*Igor Susaeta / BERRIA
Ukrainako eta Errusiako ordezkaritzak Istanbulen batzartu ziren herenegun, NBE Nazio Batuen Erakundearen begirale talde batekin batera, gerraren ondorioz Ukrainako portuetan pilatutako zerealak merkaturatu ahal izateko baldintzez hitz egiteko. Bilera bukatu ondoren Turkiako Defentsa ministro Hulusi Akarrek nabarmendu zuenez, alde biek akordio bat lortu dute koordinazio zentro bat sortu eta Itsaso Beltzean zereala garraiatzeko bideen segurtasuna bermatzeko. Oharrean zehaztu zuen adostu dutela portuetan kontrol bateratuak egitea. Turkiaren esanetan, alde guztiak datorren astean dira berriro biltzekoak, eta orduan sinatuko dute ituna. Errusiak eta Ukrainak ez dute adierazpenik egin.
NBEk, baina, ez du adierazi akordio bat lortu dutenik. Antonio Guterres erakundearen idazkari nagusiak New Yorken kazetariei esan dienez, «aurrerapauso garrantzitsu bat» eman dute gaurko bileran, baina nabarmendu du «alderdi teknikoei» dagokionez urrats gehiago egin beharko dituztela itun bat gauzatzeko. Azpimarratu du, halere, adostasun bat lortu dutela, esaterako, esportaziok kontrolatzeko mekanismoetan eta, besteak beste, zereala portuetatik ateratzea ahalbidetuko duen sistemaren koordinazioan.
Munduko elikagai krisia arintze aldera, ezinbestekoa da Ukrainako zerealaren krisia konponbidean jartzea. Begiraleek adierazi izan dute negoziazioetako oztopo nagusietako bat izan direla atzera Ukrainara bidean diren itsasontziei egin beharreko kontrolak. Iturri horiek diotenez, Errusiak ontzi horiek ikuskatu nahi ditu, Ukrainak armak ez daramatzala baieztatzeko. Moskuk esan izan du «ulergarria» dela baldintza hori ezartzea.
Ukrainak ere baldintzak jarri ditu. Batetik, Moskuk kontrolatzen ez dituen portuetan, Odesakoan, esaterako, segurtasun ziurtatu ahal izatea; eta bestetik, Kremlinek konpromisoa hartzea ez diela ez horiei, ez ontziei eraso egingo.
Beharrezkoak, zortzi milioi tona
Kievek ohartarazi izan du munduko elikagai krisia arintzeko zortzi milioi tona gari esportatu beharko lukeela hilero. Joan den ekainean, Itsaso Beltzekoa ez beste ibilbide batzuk erabiliz, 2,5 milioi tona esportatu zituen.