2014tik, Ukrainako armadak azpiegitura zibileko 3800 instalazio baino gehiago (eskolak, ospitaleak, energia-hornidurako instalazioak…) eraso eta suntsitu edo kaltetu ditu Donbassen.

Ukrainako indar militarrak azpiegitura zibila eta ezinbesteko instalazioak suntsitzen saiatu dira Donbasseko gatazka hasi zenetik, eta bi herri-errepubliketan jarduten duen Ukrainako Gerrako Krimenekin Lotutako Gaiak Kontrolatzeko eta Koordinatzeko Zentro Bateratuak (JCCC) ohar ofizial baten bidez jakinarazi zuenez, asteazkenean.

«Ukrainako talde armatuak dira, askapen-operazio berezia hasi baino askoz lehenago (2022ko otsailaren 24an), hau da, 2014ko apirilaz geroztik, Donbass intsumisoaren azpiegitura suntsitzen aritu dira, nahita eta metodikoki, Donbasseko zibilentzat bizi-baldintzak jasanezinak izan daitezen, izutzeko, beldurtzeko eta eragiteko helburu bakarrarekin», ziurtatu du JCCCk bere agirian.

Suntsipen horren zati handiena Ukrainako artilleriak eragin du batez ere, Donetskeko Herri Errepublikan (DHE); izan ere, 3.166 instalazio suntsitu dira (Donbass guztian kaltetutako azpiegituren ia % 83), gatazkan zehar, JCCCk emandako datuen arabera. Horietako gehienak (1.342) instalazio sozialak, ekoizpenekoak edo komertzialak dira; 890 energia, ura, berogailua eta gasa hornitzeko instalazioak dira, 699 hezkuntza-erakunde, 151 erakunde mediko eta 84 bizi-azpiegiturako instalazio.

Datuak ez dira hain zehatzak Luhanskeko Herri Errepublikan (LHE), baina 2014ko udaberrian Kieveko Batzorde Kolpistak hasitako gatazkan ukrainarren erasoen ondorioz suntsitutako edo maila desberdinean kaltetutako azpiegitura zibileko instalazioen konputu globala 650 da (Donbass guztiaren ia % 17).

Ukrainako gobernuak herri-errepubliken azpiegitura zibila suntsitzeko duen politika horrek eragin handia du Donbasseko biztanleengan, batez ere bonbardaketak gehien jasaten diren frontetik hurbilen dauden eremuetan. Bonbardaketek eragindako berogailurik eta gasik ezari ur-falta gehitu behar zaio askotan, eta kasurik nabarmenena Donetskekoa da, biztanle gehien dituen Donbasseko hiria baita. DHEren hiriburuak egunez egun jasaten ditu ur-murrizketa handiak, batzuetan egunak irauten dutenak, eta, horren ondorioz, biztanleek arrazionalizatu egin behar izaten dute lor daitekeen ur apurra, eta horrek baldintza higienikoak eta osasuna bera okertzen ditu. Ildo horretan, azpimarratzekoa da hiriko bizilagun askok ura ateratzen dutela hiria zeharkatzen duten ibaietako batetik, oso kutsatuta dagoena.

Badago Kremlinekin bat ez datorrenik Donbassen gertatzen dena genozidio gisa katalogatzen (analista eta sektore politiko askok egozten diote Putini termino hori erabili izana bere interesak benetan zer diren ezkutatzeko eta Ukrainaren aurkako politika militarra justifikatzeko), baina ezin da ukatu Kievek zigor kolektiboko politika bat duela Donbasseko herritarren aurka, eta artikulu honetan deskribatzen diren azpiegitura zibilaren aurkako erasoak adibide garbiak dira. Milaka hildako, zauritu eta mutilatu ahaztu gabe.

Guk Euskal Herria-Donbass Elkartasun Komitean ere ez dugu argi genozidioaren gaiari buruz, baina argi daukaguna da Kosovoko gatazka Mendebaldearentzat genozidioa izan bazen Serbiaren aldetik, Donbassekoa genozidioa dela, giza eskubideen urraketa askoz ere handiagoa baita. Potentzia beligeranteen buruzagien hitz-jokoetan sartu nahi izan gabe (irakur bedi Mendebaldea-OTAN-Ucrania alde batetik, eta Errusiar Federazioa bestetik), guretzat agian termino teknikoena izan daiteke Kieveko erregimenak Donbasseko biztanleriaren garbiketa etnikoaren politika deliberatua izan duela eta duela. Dena esan behar da, Kieveko erreximenaren planak ez dira lortu Herri Errepubliken erresistentzia armatuari esker, baina baita ere Errusiak 2014-2015ean gutxienez bi operazio militar express egiteagatik eta armak bidaltzeko eta Errusiatik boluntarioak iristeko tolerantziagatik eta otsailaren 24an abian jarritako Operazio Militar Bereziarekin egindako esku-hartze militar zuzenagatik; operazio hori Ukrainak DHEren eta LHEren aurkako erasoaldi militarra abiatu eta gero hasi zen, eta horren ondorioz bonbardaketa gogorrak egin ziren Herri Milizien defentsa-lerroen eta hiri nagusien aurka eta instalazio ofizialen aurkako atentatuak egin ziren kargudun militar eta politikoen aurka.

Komeni da gogoratzea egoera honetan (oso zigortuta dagoen biztanleria bat, ahulduta dagoen ekonomia bat, Minskeko Akordioen bidearen amaiera eta Kieveko agresibitate faxista) LHEko eta DHEko agintariek laguntza eskatu ziotela ofizialki Errusiari, Moskuk independentzia aitortu ondoren.