Pablo González preso mantenduko du, Poloniak defentsaren helegitea baztertu ostean

Otsailaren 23ra arte, gutxienez, preso jarraituko du kazetari narbaniztarrak. Otsailaren 28an urtebete egingo du behin-behinean preso, eta oraindik ez dago bere aurkako akusazio formalik.

*ARGIA astekaria

Pablo González kazetariari beste hiru hilabetez luzatu zion Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak behin-behineko espetxealdia azaroan, atxilotu zutela bederatzi hilabete zirenean. Defentsako abokatuak helegitea jarri zion luzatzeari, baina asteartean Rzeszów-eko (Polonia) Apelazio Auzitegiak jakinarazi du espetxealdia mantentzea erabaki duela. Horrela, Gonzalez otsailaren 23ra arte, gutxienez, preso izango dute.

Hirugarren aldia da behin-behineko espetxealdia luzatzen diotela Gonzálezi, eta aldiro helegitea jarri du bere abokatuak; hiruretan baztertu dute, ordea. Otsailaren 28an urtebete egingo du preso. Errusiarren espioi izatea egotzita atxilotu zuen Poloniako Poliziak, baina oraindik ez diote akusazio formalik egin. Senitartekoek argi dute Gonzélez Espainiako eta Errusiako nazionalitate bikoitza izateagatik eta bere kazetaritza jardunagatik atxilotu dutela.

Abenduaren amaiera aldean, kazetariaren senide eta lagunek defentsa gastuetarako diru bilketarako elkarte bat sortu zuten: besteak beste, abokatuen soldatak, joan etorriak edota tramite bukokratikoak ordaintzeko, baita Gonzálezen mantenurako ere.