Zelenski prest dago «neutraltasun estatusaz» hitz egiteko. Putinek ez du baztertzen Kievekin batzartzea, baina hasi duen gerra eten gabe. Errusia hiriburua hartzear dago
*Igor Susaeta / BERRIA
Vladimir Putinek hasitako gerraren bigarren egunean, Errusiako armadak Ukraina bonbardatzen jarraitu zuen, eta tankeak Kieveko erdigunetik bizpahiru kilometrora zeuden, hura hartzetik gertu, hortaz. Ukrainarrek, beraz, defendatzen segitu zuten, soldaduek zein herritar soilek —18.000 arma eman dizkiete erreserbistei—, eta, ezinbestean, leherketen eta tiroen ondorioz hildakoak pilatzen ari dira: Ukrainako iturri ofizialek esan zuten Errusiako soldaduen artean 2.800 baja eragin zituztela atzo. Errusiak ez du daturik eman. Zibil dezente ere badaude hildako eta zaurituen artean. NBE Nazio Batuen Erakundeak kaleratu zuenez, gutxienez 25 zibil hil zituzten atzo. Edizio hau ixterakoan, Kieven bonbardaketak gogortu zituztela jakinarazi zuten nazioarteko hainbat hedabidek.
Hain zuzen, gaueko azken orduan Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen bozeramaile Serhiy Nikiforovek Facebook bidez jakinarazi zuen «Errusiako presidentearen eskaintza» onartu zutela, eta negoziatzen ari zirela elkarrizketak non egin. Hain zuzen, negoziazioa izan zuten ahotan egun osoan lider askok. Txinarekin elkarrizketa bat eduki eta gero, Mosku prest dago Ukrainako Gobernuarekin esertzeko. Putinek bide militarra lehenetsi du Ukrainako auzian, bai, baina egia da adierazpen publikoetan behintzat ez duela xenda diplomatikoa erabiltzea baztertu. Zelenskik ere ez, nahiz eta herritar soilak armaz hornitu dituen, eta, herenegun, aurreneko bonbak erortzen hasi zirenean, soldaduei eskatu zien «ahalik eta kalterik handiena» egiteko Errusiari. Kievek ez dio uko egiten herrialdearen «neutraltasun estatusaz» mintzatzeari, Zelenskik atzo eguerdian azpimarratu bezala. Errusiak Minsken batzartzea iradoki du —Bielorrusiako hiriburua da, eta hango gobernua Putinen gertuko aliatua da—. Hori bai, Errusiako presidenteak ohartarazpen bat egin du: negoziatzen hasteak ez du esan nahi eraso militarra etengo duenik.
Halere, trabak jarri dizkio saiakera diplomatiko horri; edo katramilatu egin du, gutxienez. Izan ere, Interfax berri agentziaren arabera, atzoko Errusiaren Segurtasun Kontseiluaren bileran, adierazi zuen Ukrainako armadarekin batzartu nahi duela. «Zeuen eskuekin har ezazue boterea! Dirudienez, errazagoa izango da zuekin akordio batera heltzea, Kieveko drogazale eta neonazi horiekin baino». Moskurentzat, dena den, ez dago argi Kievek negoziatu nahi ote duen. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramailearen esanetan, Ukrainak Varsovian biltzea planteatu zuen, eta, ondoren, komunikazioa «eten» zuen. Iluntzean eman zuen horren berri, prentsa agerraldi batean, eta ondoren mintzatu zen Nikiforov Zelenskiren bozeramailea.
Adierazpen horien aurretik, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa atera zen hedabideen aurrera. «Bere herria hertsatzen duen gobernu bat ezin dugu demokratikotzat hartu». Gehitu zuen elkarrizketak emateko Ukrainako armadak armak utzi beharko dituela.
Baina ia aldi berean, Peskovi galdetu zioten ea Zelenski presidentetzat hartzen duen. «Bai, noski», erantzun zuen. Ukrainako presidentearen azken adierazpena entzun berri zegoen. «Alde positiborantz egindako mugimendua da», esan zuen Kremlineko bozeramaileak. Eta, ordu bertsuan, CCTV Txinako telebista kate publikoak jakinarazi zuen Putinek eta Xi Jinping Txinako presidenteak elkarrekin hitz egin zutela azken orduetan, eta Errusiakoak adierazi ziola Ukrainarekin negoziatzeko prest zegoela.
Aliatuak dira Txina eta Errusia, harreman komertzial eta diplomatiko oso onak dituzte, eta, horregatik, Pekinek kritikatu egin ditu Errusiari jarritako zigor ekonomikoak, eta bidezkoak iruditzen zaizkio Errusiaren segurtasunari buruzko kezkak. Xiren hitzak jasota Atzerri Ministerioak kaleratutako oharraren arabera, Txina nazioartearekin batera «lankidetzan» oinarritutako segurtasun eredu «jasangarri baten» alde lan egiteko prest dago. «Gerra Hotzeko pentsamenduak»bazter uztera deitu du, eta nabarmendu Txinak «negoziatutako irtenbide bat» babesten duela, eta «herrialde guztien» subiranotasuna eta lurralde batasuna defendatu.
Errusiaren mehatxua
Errusiak esan du bere baldintzak jarriko dituela balizko negoziazioetan, eta horiek honako hauek dira, Putinek azken asteotan egindako eskakizunak aintzat hartuta: Ukrainak aitortzea Krimea Errusia dela; Mendebaldeak armarik ez ematea Kievi; