Hainbat erakundek deituta, manifestazio batek Bilboko kaleak zeharkatu ditu ‘NATO eta EB ez! Euskal Herria antiinperialista!’ lelopean. Europako mugimendu proletarioa eta Europako herri langileen borroka berrantolatzeko beharra aldarrikatu zuten.
*NAIZ (Naiz.eus)
Ehundaka pertsona batu ziren Bilbon larunbat arratsaldean Askapena, Herri Ekimena eta Bardenas Ya taldeek antolatutako NATO eta EBaren aurkako mobilizaziora «Euskal Herria antiinperialista» aldarrikatzeko. Azken asteetan beste hamarnaka eragileen atxikimendua izan du ere mobilizazioak.
Ukrainiako gerraren inguruan sortutako krisi ekonomiko, energetiko, politiko eta militar larria «inperialismoaren estrategiaren emaitza» direla nabarmendu dute, eta egungo testuinguruak «urgentziaz» eskatzen duela «Euskal Herri antiinperialista eta internazionalista baten aldarria». Izan norabide horretan lehen pausotzat dute gaurko mobilizazioa.
«Estatu Batuen hegemonia ekonomiko, politiko eta militarra aldatzen ari den unean gaude. Txina eta, neurri txikiagoan, Errusia beren eragin ekonomiko eta politikoa areagotzen ari dira munduan, eta horregatik ari dira potentzia atlantistak ofentsiba Ekialderantz garatzen, hain zuzen ere, beren kontrolari eusteko. Testuinguru honetan kokatu behar ditugu inperialismo atlantistaren nahiz bere erakunde kriminal NATOren eta, nola ez, Europar Batasunaren mugimenduak», azaldu dute manifestazioko antolatzaileek.
Horretaz gain, «burgesiaren armadatzat» jo dute NATO. «Kapitalaren politikei aurre egiten dien edozeinen aurka egiteko adar militarra da. Gaur egun, askotarikoak dira berekin dakartzan emaitzak: langile klasearen gainesplotazioa eta prekarizazioa, bereziki, emakume eta pertsona arrazializatuengan; lan eskubideetan aldaketak, klase borrokaren bitartez irabazitako kontzesio materialak kentzeko; lege aldaketak, borroka horien aurreko errepresioa areagotzeko», adierazi dute.
Besteak beste, «Zelenski faxista, zu zara terrorista», «Ez, ez, ez, NATOri ez», «NATOren gerra gure miseria» eta «NATO zu zara terrorista bakarra» bezalako aldarriak entzun dira manifestazioan zehar. Ikurriñak, ikur antifaxistak eta Donetskeko banderak ikusi dira, baita Errusiako bizpahiru bandera ere.
«Gero eta argiago dago, ez herri gisa, ez klase gisa, ez dugula etorkizunik NATO eta EBren barruan. Beharrezkoa da burgesiaren dominazio tresnak suntsitzea, baita Estatu espainiarra eta frantsesa ere», aldarrikatu dute.
MOBILIZAZIOAREN AMAIERAN IRAKURRI ZEN KOMUNIKATUA
Urgentziak markatzen hasi genuen manifestua. Presazkoa zela Euskal Herri antiinperialista eta internazionalista baten aldarria esan genuen. Eta presa horrek bildu gaitu Euskal Herriko txoko guztietako kideak. Kapitalismoa krisi sistemiko betean dago. Aparteko aldi batez hitz egiten digute, baina etengabeko krisietan murgilduta gaude, batetik atera orduko bestean sartzen gara.
2020tik aurrera, gainera, salbuespenezko fase batean sartu gara: Estatuak aprobetxatzen ari dira politika ekonomikoak, sozialak eta diziplinatzaileak zorrozteko. Gerra agertoki batera garamatzate. Eta, neurri berean ari dira zorrozten, nola ez, errepresioa eta zentsura. Europan faxismoa areagotzen ari da, eta ez dugu zalantzarik burgesia beldurtuta dagoelako dela. Beldurtuta, gero eta esplotatuago eta haserreago gauden langileon gaineko kontrola galtzearen aurrean. Nazioarteko harremanei dagokienez, inperioa hegemonia galtzen ari da.
Azken 30 urteotan, ia inolako oposiziorik gabe kontrolatu du mundua; baina piezak mugitzen ari dira. Estatu Batuak eta NATO buru dituen blokea ez dago prest bere ziklo historikoaren amaiera onartzeko; badirudi erabakia duela gerrak areagotzea, Txinaren eta Errusiaren hazkundea geldiarazi nahian. Eta, asmo horretan, industria armamentistari sekulako bultzada eman zaio. Konfrontazio fase honetarako, azkenean lortu dute Ursula Von Der Layenek, Borrell lorazainak eta halakoek zuzendutako lobbyaren atxikimendua. NATO eta EB historiako garai beltz honen zutabe nagusiak dira. Eta ez dezagun ahaztu herri palestinarrarekiko erasoak areagotzen ari den entitate sionista. Dena den, argi izan behar dugu NATOren rola erakunde militarra izateaz haragokoa dela. Egia da, bai, burgesiaren armada dela nagusiki; hala ari da erakusten Donbassen, eta hala erakutsi zuen bere garaian Jugoslavian, Libian eta Sirian. Horrez gain, ordea, badu beste funtzio bat: kapitalaren politikei aurre egiten dien edozeinen aurka egiteko adar militarra izatea.
Gaur egun, askotarikoak dira berekin dakartzan emaitzak: langile klasearen gainesplotazioa eta prekarizazioa, bereziki emakumeena eta arrazializatuena; lan eskubideetan aldaketak, klase borrokaren bitartez irabazitako kontzesio materialak kentzeko; lege aldaketak, borroka horien aurreko errepresioa areagotzeko… Zentzu horretan, adibide argia dira Estatu espainoleko azken aurrekontu orokorrak; eta ez dadila disimuluan pasa alderdi sozialdemokrata guztiek onartu izana. Herri langileen baldintza materialak okertzea babestu dute, NATOren mesedetara; izan ere, gaitasun gehiago eman zaizkio, eta burgesiaren interesak defendatzeko azpiegitura zibilak eskuratzeko eskubidea aitortu zaio.
Onartezina da politika militaristei babesa ematea, mundu gerra baten inguruetan, eta munduko herri langileon etorkizunarekiko konpromiso falta ikaragarria erakusten dute. Euskal Herrian gertutik ezagutzen dugu zer irudikatzen duen NATOk: Bardeako poligono militarraz eta Gasteizko Arakako basean egindako ariketa militarrez gain, Gasteizko Gobernua SENER eta SAPA gerra-industriak babesten ari da. Eta nola ahaztu NATOk bere garaian emandako babesa Estatu espainiarrari eta frantsesari, Gladio sarearen bitartez, Euskal Herriaren askapen borrokaren kontrako errepresio legal eta ilegalean. Honi guztiari ezinbestean gehitu behar zaizkio Bruselak ezarritako salbuespenezko neurri ekonomiko eta sozialak: pentsio pribatuen funtsak, erretiro adinaren igoera, osasungintza publikoaren desegitea…
Gero eta argiago dago, ez herri gisa, ez klase gisa, ez dugula etorkizunik NATO eta EBren barruan. Beharrezkoa da burgesiaren dominazio tresnak suntsitzea, baita Estatu espainiarra eta frantsesa ere, askatasunean oinarritutako etorkizun bat nahi badugu behintzat. Ez dira garai onak, ez. Egoera gero eta konplexuagoa da; gordinagoa. Horregatik, heda dezagun borroka antiinperialista Euskal Herriko herri eta auzo guztietara. Duela 36 urte ezezkoa eman genion NATOri, eta gaur, ez dugu hori berrestea bakarrik nahi, areago, ofentsiba inperialistari aurre egin eta dei egin nahi dugu EHn indarrak batzera NATOren eta EBren aurka, eta, ezinbestean, munduko gainerako herri langileekin eta nazio zapalduekin.
Jarrai dezagun borrokan, jarrai dezagun antolatzen. Presazkoa da, eta ez dugu denborarik galtzeko.
GORA HERRI LANGILEEN BORROKA!
GORA EUSKAL HERRIA ANTIINPERIALISTA!