Ukrainaren eta Errusiaren arteko negoziazioek argi izpi bat eskaini dute

Seigarren negoziazio txandari ekin diote gerran dauden bi estatuek asteazken honetan eta, bi herrialdeko diplomaziak aurreratu dutenez, badira aurrera egiteko aukerak akordioei begira.

*ARGIA Astekaria

Aukera horiek batez ere Ukrainaren neutraltasunaren inguruan aipatu dira. Gaurkoan, errusiarrek lehenik aipatu dute Austriaren eta Suediaren neutraltasun eredua baleko izan daitekeela gai horretan aurrerapausoak emateko. Ukrainako ordezkariek esan dute hori ez dela egokia, herrialdeak bere neutraltasun eredu propioa behar duelako, hala ere, diplomaziak aitortu du proposamen honekin Errusiak jarrera egokiagoa erakutsi duela gai horretan.

The Financial Times hedabideak argitaratu duenez, hamabost puntuko planaren gainean hitz egin dute, eta Kievek bere burua neutraltzat hartuko balu, NATOko kide ez izatea eta bere armadari mugak jartzea onartuko balitu, Errusiak su-etena aldarrikatuko luke eta Ukrainatik atera.

Austria eta Suedia

Austria ez da NATOko kidea, eta herrialdeko konstituzioak debekatu egiten dio izateko aukera ere, 1955ean egindako legearen ondorioz. Ezin du, halaber, bere burua defenditzeko ez den gerra batean parte hartu, ezta beste herrialde bateko base militarrik jarri.

Suedia ere neutrala da, ez da NATOko kidea baina aliantza estuagoa du erakundearekin eta hark erabili dezake Suediako lurra. Ukrainako gerra hasi ondoren, zabaldu zen Suediak eska zezakeela NATOn sartzea, baina berehala Errusiak mehatxu egin zuen. Suediako agintariek azpimarratu dute ez dutela sarrara hori eskatzeko asmorik.

Neutraltasunaz gain, Errusiak eskatzen du Ukrainak Krimea Errusia dela onartzea, eta Donesk eta Luhanseko lurraldeen independentzia onartzea. Eta, azkenik, Ukraina desnazifikazioa, nahiz eta ez dagoen oso argi horrek zer esan nahi duen, edo norainoko baldintza den.

Ukrainak mahai gainean jartzen duen lehen puntua da su-etena eta errusiar tropak erretiratzea. Segurtasun bermeak behar ditu halaber, eta eskatzen du herrialde kopuru batek konpromisoa har dezala beste eraso baten aurrean defenditu egingo dutela segurtatuz; herrialde horiek armez hornituko dutela eta, Errusiaren beste eraso bat balego, aire espazioa itxiko dutela.

Negoziazioak negoziazio, gerrak bere gordinenean jarraitzen du.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *