Bitori Iglesias. Erbestea gomuta gozoa da Iglesiasentzat, gorabeheraz betetako bizitza aberatsa izateko aukera eman ziolako. Hogei urtez bizi izan zen Sobietar Batasunean, eta oraindik eskertuta dago.
*Javi West Larrañaga / BERRIA
Ez du ondo gogoratzen itsasontziaren irteera; bai, ordea, Leningradera heltzean, kabiarra, saltxitxak eta purea nahi beste eman zizkietela. «Ez genuen sinesten hori guztia guretzat izan zitekeenik». 5 urte zeuzkan Bitori Iglesias santurtziarrak (Bizkaia) Habana itsasontzira igo zenean, 1937ko ekainaren 13an. Bordelen (Okzitania) egin zuen geldialdia, eta han banatu zituzten itsasontziak zeroatzan 4.000 ume baino gehiago. Iglesias Leningradera joan zen, Sontay itsasontzian.
Aita komunista zeukan Iglesiasek. «Sobietar Batasunera joan ginen gehienak ezkertiarren seme-alabak ginen». Obninsken amaitu zuen, Moskutik hiruzpalau ordutara, ehunka ume errefuxiaturekin batera. Itsasontzian 13 urteko anaiarekin bidali bazuten ere, banatu egin zituzten, eta bakoitza umeen etxe batera bidali zuten.
«Nik sekula ez nuen panpinarik eduki, eta lehenengoa bertan eman zidaten». Orain 93 urte dauzkan arren, ondo gogoratzen du bere egonaldia, eta berba gozoak dauzka Errusiaz eta Sobietar Batasunak emandako tratuaz.
1941ean, gauzak okertu ziren, naziek Sobietar Batasuna inbaditu zutenean, Bigarren Mundu Gerra betean. Obninsken zeuden umeak ebakuatu zituzten Saratov eskualdera, Volga ibaian behera. Hara joan zen Iglesias, eta lau urte eman zituen bertan, gerra amaitu arte. Gogorra izan zen hura, eta gogoan dauzka momentu batzuetako zailtasunak. Ondorengoa ere ez zen samurra izan.«Gerraostea oso gogorra izan zen, baina oso gogorra izan zen denontzat».
Iglesiasek azaldu duenez, 1945ean, Moskura igo zituzten 36ko gerrako haur errefuxiatuak, umeen etxe batera. Handik, Bolshevora eroan zituzten bi urtez, 1948an, eta ume errusiarrekin nahastu eskolan, hobeto lekukotu zitezen.
1950eko hamarkadan aldaketak etorri ziren. «50eko urteetan jada pentsatzen zen itzuli egingo ginela», adierazi du Iglesiasek. «Orduan, gomendatu ziguten ez ikasteko karrera luzerik». Agronomia ikasi zuen, eta 1954rako amaitu. «Gure ikasketa guztiak doan egin genituenez, bakarrik eskatzen ziguten hiru urte lan egiteko. Kaluga eskualdera bidali ninduten, eta hiru herrixka kudeatu behar izan nituen».
Lehenago amaitu zen Iglesiasen egonaldia Sobietar Batasunean, 1956an. «Moskun ikasten ari ziren lagunek deitu zidaten, eurekin Espainiara joan behar nintzela esanez». Atoan abisatu zion nagusiari. Bestaldetik egin zuten bidaia oraingoan: Itsaso Beltzetik, Bosforoa zeharkatu eta Mediterraneoan barrena, Castello de la Planaraino (Herrialde Katalanak).
Aldaketa bortitza izan zen. «Ni han erregina baten moduan bizi nintzen: ezkondubakoa nintzen, eta lana neukan. Espainian oso txarto bizitzen zen».
