*Mikel O. Iribar / BERRIA
Errusiako Defentsa Ministroak jakinarazi duenez, Ukrainako Mariupol hiriko Azovstal altzairutegian gotortuta zeuden Ukrainako soldadu eta Azov batailoi paramilitarreko—eskuin muturreko talde armatu bat— kide gehiagok «amore eman» dute azken 24 orduetan. Guztira 771 izan dira, ia gehienak Azov batailoi paramilitarreko kideak, Moskuk «kriminal nazitzat» jotzen dituenak. Horietatik 80 «larri» zeuden zaurituta, eta Errusiak kontrolpean duen erietxe batera eraman dituzte. Orotara, 1.730 militar «errenditu» dira astelehenaz geroztik.
Donetskeko Herri Errepublikako buru Denis Puxilinek zehaztu duenez, altzairutegian zeuden soldaduen erdiak baino gehiago atxiki dituzte. «Operazioa martxan dago oraindik», esan du, TASS Errusiako berri agentziak jasotakoaren arabera. Atxilotutako 900 soldadutik gora Errusiak kontrolpean duen Olenivka hiriko espetxe batean sartu dituzte.
Ukrainako Defentsa Ministerioak, berriz, esan du espero duela presoen «truke prozedura bat» abian jartzea, «heroi ukrainarrak lehenbailehen aberriratzeko». Erantsi du Kievek «ahal duen guztia» egingo duela altzairutegi azpiko babeslekuetan gotortuta dauden militarrak erreskatatzeko. Hori bai, aitortu du ez dutela «inolako aukerarik» eraso militar bat egiteko.
Kremlinek, berriz, esana du atxilotu dituzten soldaduak nazioarteko arauen arabera tratatuko dituztela, baina Errusiako Parlamentuko diputatu batek ohartarazi zuen «kriminal naziak» ez liratekeela trukatu behar Kievek preso dituen Errusiako soldaduekin.
Gerra frontean, Moskuk salatu duenez, Ukrainako armadak zibil bat hil eta beste hainbat zauritu ditu, misilez, Errusiako Tiotkino herrian, Ukrainako mugatik oso gertu. Gaurkoa Errusiak ofizialki jakinarazi duen bigarren biktima zibila da.
Errusiak Donbass eskualdeari erasotzen jarraitzen badu ere, Ukrainako armadako buruak esan du Mosku ez dela azken orduetan bere helburu militarrak betetzen ari. Hori bai, Kievek salatu du Errusiako armadak lau zibil hil dituela, bonba erasoz, Severodonetsk hirian (Luhansk oblasta).
Ukrainako auzitegi bat Errusiako soldadu bat epaitzen hasi zen joan den ostiralean, gerra krimenak egotzita. 21 urteko militarrak «erruduntzat» jo zuen bere burua atzo, otsailaren 28an 62 urteko zibil ukrainar bat hiltzea leporatuta. Bada, gaur, soldaduak barkamena eskatu dio gizonaren alargunari, aurrez aurre. «Badakit ezingo didazula barkatu, baina barkamena eskatzen dizut. Ez nion nahi tiro egin, baina ondoan nuen soldadu batek mehatxu egin zidan», azaldu dio 21 urteko gazteak adineko emakumeari. Errusiako militarrak hamar eta hamabost urte arteko espetxe zigorrari egin beharko dio aurre; Kieveko fiskaltzak eskatu du bizi guztiko kartzela zigorra ezartzeko.
Elkarrizketa, «ezinbestekoa»
Suediaren gisan, Finlandiak ere ez du nahi NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen base militar iraunkorrik herrialdean, aliantza militarrean sartzen bada. Hala ziurtatu du Finlandiako lehen ministro Sanna Marinek, Corriere della Sera Italiako egunkariari emandako elkarrizketa batean.
Bitartean, Errusia gertutik ari zaie erreparatzen Finlandia eta Suedia NATOn sartzeko egiten ari diren urratsei. Bada, Valentina Matvijenko Errusiako Federazioko Kontseiluko presidenteak ostegun honetan adierazi duenez, Errusiaren erreakzio militarra «proportzionala eta egokia» izango da Finlandia eta Suedia aliantzara batzen badira. «Termino militarretan, Errusiaren erreakzioa proportzionala eta egokia izango da. Ikusiko dugu NATOk zein arma mota hedatuko dituen», esan du, Moskuk zein neurri militar hartuko dituen zehaztu gabe, TASS agentziak jaso duenez.
Helsinkik eta Stockholmek NATOrekin bat egiteko eskaera formala aurkeztu zuten atzo, Bruselan, aliantzak duen egoitzan. Baina aliantzako 30 kideak ez ziren ados jarri Eskandinaviako bi herrialde horiek aliantzara batzeko negoziazioak hasteko orduan. Hain zuzen ere, Turkiak jarri zien oztopoa negoziazioei. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea behin baino gehiagotan agertu da eskariak onartzearen aurka. «Terrorista» kurduak babestea egozten die Helsinkiri eta batez ere Stockholmi; besteak beste, PKK Kurdistango Langileen Alderdiko eta DHKP-C Herria Askatzeko Alderdi-Fronte Iraultzaileko kideak. «Gure politikarekin irmo jarraituko dugu. Aliatuei jakinarazi diegu ezetz esango diogula Finlandiak eta Suediak NATOrekin bat egiteari», idatzi du Turkiako presidenteak Twitterren.
Turkiaren jarrera ikusita, Marinek uste du «garrantzitsua» dela lasai egotea, eta Ankararekin eta gainerako aliatuekin hitz egitea «ezinbestekoa» dela nabarmendu du. Finlandiako lehen ministroak Erromara egindako bisitan egin ditu adierazpenok, Mario Draghi Italiako haren homologoarekin batzartu aurretik. Eta, ondoren, Draghik su etena eskatu die Moskuri eta Kievi, negoziazioei aukera berri bat zabaltzeko.
Bada, Errusiako Atzerri ministrorde Andrei Rudenkoren esanetan, Mosku prest dago negoziazioei berrekiteko; Ukrainako negoziatzaile buru Mikhailo Podoliakek, ostera, elkarrizketari atea itxi dio, esanez Kievek ez duela nahi su etenik, Errusiako tropak herrialdetik «erabat erretiratzea» baizik. «Ukrainak ez du inolako interesik beste Minskeko Akordio bat negoziatzeko. Errusia lurralde okupatuak askatzeko prest egon arte, armak, zigorrak eta dirua dira gure negoziaziorako erremintak», idatzi du Podoliakek Twitterren.
Gaur, bestalde, Finlandiako presidente Sauli Niinisto eta Suediako lehen ministro Magdalena Andersson Joe Biden AEBetako presidentearekin biltzekoak dira, Etxe Zurian, NATOrako hautagaitzak aztertzeko. Hain zuzen ere, AEBek Eskandinaviako bi estatuei segurtasun babes handiagoa eskaintzea aztertzen ari dira, Errusiaren «mehatxuei» erantzuteko. Hori bai, AEBetako Defentsako funtzionario batek gogorarazi duenez, Moskuk bi herrialdeei erasotzen badie NATOk onartu aurretik, aliantzak ez luke haiek babesteko «betebeharrik» izango. Horrek, hain zuzen, kezka eragin du Stockholmen eta Helsinkin.