Paramilitar faxisten eta Ukrainako armadaren biktima zibilak dituen hilobi komun bat aurkitu dute Donbassen

Luhanskeko Herri Errepublikako (LHE) hobi komunetan lurperatutako 521 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu ditu Ukrainako erregimenaren esku dauden biktimen ehorzketak bilatzeko sailarteko lantalde batek.

Sputnik News hedabide errusiarrak zabaldutako informazioaren arabera, 396 zibilen gorpuzkiak Rubezhnoen berreskuratu dira eta beste 125 Severodonetsken.

Aurkitutako gorpuen heriotzen arrazoiei dagokienez, Oleg Kolesov Errusiako Ekaterimburgo hiriko Auzitegiko Medikuntzako Bulegoko adituak ziurtatu du obusen leherketak eragindako lesioak izan zirela Severodonetskeko hobi komunetan lurperatutakoen heriotza-arrazoi nagusia. Ildo beretik hitz egin du Anna Soroka LHEko estatuburuaren aholkulariak kazetarien aurrean: «Funtsean, borroketan hil ziren martiriak dira guztiak. Heriotza-kausa nagusia obus eta leherketek eragindako zauriak dira, baita frankotiratzaile ukrainarren tiroak ere.»

Hobi komunak dauden gehienetan, hildakoen senideek eramaten dituzte berreskuratutako gorpuak, baina seniderik ez dutenak edo identifikatu ezin izan dituztenak lurperatzen dituzte.

Luhanskeko Herri Errepublikako jarduneko estatuburuak, Leonid Pásechnikek, hobi komunak aurkitu ondoren Telegrameko bere kanalean adierazi duenez, “Luhanskek ez ditu inoiz barkatuko herritarren aurkako krimen izugarri horiek. Gure eginbeharra da neonazi guztiak justiziaren aurrera eramatea!”