Kremlinek Krimearen anexioa eta Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia onartzeko galdegin dio Kievi. Bi aldeetako ordezkariak bilduta daude Bresten, Bielorrusian, gerra piztu zenetik hirugarrenez.
*Uxue Rey Gorraiz eta Mikel O. Iribar / BERRIA
Errusiak Ukrainaren aurkako erasoaldia «berehala» eteteko jarri dituen baldintzak orain arte entzun diren zehatzenak dira. Errusiako Gobernuko bozeramaile Dmitri Peskovek Reuters agentziari adierazi dionez, Errusia «prest» dago Ukrainaren aurkako erasoaldia gelditzeko, baldin eta Ukrainak bere konstituzioa aldatzen badu neutraltasuna ziurtatzeko, eta Krimearen anexioa eta Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia onartzen baditu.
Peskovek iragarri duenez, lehen urratsa da Ukrainako erresistentzia armatuari amaiera ematea. «Ukrainaren desmilitarizazioa bukatzen ari gara. Lortuko dugu». Horretarako, Kremlinek Kievi eskatu dio Krimeako anexioa eta Donbassko herri errepubliken independentzia aitortzeko. «Ez dizkiogu Luhanskeko eta Donetskeko Ukrainari kentzen», gogorarazi du, baina zehaztu Donetskek eta Luhanskek ez dutela Ukrainaren parte izatea nahi. «Halere, horrek ez du esan nahi suntsitu behar direnik». Azken urratsa Ukrainako konstituzio aldaketa bat litzateke, herrialdearen neutraltasuna blindatzen duena. «Ukraina estatu independentea da, nahi duen eran biziko dena, baina neutraltasun baldintzetan», zehaztu zuen.
Peskoven hitzak Errusiaren eta Ukrainaren arteko negoziazioen hirugarren txanda hasi baino lehen iritsi dira. Bi aldeak Bresten batzartu dira, Bielorrusian. Errusiako eta Ukrainako gobernuen ordezkaritzek zibilak ebakuatzeko korridore humanitarioak sortzea erabaki zuten iragan asteazkenean. Bada, gaur goizean, Errusiako Indar Armatuek isiltasun erregimena ezarri eta korridore humanitarioak zabaldu dituzte Kieven, Kharkiven, Sumin eta Mariupolen, hiri horietan egoera larriagotzen ari delako, Errusiako tropek argitaratutako oharraren arabera. Moskuk Gurutze Gorriari, NBE Nazio Batuen erakundeari eta ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeari eman die asmoaren berri. Zehaztu duenez, Euskal Herrian 08:00ak jotzearekin batera zabalduko dituzte bideak zibilentzat, Moskuren esanetan.
Bide guztiek Errusian eta Bielorrusian dute helmuga. Hiriburuan, Kieven, korridoreak Hostomel hirirainoko bidea eginen du aurrena. Ondotik, Txernobyletik pasatuko da, eta Bielorrusiarako muga zeharkatuko du gero. Gdenen eta Homelen bukatuko dute bidea; Kharkiven irekiko duten kanalak Belgoroden (Errusia) izango du amaiera; Sumineko korridorea Poltavatik (Ukraina) igaroko da, eta Belgoroden bukatuko da; eta, azkenik, Mariupolen irekiko duten bideak Zaporizhia zeharkatuko du, eta Rostov-on-Donen (Errusia) izango du helmuga. «Ukrainari eskatzen diogu zerrendatutako eremuetan korridore humanitarioak sortzeko, baldintza guztiak zorrotz betetzeko, eta zibilak eta atzerritarrak modu antolatuan erretiratuko direla bermatzeko», adierazi du Errusiako armadak, Interfax Errusiako albiste agentziak jaso duenez.
Ukrainako Gobernuak, ordea, «onartezintzat» jo du Moskuk Ukrainako lau hiri horietako zibilak ebakuatzeko eratu duen plana. «Errusiarrek birritan blokeatu zuten korridore humanitarioen irekiera, konboien ibilbidea bonbardatuz. Orain, berriz, errusiarrek diote korridoreak ireki ditzaketela, baina zibilak Errusiara joatea nahi dute, eta hori zentzugabea, zinikoa eta onartezina da», idatzi du Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxukek bere Telegram kontuan. Adierazi duenez, «mundu zibilizatuak presioa egin behar dio Errusiari», Ukrainak korridoreak «premiaz» sortu behar baititu Errusiak misilez eta artilleriaz setiatutako hirietatik biztanleria zibila ateratzeko. «Zibilei, ukrainarrei zein atzerritarrei alde egiten utzi behar diegu», gaineratu du Verextxukek, eta herritarrei eskatu die Ukrainako agintarien informazio ofiziala «sinesteko». «Horiek bakarrik izan daitezke Ukrainako lurraldeko korridore humanitarioen oinarri egiazkoak eta legitimoak», adierazi du.
