*Asier Blas Mendoza / ARGIA astekaria
Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerrak Europan jarri du nazioarteko politikaren arreta azken hilabeteotan; hala ere, nazioarteko hegemonia lortzeko lehia AEBen eta Txinaren artekoa da. Munduaren erdigunea Asia-Pazifikoa eskualdean dago. Bertan lehengai ugari egoteaz gain, munduko biztanleriaren gehiengoa bizi da, edo bestela esanda, munduko ondasun eta lanesku merkatu handiena da. Ukrainako errusiar inbasioa bigarren mailako gatazka izango litzateke, NATOk Errusiaren kontrako borrokan bultzatu duen gerra ekonomikoaren ondorio globalengatik ez balitz.
Hala ere, Hegoalde Globalak disimulurik gabeko axolagabekeria eta mespretxua erakutsi ditu Mendebaldearen kontakizun alarmistaren eta G7ak Errusiaren aurkako borrokan laguntzeko egindako eskaeren aurrean, bai Ukrainak egiten duen gerra subsidiarioan, bai Washingtonek eta Bruselak Moskuren aurka abiarazitako intentsitate handiko gerra ekonomikoan.
AEBek eta bere aliatuek diplomaziako artilleria guztia erabili badute ere, presio hertsagarrienak barne, ez dute ia inolako laguntzarik lortu Iparralde globaleko mugetatik kanpo. Areago, Hegoalde Globaleko herrialde askok Errusiarekin harreman ekonomikoak garatzeko aukera berri eta onuragarriak baliatu dituzte, agerian utziz hegemonia estatubatuarraren higadura.
Mendebaldea eta Errusia lotzen zituen zilbor-heste ekonomikoaren haustura atlantistari kontrajarriz, Moskuk Asiarako eta munduko gainerako herrialdeetarako bira indartu du, eta bazkideak topatu ditu bertan. Errusia ez dago ekonomikoki isolatua, areago, bere aliantzak indartzen ari dira, izan Eurasiako Batasun Ekonomikoa, Shanghaiko Lankidetza Erakundea edo BRICS antolakundea. Azken hori da seguruenik Mendebaldeko boterearen aurrean alternatiba hobekien irudikatzen duena. Aliantza irekita dago bazkide berriak onartzeko, eta badirudi sartzen lehena Argentina izango dela.
Agertoki horrek bizkortu egin du merkataritzako transakzioetan Mendebaldeko finantza-sistemari eta dolarrari alternatibak sortzeko prozesua, abian zeudenak baina oso mantso egiten zutenak aurrera. Iparralde Globaleko ekonomiak jasaten ari diren zigorren ‘bumeran efektua’-ren parte da hori, bereziki EBn, Washington gizentzeko odolusten ari baita Europa.
Mendebaldeak, globalizazio ekonomikoak jada bere alde jokatzen ez duela ikusteaz nekatuta, desglobalizazioari ekin dio, mundua bi bloketan banatuz. Alde batetik ardatz atlantista dago eta bestetik Txinak eta Errusiak gidatzen duten herrialdeen aliantza, tartean estatu batzuek koltxoi gisa jokatzen dute bi blokeen arteko trantsizio gisa.
Blokeen arteko borroka horren joko zelai nagusia gerra ekonomikoa da, eta oraingoz ez du itxura onik Mendebaldearentzat. Horregatik, beti egin duen bezala, ezinbestekoa du gerra ekonomikoa presio militarrarekin uztartzea etsaien garapen eta hazkunde ekonomikoa eragozteko. Hala ere, oraingoan presioa ez da nahikoa izango, Washingtonek inoiz baino gehiago behar baitu gatazka militarra erabiltzea Txinari mesede egiten dion joera ekonomiko estrukturala iraultzeko. Jomuga NATOk finkatu du Madrilgo gailurrean, Asia-Pazifikoko eskualdera de facto hedatuz –base militar estatubatuarrez betea dagoen eskualdea–, eta Txina behin eta berriz kritikatuz. Bere helburu estrategikoen berregokitzean, NATOk bere balioentzat, interesentzat eta segurtasunarentzat “erronka” handi gisa definitu du Txina. Aliantza atlantistak duela ez asko Errusia aliatu gisa definitzen zuen, atera kontuak.