Ia bederatzi hilabete dira Pablo Gonzalez kazetari euskalduna Polonian, ia Ukrainako mugan, atxilotu zutenetik. Errusiarentzako espioitza lanak egitea leporatzen zioten, baina frogarik aurkeztu ez eta behin-behineko espetxealdian mantendu dute. Orain arte, senideekin gutun bidez soilik komunikatu ahal izan da, eta abokatuaren eta Espainiako kontsularen bisitak bakarrik jaso ditu. Astelehenean, Oihana Goiriena emazteari lehen aldiz eman diote bisitarako baimena.
*Lide Iraola / ARGIA
Oihana Goirienak lehen aldiz bisita egin ahal izan dio bere senarra den Pablo Gonzalez kazetariari, Poloniako Radom hiriko espetxean. Ia bederatzi hilabete dira kazetaria Polonian atxilotu zutenetik, Ukrainako mugako errefuxiatuen egoeraz informatzen zebilela. Errusiaren espioi izatea egotzi zioten. Ordutik, behin behineko espetxealdian dago, eta orain arte gutun bidez soilik komunikatu ahal izan da senideekin, eta abokatuaren eta Espainiako kontsularen bisitak baino ez ditu jaso. Atxiloketa prozesuaren nondik norakoak jorratu zituen Lander Arbelaitzek erreportaje honetan.
Goirienari astelehenean baimendu diote lehen aldiz Varsoviatik 40 kilometrotara dagoen Radom espetxean bisita egitea, bi orduz, eta Poloniako Inteligentzia zerbitzuko agente baten zaintzapean. Pisu asko galdu duela, baina “pairatzen ari den egoerarako” osasunez ez duela gaizki ikusi adierazi dio Goirienak Eitb-ri. Indar bultzada izan da bisita, eta kazetariak emazteari eskatu dio eskerrak emateko “denbora guzti honetan babesa eman dioten herritar, elkarte eta hedabideei”.
Lehen bisita “inflexio-puntua” izango dela uste du Goirienak, eta hemendik aurrera baimenak arinago helduko direla. Pablo Gonzalezen Poloniako abokatu taldearekin izan da, eta ziurtzat jotzen dute espetxealdia urtebetera arte ere luzatzea, behin-behineko egonaldia amaitu arte gutxienez. Hortik aurrera, gauzak aldatzea posible da. Baina egozten dizkioten delituengatik hamar urteko espetxe zigorra ezar diezaiokete. Goirienak argi du atxiloketaren arrazoiak Gonzalezek Espainiako eta Errusiako nazionalitate bikoitza eta haren kazetari jarduna direla.