Egunotan Ukrainan gertatutakoak 1999ko Jugoslaviako eta 2003ko Irakeko erasoak ekarri dizkio gogora Asier Blasi. Uste du Errusiak bide arriskutsua hartu duela: «Ukraina ez da Georgia».
*Andoni Imaz / BERRIA
Asier Blasek (Donostia, 1977) bertatik bertara ezagutzen du Ukraina, eta arreta handiarekin jarraitu du eskualde horretako tentsioaren gorakada. Politologoa eta EHUko irakaslea da; Politika eta Administrazio Zientzia Saileko zuzendaria, egun. Beste aditu eta analista askoren antzera, gerraren zurrumurrua ez hauspotzearen aldekoa izan da, Vladimir Putin Errusiako presidenteak joan den astera arte izan zuen jarrera negoziazioa behartzeko estrategiatzat jota. Asko arduratu du, ordea, azken egunetako bilakaerak.
Errusiak Ukrainari eraso egin dio. Espero izatekoa zen?
Nik neuk ez nuen espero. Egia da astelehenean, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia aitortu zuenean, Putinek diskurtso oso bortitza eman zuela, oso haserre hitz egin zuen. Horrek aditzera eman zuen gauzak serio jartzen ari zirela. Azken asteko igoera hain handia izan da, non ez baitago jakiterik zer gertatuko den. Orain artekoa 2008ko Georgiakoaren antzeko operazio bat da: instalazio militarrei eraso egin, eta tropa errusiarrak sartu hiri eta portu garrantzitsuetan, horien kontrola hartzeko asmoz.
Zerk bereizten du nagusiki egungo egoera Georgiakotik?
Aldaketa kualitatibo bat dago, oso inportantea. Orain arte Errusiak bere mugatik kanpo egin dituen esku hartze militar guztiak erreaktiboak izan dira, eta oraingo honetan proaktiboa izan da. Hori da diferentzia. Esan liteke aurreko erreakzio horiek ere mozorroak izan direla nolabait, baina formek garrantzia dute, gatazketan ere bai. Esango nuke Georgiako berdina gertatzen ari dela, baina aldrebes.
Nola?
Ordukoa zera izan zen: Georgiak hartu zuen ia-ia Hego Osetia osoa, eta orduan etorri zen Errusiaren erantzuna. Gerra piztu zen, eta, amaitzean, Errusia erretiratu egin zen Georgian hartu zituen leku estrategikoetatik, eta Hego Osetian eta Abkhazian hartu zituen kontrolatzen zituen lurrak. Aldarrikapena gero dator. Oraingo honetan, lehenengo aldarrikatu egin dute, ez da erantzunik egon, eta erasoa proaktiboa izan da. Tira, Errusiak esaten du zazpi urte direla gerra hasi zela eta gerra hor dagoela, baina urteetan egon dira egun hauetako enfrentamenduekin, eta ez da ezer egin.
Putinek esan du ez duela Ukraina okupatzeko asmorik.
Lehen, galdera zen ea herri errepubliken lurraldean kontrola segurtatuko zuten edo Donbassko eskualde osora zabalduko zuten. Orain, galdera da: non geldituko dira?
Mugarri bat da nazioarteko gatazketan?
Ez da erantzun bat izan, herrialde bati eraso egin diote. Lehenago hori NATOk egiten zuen [Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea]. Esan daiteke orain denek egiten dutela mozorrotuta, delegaziozko gerretan-eta, baina Errusiak ez ditu erabili Donetskeko eta Luhanskeko armadak edo miliziak: berak egin du zuzenean. Nazioarteko legediaren urraketaren mugarri bat izan bazen 1999ko Jugoslaviakoa eta beste bat 2003ko Irakekoa, hau beste bat izango da: ez du NATOk bakarrik egiten, edozeinek egin dezake. Dagoeneko oso urratuta zegoen nazioarteko legedi horrek eztanda egin du, eta horrek ondorio oso handiak ditu nazioarteko harremanetan.
Zer egin lezake NATOk?
Zaila da esaten. Ukrainan ez dira sartuko, hori argi dago. Epe laburrean ez dut ikusten zigorrez haragoko erantzunik haien aldetik. Epe ertainera, ikusiko dugu. Errusiaren interesen kontrako ekintzaren bat edo beste antolatu dezake lurralderen batean.
Nola itzuli bide diplomatikoetara? Batzuek Minskeko akordioak jarri dituzte berriro miran.
Pentsatzen dut negoziatu beharko dela momenturen batean; batez ere gerraren emaitza zirriborratzen hasten denean. Eta seguruenik Minsken eztabaidatutako zenbait gauza agertuko dira, NATOren zabaltzea eta hori guztia. Hala ere, zaila da pentsatzea Errusiak onartuko lukeela Donetsk eta Luhansk bueltatzea Ukrainaren kontrolera autonomiarekin.
Zer aldatu beharko litzateke?
Hau espekulazioa da, ez daukat daturik. Jakina, Ameriketako Estatu Batuek hor egon beharko lukete, zeren Minsken ez ziren egon. Mahai gainean egon litekeen beste gauza bat da Ukrainaren federalizazio oso bat. Orduan bai, Donetsk eta Luhansk itzuliko lirateke Kieven kontrolera, baina trukean Odesa, Kharkiv eta abar ere unitate federalak izanda. Horrela Errusiak pentsa lezake etorkizunean berreraiki dezakeela benetan Ukraina.
Beste aukerarik?
Beste aukera bat da lortzea Donbass osoaren sezesio bat, Errusiaren kontrolpean gelditzea; eta akabo Ukrainarekin izango dituen harremanak. Edo agertoki hori zabaltzea Odesara arte, baina iruditzen zait oso arriskutsua izango litzatekeela Errusiarentzat, eta, gainera, esaten dutenaren arabera, ez dute egingo.
Datozen egunetan, zer?
Ukraina ez da Georgia. Handia da, eta ez da ordukoa bezain azkarra izango. Georgiakoak astebete iraun zuen, baina benetan bost egunetan argituta zegoen dena. Ukrainakoa hain azkar egiteko… edo konfiantza handia dute beren buruarengan, edo nago oso erabaki arriskutsua hartu dutela. Badakigu gauzak nola hasten diren, baina ez dute zertan planifikatuta dauden moduan amaitu.