Luhansk eskualde osoa kontrolpean dutela jakinarazi dute Luhanskeko Herri Errepublikako herri miliziek eta tropa errusiarrek

Errusiar Operazio Militar Bereziaren 130. eguna zen atzokoa, eta Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroak jakinarazi zuen Lisitxansk hiria bere egin zutela, eta horrekin kontrolpean duela Errusiak Luhansk eskualde osoa. Atzo 183 kilometro koadro bereganatu zituela gaineratu zuen. Ukrainako Gobernuak dio Lisitxansk ez dela erabat erori, eta Donbassen borrokak ez direla amaitu. Luhansk Ukraina mendebaldean independentzia aldarrikatu zuten bi herri errepubliketako bat da, Donetskekin batera. Errusiak operazio militarra hasi baino hiru egun lehenago aitortu zien independentzia.

Vladimir Putin Errusiako presidenteari eman zion azken mugimendu horren berri Xoiguk. Azaldu zion soldadu errusiarrak eta Luhanskeko herri errepublikako soldaduak Lisitxansken sartu zirela eta hiria eta inguruko herriak bereganatu zituztela. Sievierodonetsken ondoan dago Lisitxansk. Beste hiri horretatik duela hamar egun erretiratu ziren soldatu errusiarrak, eta hori kontrolpean hartuta jarri ziren errusiarrak Lisitxanskera bidean.

Lenoid Pasetxeknik Luhanskeko herri errepublikako buruak Telegramen zabaldu duen mezu batean dio atzoko eguna gorriz margotuta geratuko dela, «zortzi urtez borroka egin ondoren». «Festa honek ere, 1945ekoak bezala [naziak menperatu zituzteneko urtea], negar eginarazten gaitu pozaren pozez».

Ordu batzuk lehenago Xoiguk esan zuen Errusiako eta herri errepublikako soldaduak hiri barruan ari zirela borrokan, eta garaipena lortzear zirela. Herenegun zabaldu zituzten bideo batzuetan ikus zitezkeen jada euren banderak hiriko erakundeen eraikinetan. Juri Sak Ukrainako Defentsa Ministerioko bozeramaileak, ordea, ukatu egin zuen Errusiak eta Luhanskeko soldaduek hiria erabat kontrolpean zutenik, eta iradoki zuen soldadu ukrainarrak beste posizio batzuetara erretiratu direla. «Ukrainarrentzat pertsonen biziak du lehentasun erabatekoa, eta batzuetan atzera egiten dugu, geroago kokapen horietara itzultzeko», adierazi zuen Sakek.

Edonola, Donbasseko borroka ez dela amaitu azpimarratu nahi izan zuen Ukrainako bozeramaileak. Pavlo Kirilenko probintzia horretako gobernadorearen hitzetan, Ukrainak oraindik Luhansk eta Donetskeko %45 kontrolatzen du.