusterrak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren (BPG) %1, hiru lurraldeetako BPG industrialaren %4,6 eta enplegu industrialaren %2,4 ekarri zuen 2021ean. Hori gutxi balitz, HEGAN osatzen duten erakundeena zen Espainiako Estatuko industria aeroespazialaren fakturazioaren %18 eta Europar Batasunekoaren (EB) %1. Sektoreko enpleguari dagokionez, Espainiako Estatuko industria aeroespazialeko langileen %31 eta EBkoen %2 enplegatzen zituzten. Gainera, arloko ikerketaren eta garapenaren %12 eurena da Espainiako Estatuan, eta EBn, berriz, %0,7.

Makina-Erremintaren sektorea giltzarria da horretan, aeronautikaren zuzeneko zein zeharkako hornitzailea izanda. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako makina-erremintak, bere nazioartekotze eta teknologia maila gorenarekin, Espainiako Estatu osoko sektorearen %80 baino gehiago hartzen duela aipatzen du armagintzari buruzko txostenak.

Esan bezala, elkarte ugarik hartzen dute parte klusterrean: 68 aeronautika enpresa, Tier 1 motako lau enpresa osagai-hornitzaile nagusi, mundu mailan sakabanatutako 169 instalazio, bost unibertsitate eta arlo anitzetako bost aliatu. Enpresa horien artean bederatzik 2.000 eta 10.000 milioi dolar arteko balioa dute, instalazio guztietatik 83 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan daude, eta aliatuek finantzak, aseguruak, fiskalitatea, zuzenbidea zein jabetza intelektuala kudeatzen laguntzen diete.

Ondokoak dira klusterreko partaideak, zehatz mehatz: Aernnova, ITP eta SENER klusterraren sortzaileak; Aalberts Surface Technologies, Aciturri, Aeromec, Aerospace Engineering Group, Aibe, Anteral, Aratz Group, Astorkia, Ayzar, Azterlan, Batz, Burdinberri, Capgemini engineering, CEIT, CIDETEC Surface Engineering, CTA, Danobatgroup, Doilan, DTK, DYFA, EGAMASTER SL, EGILE, EIBAR PRECISION CASTING, Ekin, Electrohilo, Euroutil, EYHER SL, Industrias Melaturgicas Galindo, Ingeteam, Khegal aeronautica, Korta, Lazpiur, Lortek, LTK, Matrici Innovative Technologies, Mesima, Metalurgica Marina, MET-MEKA, Metraltec, Metrologia Sariki, Microlan, Mizar Additive Manufacturing, Naitec, Nuter, Ona Electroerosion S.A., Renishaw, Satlantis Microsats, S.A. Sikulan, Sisteplant, TAES, Tecnalia, Tecnasa, Tekniker, TM Telleria, TTT Group, WEC eta Wolco enpresa zein erakundeak; eta Deustu, Mondragon, UPV/EHU eta Tecnun unibertsitateak.

  • AERNNOVA AEROSPACE S.A.: Fuselajeak, hegazkin panelak, helikopteroen hegoak eta palak. Miñao (Araba).
  • INDUSTRIA DE TURBO PROPULSORES S.A. (ITP): Hainbat hegazkin militar eta zibilen motorrak eta mantenu-lanak egiten ditu. Zamudio (Bizkaia).
  • SENER, GRUPO DE INGENIERIA S.A.: Elektronika militarra, zaintza, tiro sistemak eta misilak kontrolatzeko sistemak. Areeta (Bizkaia).
  • SAPA PLACENCIA S.A.: Defentsa antiaereorako sistemak, misilak eta arma arinak. Andoain (Gipuzkoa).
  • MTORRES. Egitura aeronautikoen ekoizpena eta muntaia. Dorre (Nafarroa).
  • DASSAULT AVIATION. Fuselajeak, hegazkin eta helikopteroen panelak, hegoak eta palak, eta abar. Biarritz-Angelu (Lapurdi).
  • EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA (UPV/EHU). Industria militarrarekin loturiko ikerketa-proiektuak. Bilbo-Zamudio (Bizkaia).
  • MONDRAGON UNIBERTSITATEA. Industria militarrarekin loturiko ikerketa-proiektuak. Arrasate (Gipuzkoa).
  • TECNALIA Research & Innovation: Teknologia zentroa. Industria militarrarekin loturiko ikerketa proiektuak. Derio (Bizkaia).

