Errusiar Armadak «lehen fasea» amaitutzat jo du, eta Donbass hartzea du xede

*Mikel O. Iribar / BERRIA

Otsailaren 24an Ukrainan hasi zuen inbasioaren «lehen fasea» amaitutzat eman du Errusiak. Hala jakinarazi zuen atzo Errusiako armadako buruzagiorde Sergei Rudskoik, eta ziurtatu zuen, oro har, hasierako helburu nagusiak «bete» dituela: besteak beste, kontrolpean ditu Azoveko itsasoa, eta Kherson eta Zaporizhia eskualdeak; Txernobylgo eta Zaporizhiako zentral nuklearrak hartuta dauzka; Kiev, Txernigiv, Kharkiv, Sumi eta Mikolaiv eskualdeak «blokeatuta» dauzka, nahiz eta Ukrainak gezurtatu. Errusiak bigarren faseari ekingo dio orain, eta indar guztiak eremu bakarrean ezarriko ditu, Rudskoiren hitzetan: «Donbass askatzea dugu helburu». Nolanahi ere, Moskuk ez du «baztertu» Kiev eta Kharkiv hiriei «eraso egitea».

Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, gaur-gaurkoz, Errusiak babestutako miliziek Luhansk eskualdearen % 93 eta Donetsk eskualdearen % 54 hartuta daukate. Biak Donbass eskualdean daude, Ukraina hegoaldean. Hain zuzen ere, Errusiak lorpen garrantzitsua erdietsi zuen atzo Ukraina hegoaldean; Kieveko gobernuak onartu baitu Moskuk lortu duela Krimea eta Donbass lotzen dituen pasabidea irekitzea, «partzialki» bada ere.

Gatazkan bitartekari izateko ahaleginean ari da Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogan, eta, atzo, telefonoz izandako bileran, Errusiako estatuburu Vladimir Putini eskatu zion «bakegile» izateko. Ukrainako eta Errusiako ordezkariak Turkiako Antalya hirian egiten ari diren elkarrizketei dagokienez, berriz, Erdoganek esan zuen bi aldeek adostasuna lortu dutela bake elkarrizketak hartzen dituen sei puntu nagusietako lautan: Ukraina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean ez sartzea, herrialdean errusiera «sendotzeko» ahalegina egitea, eta armagabetzearen eta segurtasun kolektiboaren arloan zenbait kontzesio egitea.

Bi aldeetako ordezkariek, baina, ez zituzten balorazio onak egin atzo. Ukrainako Atzerri ministro Dmitro Kulebak, esaterako, adierazi zuen ez dagoela «adostasunik» Errusiarekin Erdoganek aipatutako lau puntu horietan, eta honako hau ere gaineratu zuen: «Ukrainako hizkuntza ofizial bakarra ukrainera da, eta hala izango da aurrerantzean ere». Haren hitzetan, negoziazio prozesua «zail» doa, eta berretsi zuen Ukrainako ordezkaritzak ez duela «amore emango». Kieven eskariak su etena, segurtasun bermeak eta Ukrainaren lurraldearen osotasuna dira, besteak beste.

Errusiako negoziatzaile buru Vladimir Medinskiren iritziz, berriz, Kiev elkarrizketak «luzatzen» ari da, uste baitu denbora bere alde dagoela. «Tamalez, ulertzen dugu mugatuta daudela erabaki independenteak hartzerakoan». Medinskik erantsi zuen orain arte ez dagoela «aurrerapenik» Errusiak azpimarratzen dituen garrantzi handiko gaietan.

 

 

Erasoak ez dira eten. Kieven, esaterako, Errusiako tropak ekialdetik hiriburua blokeatzen saiatzen ari dira, Brovari eta Borispilerako norabidean egindako erasoetan. Ipar-ekialdean ere «indarrak eta baliabideak biltzeko» ahaleginean dabiltza Errusiako tropak operazioei berrekiteko. Ostera, Ukrainako agintariek atzo jakinarazi zuten Kiev ekialdean dagoen Borispil hiriaren kontrola berreskuratu zutela.

Mariupol hirian, berriz, (Donetsk eskualdea) bi bandoak kalez kale borrokan ari dira. Hain zuzen, Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxukek atzo egindako agerraldian adierazi zuenez, beste bi korridore humanitario zabaltzea adostu dute, zibilak ebakuatzeko; zehazki, Melitopolgo eta Mariupolgo irteerek Zaporizhian izango dute amaiera.

Hamar milioi desplazatu

Testuinguru horretan, OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak atzo jakinarazi zuen gatazkak hamar milioitik gora desplazatu eragin dituela —Ukrainako biztanleria osoaren laurdena inguru—; horietatik, 3,7 milioi pertsonak herrialdea utzi behar izan dute. Halaber, NBEren arabera, Ukrainako inbasioa hasi zenetik 1.081 zibil hil dituzte; besteak beste, 93 haur.

Errusiak ere atzo eman zituen hildakoei buruzko azken datuak, erasoa hasi zuenetik bigarrenez. TASS berri agentziaren arabera, Errusiako 1.351 militar hil dira Ukrainako «operazio militar berezian», eta 3.825 zauritu dira, Errusiako armadako buruzagiorde Rudskoik onartu zuenez. Aldiz, Kremlinen arabera, Ukrainako 14.000 hil militar dira.

Charles Michel berriz Europar Kontseiluko presidente hautatu duten honetan, Ukrainako agintari Volodimir Zelenskik atzo EB Europako Batasuneko 27 estatuei aurpegiratu zien Errusiaren aurkako zigorrak «berandu samar» iritsi direla. AEBetako presidente Joe Biden, berriz, Poloniara joan zen, hango estatuburu Andrzej Dudarekin batzartzeko. Biden «atsekabetuta» agertu zen Poloniatik ezin zuelako Ukrainako muga zeharkatu, «segurtasunagatik».

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *