San Mamesen Donbasseko ikurrak erakusteagatik isundutako pertsonari egindako elkarrizketa.

Hemen daukazue errepresioaren aurkako ASKE antolakundeak eginiko elkarrizketa.  JARDUN koordinadoraren webgunean (www.jardunkoordinadora.org) argitaratu da orain dela egun gutxi. 

———————————————————————————————————————————-

Kaixo Asier, kontuan hartuz Athletic Club – Atlético de Madrid neurketa hartan gertatu zenarekin zalaparta eta nahasmen handia eratu dela, lehenbizi azaldu ahalko zeniguke gau hartan zer gertatu zen San Mamésen eta zein neurri hartu diren zure aurka?

Gau hartan, azken 8 urteotako futbol partida askotan jende ugarik egin duen bezala, Donetsk-eko Herri Errepublikako (DHE) ikurra San Mamésera eramatea erabaki nuen. Finean, futbolaren industria negozio hutsa bada ere aspalditik, izugarrizko eskaparatea eskaintzen baitu edozein aldarrikapen sozial aurrera eramateko. Gauzak horrela, denboraldi honetan Iñigo Cabacas Herri Harmailan maiz Ghana, Palestina, Sahara, Nafarroa zein beste hainbeste banderarekin partidaro egiten den eran, harmailan batzen garen lagun batzuk DHE-ko bandera estadioko masta batean jarri genuen ere.

Era honetan, dena normalki zihoan 70. minutua heldu arte. Une horretan, klubeko segurtasun-agintari bat harmailako jende guztiaren artean sartuz, zerbait esatera zuzendu zitzaidan. Neurketaren jokaldiek eragindako zarata zela eta, ez nion ezer gutxi ulertu, baina kontuak nondik joan zitezkeen imajinatzen hasia nintzen, bandera seinalatzen zidalako eta ni bandera horren masta astintzen ibili nintzelako minutu gutxi lehenago. Halako batean, besotik heldu eta ni indarrez aterarazten saiatzen hasi zen, ni berarekin ez irtetekotan nire lagunak ere kanporatuko zituztela argudiatuz. Honen ondorioz berarekin hika-mikan hasi nintzen eta dozenaka lagun ni babestera hurbildu ziren nire kanporaketa ekiditeko. Behin bi minutuz eztabaidatzen egonda, klubaren balizko “segurtasunak” indarrez aterarazi ninduen. Honek nigandik hurbil zeuden athleticzaleak asko piztu zituen, eta injustizia honen aurrean Herri Harmailak partidaren animazio guztia bertan behera uztea erabaki zuen, orobat gertatu zena jakin zutenek San Mamésetik protesta moduan alde eginez.

Behin kanporatu nindutela, isuna esleituko zidatela komunikatu zitzaidan, are gehiago klubeko bazkide izanda. Lasai nengoen, iazko martxoan jada beste lagun batekin halako atal bat bizi bainuen poliziarekin, ia urtebete Polonian frogarik gabe bizi-baldintza tamalgarrietan dagoen Pablo Gonzálezen alde zein Donbasseko garbiketa etnikoa salatuz Herri Harmailan pankartak atera genituenean Athletic Club – Levante partidan.

“Gerra bat garatzen den erregio bateko bandera higitzea” leporatzen didate, inork ulertzen ez duen akusazioa dena, azken urtean konstanteak izan direlako espainiar ligako harmailetan ukrainar banderak ikusi diren kasuak. Nire kasuan 3.001€ eta sei hileko kirol-guneetara ezin sartzeko debekua inposatzen didate “ikur errusiarzale bat erakusteagatik” heldu zaidan notifikazioaren arabera, baina ez naiz pertsona bakarra. Herri Harmailako bost kide gehiagori momentuz isunak heldu zaizkie (4.001€-ko zenbait ere) estadiotik irteteko “deia” egiteagatik eta tira-biren harira ematen dituzten argudiaketa antzuengatik. Dena den, ez da lehen aldia, gure zelaian euskal preso politikoen amnistiaren aldeko ikurrarekin eta enparauekin dagoeneko jarrera oso beretsua izan duelako bere buruari “Ertzaintza” deitzen dion espainiar polizia vascongadoak.

Zure kasua ez da bakarra, zein da futbol zelaietan jazotzen ari den errepresio eta zentsuraz egiten duzun balorazioa?