Genozidioen sustapen publikoa

Enpresa pribatuak ez ezik, erakunde publikoak ere leporaino sartuta daude heriotzaren negozioan. Izatez, estatuen bidez merkaturatzen dira enpresek ekoitzitako arma gehienak, eta estatuak dira Ikerketa eta Garapen (I+G) militarraren arloan enpresei diru-laguntza erraldoiak banatzen dizkietenak. Inbertsio militarraren gehiengoa funts publikoekin gauzatzen da, zifra orokorrei erreparatzea besterik ez dago: Espainiako Estatuak NATOrekin hartutako konpromisoen ondorioz, bikoiztu egin du Defentsa Ministerioaren 2029ra arteko aurrekontua.

2023an %25,8ko igoera izan du (2022ko 9.791 milioi euroetatik 12.317 milioi euroetara). Elcano Errege Institutuaren arabera, aurtengo funts horietatik 5.241 milioi euro bideratuko dira modernizazio-programetara eta modernizazio-programa berezietara. 2024an 5.908 milioi izanen dira, 5.576 milioi 2025ean eta beste 5.766 milioi 2026an. Horrez gain, industria militarrean 4.900 milioi euroko gastua zehaztu du 2023rako Espainiako Estatuak, iazko 3.011 milioien aldean.

Euskal Herriko industriak Espainiako zein Frantziako estatuetako armagintzan bere alea jartzen duela ikusteak badu bere esangura, izan ere, bi estatu horiek munduko zazpi arma esportatzailerik handienen artean kokatu dira, Stockholmeko Bakerako Ikerketen Nazioarteko Institutuaren (SIPRI) 2020ko martxoko datuen arabera. Esportazio guztien %7,9arekin, munduko arma saltzailerik handienen zerrendako hirugarren postuan zegoen Frantziako Estatua. Espainiako Estatua, berriz, zazpigarrena izan zen %3,1arekin; eta ez da gutxiagorako, armen esportazioen bolumenean azken bost urteetan gehien hazi den herrialdeetako bat izan baitzen, %13ko hazkundearekin.

Urte berari egiten diete erreferentzia Espainiako Defentsa Industriaren azken txosteneko datuek, eta bertan ikus daitekeenez, Espainiako Defentsa Ministerioak Euskal Herriko zenbait enpresari erosi zizkien armak; hala nola, ITPri, Aernnovari, SAPAri eta Senerri. ITPrena zen aeronautika azpisektoreko salmenten %3,3 eta bertako balio erantsiaren %9,1, kalkulatzen dutenez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoitzitako materiala, oro har, Espainiako Defentsa Ministerioaren urte hartako salmenta guztien %3 izan zen. Hala, Espainiako Estatuko maila gorenean kokatu ziren, Madril, Andaluzia, Gaztela-Mantxa eta Galiziaren atzetik. Gero, arma horiek ez dira Espainiako Armadaren instalazioak apaintzeko erabiltzen: 2020an egin zituzten zuzeneko esportazio militarren %17,6 Saudi Arabiara bideratu zela zenbatzen du Espainiako Defentsa Industriaren azken txostenak. Aski ezaguna da material horren erabilera Yemeneko biztanleriaren aurkako bonbardaketetan.

Langile aristokrazia auzitan

Gasteizkoak talde antimilitaristak bere liburuan gogora ekartzen duenez, Aernnovako enpresa-batzordeak (ELA, CCOO, UGT, USO, LAB eta CGT sindikatuak tartean) ez du inoiz planteatu gerra horietan erabiltzen den armamentu-ekoizpenean plantillaren parte-hartzea zalantzan jartzeko neurririk edo proposamenik. Kontrara, langileriaren gainontzeko sektoreei deia luzatu izan diete euren aldarrikapenak babesteko; «armamentua ekoizten jarraitzeko bada ere», salatzen du kolektiboak.

Armagintzari buruzko dokumentuan ere ondorio zorrotzak ateratzen dira, eta ez dute uste erakunde sindikal, alderdi politiko, Gobernuz Kanpoko Erakunde, kolektibo sozial, herri mugimendu zein herritarrak, orokorrean, gerrak Euskal Herriko lantegietan ere eraikitzen direla onartzeko prest daudenik. Are gehiago, pedagogia politiko hori egiten ez den artean, gainontzeko ekimenek ezer gutxi balio dutela uste dute: «Mobilizazioak, kontzentrazioak, manifestuak eta gainerakoak ez dira izango, gerratik onura ateratzen dutenekin gure kolaborazio zuzena edo isiltasun adostua saihesteko aitzakia baino, errefuxiatuen eta sarraskien irudi berrien aurrean gure kontzientziak lasaitzen jarraitzeko, militarismoa behin eta berriro indartu izan duen bakezaletasun hipokrita baino ez».