Fikzioen amaiera Ukrainan

*Asier Blas Mendoza / ARGIA astekaria

2014an Ukrainako gobernu kolpistak Donbasseko eskualdeen kontrako gerra hasi zuenean Terrorismoaren Kontrako Operazio gisa izendatu zuen erasoa. Kieven agintea berriro hauteskundeetan hautaturiko presidente batek –Petro Poroxenkok– hartu zuenean, berdin izendatu zen, 2018an Indar Bateratuen Operazioa bezala berrizendatu zuen arte. Halere, bere adierazpenek fikziotik gutxi zuten Donbasseko jendeaz hitz egiten zuenean: “Guk lana dugu, haiek ez. Pentsioak ditugu, haiek ez. Haurren eta erretiratuen mantenua dugu, haiek ez. Gure seme-alabak haurtzaindegietara eta eskoletara joango dira, beraienak sotoetan egongo dira eserita. Ez baitakite ezer egiten! Horrela irabaziko dugu gerra hau».

Gerra egon bazegoen, horregatik Poroxenkok Minkseko akordioak babestu zituen errusiar armadak edota mertzenarioek sartu-irten indartsu eta azkar bat egin zutenean Donbasseko milizien alde. Ukrainak eta Errusiak bake-prozesurako protokoloa sinatu zuten Alemaniaren eta Frantziaren bitartekaritzarekin. Honek Kremlinaren fikzioetako batekin amaitu zuen: Moskutik kontatzen ziguten ipuinaren arabera Errusiak ez omen zuen-eta zerikusirik Donbaseko gerrarekin. Bestalde, berriki Poroxenkok argi utzi du ez zirela Vladimir Putinez fidatzen eta inoiz ez zutela asmorik izan akordioek ziotena betetzeko, bere esanetan ekonomia indartu eta berrarmatzeko denbora irabazteko tresna bat baino ez ziren izan. Azken honetaz ez dago dudarik, Jens Stoltenberg-ek, NATOko idazkari nagusiak, esan du aliantza militarra ukrainar armada entrenatzen, ekipatzen eta laguntza ematen dagoela 2014tik.

Zortzi urte eta gero Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuen. Kremlinak Operazio Militar Berezia bezala izendatu zuenak egun edo aste gutxi batzuk soilik iraungo zuela uste zuen. Errusiarrek inbasioaren shocka erabili nahi zuten ukrainar gobernua bortxatzeko akordio bat sinatzera Moskuk nahi zuen terminoetan edota gobernu aldaketa bat laguntzeko. Horren adierazle izan ziren inbasioa hasi eta hurrengo egunean Putinek egin zituen adierazpenak eskatuz Ukrainako armadako buruei estatu kolpe bat emateko. Ez zen gertatu.

Ordutik errusiar gobernua Operazio Militar Bereziaren fikzioa mantentzen saiatu da Kharkiveko eskualdean izandako galera handiak gertatu arte. Kontua da operazio militarraren eskemapean Errusiak ez duela posible ikusten sufrituriko porrotaren aurrean erantzun arrakastatsu bat ematea eta gerraren jokoan enbidoa bota du. Putinen agerraldi laburra armadako erreserbisten mobilizazio partziala iragartzeko Operazio Militar Bereziaren orain arteko porrotaren konstatazioa da.

Errusiak Ukrainako lau eskualde anexionatu ondoren hauek erasoren bat jasotzen badute Putinek iragarri du Errusiar Federazioaren kontrako eraso bezala kontsideratuko dituela, horrela, operazio militar berezi baten eskematik gerra eskemara pasatuko da Mosku. Egoera larriagoa eta arriskutsuagoa bilakatuz. Arazoa da interes ugari daudela gerra betikotzeko. Orain aste batzuk Ukrainska Pravda egunkari digitalean Ukrainako goi funtzionario baten adierazpenak jasotzen ziren esanez apirilean Errusia eta Ukraina artean akordio batera iritsi zirela Turkiaren bitartekaritzarekin, baina azkenean Ukrainak ez zuela sinatu ardatz anglosaxoiak oztopatu zuelako: Boris Johnsonek sinadura gertatu aurretik Kieverako hegaldi bat hartu zuen. Izan ere, gerra honetan dagoen beste fikzioetako bat da esatea Ukrainako gobernuak soberania duela gerraren garapenari buruzko edozein erabaki hartzeko.