Donbasseko gatazkaren errealitateaz ariko da gaur Orereta-Errenterian Bruno Carvalho kazetari portugaldarra

*Oarsoaldeko Hitza (oarsoaldea.hitza.eus)

Gaztañoko auzo lokalean hitzaldia eskainiko du ostiralean, Euskal Herria-Donbass Elkartasun Komitearen egitasmoz. Donbaseen behin baino gehiagotan egondakoa da portugaldarra, bertan jasotako «informazio zuzena eta manipulaziorik gabekoa» emango du.

Donbasseko gatazkaren errealitatea gertutik ezagutzeko aukera emango dute Gaztañoko auzo lokalean ostiralean (hilak11). Bruno Carvalho guda kazetari portugaldarrak hitzaldia eskainiko du, 19:00etan. Honetan, Donbassen eta inguru horretan gertatzen ari denaren inguruko “informazio zuzena eta manipulaziorik gabekoa” emango duela diote Euskal Herria-Donbass Elkartasun Komitekoek. 2014tik Ukrainiako krisiaren inguruan “ezarritako blokeo mediatikoa eta manipulazioak apurtzea” izan da euren zeregina, horren inguruan ariko da kazetari portugaldarra.

Donbaseen behin baino gehiagotan egondakoa da portugaldarra. Ukrainako armadak Donetskeko eremu zibilen aurka egindako bonbardaketa bereizi gabeen lekuko izan da, baita irailaren bukaeran Errusiako Federazioarekin bat egiteari buruz Luhanskeko Herri Errepublikan eta DHEan egindako autodeterminazio erreferendumen lekuko ere. Russia Today, Tele Sur, HISPAN TV, CNN Portugal edo GARA bezalako hedabideekin kolaboratu du.