*Miguel O. Iribar – Igor Susaeta / BERRIA
Errusiako Eliza ortodoxoko Kiril patriarkak egindako eskaera aintzat hartuz, Vladimir Putin Errusiako presidenteak 36 orduko su eten batera du bihar eguerditik aurrera. Horrek gerra fronte osoari eragingo lioke. Hala jakinarazi du Kremlinek, ohar baten bidez. Izan ere, ortodoxoek Eguberria ospatzen dute bihar eta etzi, eta erlijio horren Errusiako buruak menia eskaera bat egin die, gaur, alde guztiei.
«Erlijio ortodoxoaren jarraitzaile asko gatazka guneetan bizi direnez, Ukrainari eskatzen diogu su eten bat aldarrikatu dezala», nabarmendu du, Putinek. Haren esanetan, modu horretan mezetara joan ahalko lukete bihar eta etzi. Joan den otsailaren 24an Ukrainako inbasioa hasi zuenetik aurrenekoz agindu du menia bart
Bestalde, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek ere, Moskuren eta Kieven arteko bitartekari lana egiten ari den agintariak, gerra etetea galdegin dio goizeko telefono dei batean. Bada, Errusiako presidenteak erantzun dio Erdogani Mosku prest dagoela «elkarrizketa serio baterako», zenbait baldintza onartzearen truke; besteak beste, Kievek aintzat hartzen badu Errusiak anexionatutako «lurraldeen egungo egoera berria».
Turkiako presidentetzak ohar batean azaldu duenez, Erdoganek berretsi egin dio Putini «aldebakarreko su eten baten bidez gauzatu behar direla bai bakerako deiak, bai Moskuren eta Kieven arteko negoziazioak, konponbide justua eta iraunkorra lortzeko», eta nabarmendu du Errusiako armadak erretiratu egin behar duela Ukrainako lurralde okupatuetatik: Kherson, Zaporizhia, Luhansk eta Donets eskualdeetatik, baita 2014an Errusiak anexionatutako Krimeatik ere, Erdoganen esanetan.
Kiril patriarkak, berriz, su etena eskatu die Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazkan parte diren guztiei, urtarrilaren 6ko 12:00etatik —Euskal Herrian 10:00ak— hilaren 7ko gauerdira arte, «herritar ortodoxoek mezetara joateko aukera izan dezaten Eguberriaren bezperan eta Jesu Kristo jaio zen egunean», Eliza ortodoxoaren webgunean argitaratutako oharrak dioenez.
Kremlinek baztertu egin zuen menia ezartzea abenduaren 24an eta 25ean, eta berdin Urteberri egunean. Are gehiago, urtarrilaren 1eko goizaldean eta hurrengo egunean armadak dozenaka drone bonba jaurti zituen Ukrainako zenbait hiriren aurka.
Egoera «hobetu» beharra
Frantziak uste du Ukrainak bere egoera «hobetu» behar duela gerra frontean, Kremlinekin negoziatzen hasi aurretik. Hala esan du Frantziako Atzerri ministro Catherine Colonnak, LCI telebista kateari emandako elkarrizketa batean. Erantsi du Parisek «maila guztietako» harremanak dituela Errusiarekin, baina aitortu du ez dagoela datarik zehaztuta Frantziako presidente Emmanuel Macron eta Putin elkarrekin mintza daitezen.
Gerra hotsen erdian, Macronek Zelenskirekin hitz egin zuen atzo, eta baieztatu zuen Parisek AMX-10 RC motako tanke arinak bidaliko dizkiola Kievi, eta horiek izango direla Ukrainako tropek erabili ahal izango dituzten lehenak. Eliseoaren iritziz, arma bidalketa Ukrainari ematen dion «babesaren adierazgarria da»; izan ere, herrialde hori «subiranotasunaren eta independentziaren borrokan ari da, bere burua defendatzeko eskubidea baitu».