Gerra hotsek, ordea, ez dute etenik, eta Errusiak eraso egiten jarraitzen du Ukrainako eremuetan, besteak beste Odesan, hegoaldean. Unian Ukrainako agentziaren arabera, Errusiako armadak misilak jaurti ditu Itsaso Beltzetik Tusla herrira, eta kalte material handiak eragin ditu; oraingoz ez da biktimarik egon. Kieven inguruan ere Errusiako tropen eta Ukrainako milizien arteko borrokak areagotu egin dira azken orduetan, Vitali Klitxko Ukrainako hiriburuko alkateak jakinarazi duenez. «Hostomel, Bucha, Vorzel herriak hartzeko ahaleginean ari da Errusia». Gainera, Klitxkok ziurtatu duenez, Hostomelgo alkate Yiuri Prilipko «hil egin dute», ogia eta sendagaiak banatzen ari zela.
Egunetik egunera, Ukrainatik ihes egindako errefuxiatu kopurua handitzen ari da: 1,73 milioi herritar dira jada, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera. Donetskeko Herri Errepublikako agintariek, bestalde, iragarri dute gaur hasiko direla Horlivka hiriko 200.000 zibil ebakuatzen, Ukrainaren erasoak «areagotu» egin direla eta. Hiri horretako alkate Ivan Prikhodkoren esanetan, emakume, haur eta adinekoen ebakuazio zentralizatua antolatu dute, herritarrak Errusiako lurralde seguruetara eramateko. Gerra piztu zenetik, 181.000 pertsona inguruk ihes egin dute Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliketatik, besteak beste 48.000 haurrek, Tass agentziak emandako datuen arabera.
Errusia ez da aurkeztu Nazioarteko Justizia Auzitegira, Hagara, Ukrainak Mosku auzitara eraman baitu, otsailaren 24an hasitako inbasioan ustez Genozidio Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko Konbentzioa urratzeagatik. «Epaimahaiak deitoratu egiten du Errusia ahozko ikustaldira agertu ez izana», esan du Nazioarteko Juztizia Auzitegiko epaile nagusi Joan Donoghuek.
Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek, berriz, armak eta ekipamendu «hilgarriak» herrialdetik Ukrainara igarotzea debekatu du dekretu baten bidez. Era berean, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko indarrak Hungarian bertan aparkatzeko eta beren lurraldetik soilik igarotzeko baimena eman du. Hungariako Gobernua NATOko kide da, eta behin baino gehiagotan adierazi du ez zuela armarik bidaliko Ukrainara, herrialdeak gerran parte har ez dezan. Budapestek ere ez dio laguntzarik eskatu NATOri bere mugak defendatzeko, itun militarreko beste kide askok egin duten moduan.
Horrez gain, Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksenek iragarri du ekainaren 1ean Danimarkako herritarrek erreferendumean erabakiko dutela herrialdeak Europako Batasunaren programa militarretan parte hartu behar duen ala ez. «Une historikoek erabaki historikoak behar dituzte», azaldu du Frederiksenek, Errusiak Ukrainan egin berri duen inbasioari erreferentzia eginez. Bitartean, Ukraina, Moldavia eta Georgia onartzeko prozesua irekitzea erabaki du EBk. Batasuneko kideek hiru herrialde horien EBko blokean sartzeari buruzko irizpena eskatzea adostu dute, joan den astean Ukrainak, Moldaviak eta Georgiak bidalitako eskaeren ostean. EBko buruzagiek gai hori Versaillesen (Frantzia) egingo den goi bilera informalean eztabaidatuko dute ostegunean, Europako Kontseiluko presidente Charles Michelek baieztatu duenez, Ukrainako agintari Volodimir Zelenskirekin telefonoz mintzatu ondoren.