Nire balorazioa minimoki politizatuta dagoen edozein pertsonak esan ahal dizuen berdina da. Hau da, XXI. mendea hasi zenetik espainiar estatua Europa osoko futbol zaleekiko tokirik errepresiboena bilakatu da, eta Hego Euskal Herria honen zenit bihurtu dute sarritan.

Gaur egunera heldu arte, eskalada-errepresiboaren eromen honetan bi inflexio puntu finkatuko nituzke: Alde batetik, Rajoyren “Mozal Legea” baino zigor are altuagoak inposatzen dituen 2007an Zapaterorekin onartu zen “Intolerantzia eta Indarkeriaren aurkako Kirolaren Legea”, eta bestetik, 2015ean “Tebas Legea” gisa ezaguna den onartu ziren arauen sorta. Lege honek izugarrizko inpunitatea eskaintzen die errepresio-indarrei “komunikatuta ez dauden ikurrak” zelaitik kentzeko eta euren jabeak kanporatzeko. Puntu hau erabat anbiguo eta subjektibo da, harmailetan hamaika ikur ez baitzaie klubei komunikatzen, baina gero errepresio indarrek kameren bidez ikusten dituztenak modu arbitrarioan ken ditzaketelako niri DHEko banderarekin gertatu zaidan bezala. Aldiz, ez kluba ezta errepresio indarrak ez dira Ghana, Sahara edo Palestinako banderak San Mamésen kentzera ausartzen hauek ikur “pro-afrikar” edo “pro-arabiarrak” direla argudiatuz, logikoki gizarte osoak eskuak burura eraman eta arrazismo kasu hau salatuko lukeelako. Ostera, aurreko mendeko 30etako hamarkadako judutarren aurkako kanpainen gero eta antza gehiago hartuz doazen jasotzen ditugun errusofobia kanpaina mediatiko inperialistak direla eta, Donetsken errusiar hizkuntzan hitz egiten dutenez gero, edozer da zilegi niri leporatzen didaten ikur “pro-errusiar” bat eramateagatik.

Azken lege hau, “Tebas Legea”, Frente Atléticoko neonaziek Jimmy galiziarra erail ondoren etorri zen, baina ohikoa den eran espainiar estatuan, zalego antifaxistak jazartzeko erabili den legea da eta inpunitatea eskaini die beste behin ultraeskuindarrei. Honen adibide oso hurbil dugu esaterako duela egun gutxi gertatu dena, Indar Gorriko sei kide frogarik gabe azaroaren 27an emandako gertaera batzuengatik atxilotuak izan baitira, eta bitartean Boixos Noiseko neonaziek lasai asko kalean segitzen dutelako azaroaren 8an Ezpala taberna iruindarra goitik behera apurtu eta lagun ezberdinak zauritu ondoren.

Etsaiak oso ondo daki zenbatekoa den kirol emankizunek nazioartean duten indarra, eta futbola praktikoki munduan dagoen erakusleihorik zabalena da. Horregatik hain zuzen ere, Euskal Herriko langileak zapaltzen gaituzten frantziar eta espainiar estatuek jomugan dauzkate euskal taldeetako zalegoek burutu ahal dituzten klase eta nazio aldarrikapen guztiak, eta hauek jazartzeko edozer egiteko prest daudela demostratzen dute urtero. Honen paradigma dira Euskal Herriko hiriburuan espainiar polizia okupatzaileak Osasunako zaleen aurka azken urteetan abian jarri dituen kanpainak Euskal Preso Politikoen hurbilketa eta Arrano Beltzaren ikurrak debeka daitezen edo urtarrilean Ikurriñaren aurka Osasuna-Mallorca partidan eman den bezala. Zorionez, Indar Gorriko kideek egin duten lan nekagaitzari esker, juridikoki debeku hauek behera botatzea lortu dute etsaiaren auzitegietan epaiketak irabaziz. Era honetako lana denok izugarri estimatu behar dugun euskal talde guztion alde egin duten lana da.

Zein da jaso duzun babesa?

Jaso dudan babesa oso altua izan da, pertsona askok Maidaneko estatu-kolpea eman zenetik Euskal Herria-Donbass Komiteari esker oso hurbiletik jarraitu dutelako ukrainar gatazkaren erro historikoa. San Mamésera doan jende askok ez zuen biharamuna heldu arte ulertu gertatu zena (borroka, liskarra edo halako zeozer izan zela uste zuten), eta jakin izan balute harmailatik alde egingo zuketela argi utzi didate.