Mundu ilun bat
Ez du harrera onik gogoan. «Eraikin guztiak beltzak… Zer da mundu ilun hau?», galdetu zion bere buruari Bilbora heldu zenean. Amarenera joan zen, Santurtzira; aita lau urte arinago hil zitzaion, eta kamarote txiki batean bizi zen seme batekin. Iglesias ez zen erraz egokitu, anaia horrekin arazoak izan zituelako.
«37an joan nintzen, eta 47an idatzi zidaten gutun bat. Gutun bat hogei urtean. Ikusten nuen inori ez ziola ardura nire bizitzak. Inork ez zidan galdetu zer egin nuen bertan». Ez zen ondo konpondu familiarekin; ikusten zuen gauza komun gutxi zuela eurekin. «Zer egiten dut hemen ezezagun hauekin?». Habana-ra igo zen 5 urteko umeak ezagutzen zituen, baina Krim itsasontzian etorritako 24 urteko andreak, ez.
Iglesiasen arabera, esperientzia bera izan zuten bere lagun ugarik. Pasadizo asko gogoratzen ditu familien arteko arazoei buruzkoak, baita heldu eta hilabete gutxitara etxetik bota zituzten batzuenak ere.
Horregatik erabaki zuen Sobietar Batasunera bueltatzea. Gutunak bidali zituen bere lan zaharrera, eta bueltan jaso zuen baietza. Orduantxe, baina, amak geratzeko erregutu zion, eta «bizitza izorratzen» ari zitzaion anaia bota zuen etxetik, bera gera zedin.
Egun batean, ezagun batekin egin zuen topo Santurtzin. Jose Antonio Lasa zen, Obninsken eta Saratoven berarekin egon zen ume erbesteratu bat. Hamar urte zeramatzaten elkar ikusi barik, eta bietako batek ere ez zekien bestea herri berean bizi zenik. «Ahizpak esan zigun: ‘Eta zergatik ez zoazte zinemara?’. Eta gaur egunera arte».
Ezkondu, eta bizitza osoa eman zuten batera. Baina itzulera bientzat izan zen gogorra. 1970eko hamarkadara arte, estutasun ekonomikoak izan zituzten. «Askotan pentsatu genuen Sobietar Batasunera bueltatu behar ginela».
Iglesias ez zen lan merkatuan sartu, hasieran hala nahi arren. Emakume gutxik zeukaten lanpostu bat orduantxe, eta «lana zeukatenekiko matxismo asko» zegoela uste du. «Nire senarrak ikusten zuen zer gertatzen zen emakumeekin lan egiten bazuten. Lotsa barik ibiltzen ziren eurekin, eta esan zidan: ‘Ez duzu lan egingo; ogia jango dugu eta ura edan, baina lanera ez zara joango, ikusten dudalako zelakoak diren gauzak’».
Beti zelatatuta
Sobietar Batasunetik zetozen gehienen moduan, erregimen frankistaren susmopean egon ziren. «Beti geunden zelatatuta, eta telefonoak beti zulatuta. Elkarrizketak entzuten ziren batzuetan; kexatu ginen, eta esan ziguten zulatuta zegoela». Iglesiasek uste du Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuetakoak zirela Madrilera deitu eta elkarrizketak egin zizkietenak. «Oso ondo egiten zuten gaztelaniaz, baina zeozer nabaritzen zitzaien; estatubatuarrak ziren». Sobietar Batasunaz galdetzen zieten: «Ea ez dakit zein fabrika ikusi genuen, ea ez dakit zein kable zegoen…».
Eskertuta dago erbestealdiak eskaini zion bizitzagatik eta aukerengatik. «Denak etorri ginen ikasketa zenbait eginda, eta ikasketarik ez zeukanak lanbidea ekarri zuen».
Erbestean bidelagun izan zirenekin kontaktuan jarraitu duela esatea gutxi esatea da. «Gutako errusiarretako batek ere ez dauka, gaur egun ere, lagun espainolik. Beti ibili gara elkarrekin», esan du Iglesiasek. «Ez gara ohitzen, eta begira zenbat urte daramatzagun hemen».