8 urte joan dira, 2014ko udaberrian, Euskal Herria – Donbass Elkartasun Komitea proiektua martxan jarri genuenetik eta gure helburu nagusietako bat izan da Donbasseko gerraren eta, oro har, Ukrainako krisiaren inguruan ezarritako blokeo mediatikoa eta manipulazioak apurtzea. Informazio-lana sare sozialen bidez eta gure webgunearen bidez garatzeaz gain, gure dinamikarik garrantzitsuenetako bat Euskal Herrian zehar hitzaldiak ematea izan da, Donbasseko gatazkaren errealitatea ezagutarazteko.
Aste honetan berriro ekingo diogu hitzaldien dinamikari, eta, beraz, hitzaldietako batzuk Gipuzkoako eta Bizkaiko zenbait herritan egingo ditugu. Hitzaldiokin, hurbilketa bat egiten saiatuko gara, Donbassen une honetan benetan gertatzen ari dena deskribatzen. Errealitate hori aldatu egin da 2022an, otsailetik hona Errusiako Federazioa gatazkan sartu delako zuzenean.
Oraingo honetarako ez ditugu gure baliabideak erabiliko, Bruno Amaral de Carvalho izango dugu hizlari. Eskarmentu handiko kazetari portugaldar bat da, Donbassen behin baino gehiagotan egon dena. Azken aldian, Donetskeko Herri Errepublikatik (DHE) eman du informazioa batez ere. Bertan, Ukrainako ejertzitoak Donetskeko eremu zibilen aurka egindako bonbardaketa bereizi gabeen lekuko izan da, baita irailaren amaieran Errusiako Federazioarekin bat egiteari buruz Luhanskeko Herri Errepublikan (LHE) eta DHEan egindako autodeterminazio-erreferendumen lekuko ere.
Brunok audio-ikusizko nazioarteko hainbat hedabidetan lan egin du, hala nola Russia Today (RT), Tele Sur, HISPAN TV, CNN Portugal, NOS Diario galiziarra edo GARA egunkari euskaldunean.
Donbassen gertatzen ari dena bertatik bertara ezagutzeko aukera ona daukazue gaur Arrasaten (Gipuzkoa) Askapena antolakunde internazionalistarekin batera antolatu dugun hitzaldian.