Errusiar enbaxadatik nirekin kontaktuan jarri ziren ere, inoiz RT katean parte hartu dudalako, eta laguntza juridikoa eskaini zidaten. Aldi berean, bideo-elkarrizketa ezberdinak eman nituen ingelesez eta espainieraz kate ezberdinetan gertatutakoaren berri nazioarteko kanal ezberdinetan emanez, errepresiorik txarrena publikoki salatzen ez duguna delako.

Finean, kontuan hartu behar dugu EAE mailan izugarria dela EAJk gauzatu duen Maidaneko estatu-kolpetik irtendako gobernu banderista ukrainarraren aldeko kanpaina. Horri batu behar zaio EAJrekin lotura estua duten Eroski, Euskaltel edo garraio publikoek uneoro ikur ukrainarrak era biktimistan jartzeko kanpaina sistematikoa egin dutela, sortu nahi duten herri alienatuak ezer ere kuestiona ez dezan. Behin hau eginda, langilegoaren zati handi baten gai honekiko lobotomizazioa lortuta, oso erraza da inor seinalatzea niri eta beste askori egin diguten bezala.

Horrez gain, sektore aurrerakoi asko Lehen Mundu Gerraren arketipoa jarraituz balizko “inter-inperialismo” batez aritzen dira, eta horrek kalte itzela eragin dio borroka internazionalistari azken hamarkadan eman diren nazioarteko gatazketan. Hemen, zorionez, Europako beste tokietan ez bezala, Donbasseko langileekiko elkartasun ekimen indartsuak burutu ditugu 2014ko udaberrian “Euskal Herria – Donbass Komitea” abian jarri zenetik. Kide hauei asko zor diegu eta jende askok hau behar beste baloratzen ez diela uste dut. Izan ere, inflazioaren eraginez KPIa, gure erosketa-saskia, autorako gasolina edo etxeko-argia nola disparatu diren ikusita, drama honen errudunak seinalatu behar ditugu, eta errudunak ez dira ez Errusia, ez Txina, ez Iran. NATO eta Europar Batasuna dira euren uneoroko jarrera inperialistaren ondorioekin euskal langileoi miseriara kondenatzen gaituztenak.

Zer uste duzu egin behar dela halako kasuen aurrean?

Lehenbizi egin behar dena era indibidualistan ezin duzula jokatu ulertzea da, zure aurka egiteko erabili duten motiboa zuk milaka pertsona ordezkatzen dituen sinbolo bat erakutsi izana izan daitekeelako. Hortaz, prozesu legalaren bukaeraraino irabaztera joan behar duzu. Berehala kasu hau ez zela nire aurka barneratu nuen, adierazpen askatasunaren kontrakoa baitzen. Izan ere, ez da onargarria duela 8 urte euskal zelaietan egon den bandera berdina bat-batean kriminalizatua izatea, are gutxiago iazko otsailetik etengabe Kieveko erregimen banderistaren ikur urdin-horia nonahi ikustera derrigortuta gaudenean.

DHEko bandera euskal zelaietan 2014tik urtero presente egon da.

Askok hipokrisia dela diote baina nik ez dut horrela uste. Arazoaren muina espainiar estatua NATO estatua dela da, eta bete-betean Errusiar Federazioarekin gerra zuzeneko planoan lerrokatu dela. Bardeetako NATOren base militarra hemen daukagu Nafarroa Garaian, eta munduaren beste aldean NATOk duen eraginaz sarritan aritzen den jende askori NATO Euskal Herrian estrategikoki kokatuta dagoela ahazten zaiola iruditzen zait. Honen enegarren adibidea, egun hauetan ukrainar erregimenari entregatzeko Bilboko Portutik irten diren tankeak eta arma ugariak dira.

Laburbilduz, era honetako errepresio politikoa pairatzekotan, unean bertan juridikoki norberaren kasua eramango duen abokatu espezializatu batekin harremanean jartzea lehen urratsa izan behar du. Horretarako, abokatua on bat ordaintzeko gaitasun ekonomikorik ez duten pertsonak diruarekin kolektiboki lagundu behar ditugu, haiek kasua juridikoki galtzeak denoi galbidera garamatzalako, etorkizuna baldintzatuz apurka etsaiak jango digun espazioa da eta. Hau gauzatzeko gako da politizazioa eta lan-ideologikoa egunero gure bizitzan hurbil ditugun pertsonekin lantzea, gerora errepresioa jaso dutenen pertsonen aldeko elkartasun ekimenetan gero eta langile gehiagok euren ekarpena egin dezaten.