Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak onartu egin du fiskaltzaren eskaera. Gonzalezen abokatuak helegitea jarri dio erabakiari
*BERRIA (berria.eus)
Pablo Gonzalez kazetariaren atxiloaldia luzatzeko eskatu zuten maiatzaren 16an Delinkuentzia Antolatuaren eta Ustelkeriaren Arloko Poloniako Fiskaltzaren ordezkariek, eta, eskaera egin ondotik, epaileek zazpi eguneko epemuga zuten eskaera aztertu eta erabaki bat hartzeko. Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak atzo onartu zuen fiskaltzaren eskaera, eta, hala, Gonzalezek beste hiru hilabetez egon beharko du atxiloaldian. Beste hainbeste daramatza jada preso eta inkomunikatuta.
Bartosz Rogasa Gonzalezen abokatuak Efe albiste agentziari esan dionez, auzitegiaren erabakiaren aurkako helegite bat aurkeztuko dute. Edonola ere, kazetariak espetxean jarraitu beharko du oraingoz. Gonzalez behin-behinean dago espetxeratuta, Errusiaren aldeko espioitza lan ugari egin izanaz akusatuta. Joan den otsailaren 28an atxilotu zuten, Ukrainan gerra lehertu eta gutxira, haren berri ematen ari zela. Poloniaren eta Ukrainaren arteko mugan atzeman zuten kazetaria, Poloniako aldean, eta dagoeneko ia hiru hilabete daramatza atxilo.
Apirilaren 22an Varsoviatik 100 kilometrora dagoen espetxe batera lekualdatu zuten —Rzeszowko espetxean izan zuten aurretik, Poloniako hiriburutik 400 kilometrora—. Orduan izan zuen lehen aldiz konfiantzazko abokatu poloniar bat edukitzeko aukera ere. Senideekin oraindik ez da mintzatu.
Bestalde, «pasibotasuna alde batera» uzteko eta Gonzalezen egoera salatzeko eskatu dio EH Bilduk Espainiako Gobernuari: «Guztiz onartezina da; inkomunikatuta jarraitzen du, familiarekin eta abokatuarekin hitz egin ezinik».