Hiru panpinadun matrioxka eta Europar Batasuna

*Asier Blas Mendoza / ARGIA astekaria

Ukrainako gerran elkar konektatuta dauden hiru gatazka autonomo daude, hiru panpina dituen matrioxka bat bezala da. Lehena, txikiena, ukrainarren artekoa da. Batzuek ukrainar izatea ekialdeko ahizpatasuneko kide izateko modu bat bezala ikusten dute; besteek, aldiz, ukrainartasuna Erdialdeko Europako nazionalitate bat bezala identifikatzen dute Errusia asiarrari kontrajarriz. Batzuek Moskun bilatu zuten babesa, besteek Washingtonen. Azken horien aliatuak indartsuagoak direnez, besteak beste, estatu kolpe bat eman ahal izan zuten eta gerra bat hasi Donbassen.

Bigarren panpina Ukraina eta Errusiaren arteko gatazka da, lehenengoa barnebildu eta desitxuratu duena. Errusia beldur da NATOren zabalkundeaz eta uste du Ukrainak Washingtoni eman dizkiola bere etxeko giltzak. Honek nazionalismo errusiarra armatu du, bere bertsio muturrekoenean pentsatzen duena ukrainar nazioa ez dela existitzen (sic). Aldaera moderatuak aldiz, ukrainar nazioa aintzatetsi bai, baina errusiar anaia-ahizpa nagusiaren eraginpean egon behar duela defendatzen du; tartean badira Ukrainako Estatua egun dena baino txikiagoa izan beharko lukeela uste dutenak. Azkenean, Ukrainan sinaturiko bake akordio desberdinak bete ez direnez, frustrazio horretatik etorri dira Krimeako anexioa, Moskuren babesa errepublika sezesionistei eta Ukrainako errusiar inbasioa.

Hirugarren panpina, handiena eta gainerako biak irentsi dituena protagonismo guztia kontzentratuz, nazioarteko hegemonia borroka da. Iparralde globalak Hegoalde globalaren kontrako borroka biziki azkartu zuen 2008ko krisiaren ostean. Borroka horretan AEBek motzean lotu behar dute EB, horregatik, Washingtonek Ukrainako gatazka gogoz elikatu du hasieratik. Lloyd Austinek, AEBko defentsa idazkariak, esan du gerra luze bat nahi dutela Errusia higatzeko ukrainarren lepotik; gatazkaren sua piztuta izateak NATO kohesionatu eta EB Washingtonen interesetara ainguratuta mantentzen du.

2019an, Pentagonoarentzat lan egiten duen RAND fundazioak argitaraturiko txostenak zioen Errusiari paranoia sorrarazi behar zitzaiola ariketa militarrak eginez bere inguruan, Bielorrusia xakean jarriz, tentsioa areagotuz Erdialdeko Asian eta Errusia desprestigiatuz eta jazarriz. Mosku probokatu nahi zuten Ukrainako agertokian erantzun bortitz bat eman zezan, aitzakia izan zedin bere kontra delegaturiko gerra bat burutzeko, eta inoiz ikusi den eraso eta gerra ekonomiko bortitz eta handiena gauzatzeko. Mendebaldeak hartu dituen neurriak txostenak proposatzen zituenak dira, baina Iparralde globala bakarrik geratu da Hegoaldeak eta Ekialdeak ez dituztelako babestu neurri horiek. Bestalde, Errusia bere aliatuekin erantzunak artikulatzen hasi da eta uste baino hobeto eutsi dio bere ekonomiak.

AEBek odol berria behar dute Txinari aurre egiteko, horregatik ari zaio Bruselas Washingtoni inoizko aberastasun transfusiorik handienetako bat egiten. NATOko herrialdeen gastu militar igoera iparramerikar armagintza industriara joango da. Errusiar gasaren ordez, AEBek Europari berea askoz garestiago saltzen dio energiaren prezio gorakada indartuz. Ondorioz, inflazioa harrotuta dago, euroa hondoratuta, eta europar industriak lehiakortasuna galduko du nazioarteko merkatuetan, batez ere AEBko enpresen mesedetan eta EBeko txiroen kaltetan. Zoritxarrez hori guztia ez da sorpresa bat: beste behin EB ez da gai bere interesak Washingtonen aurrean defendatzeko.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *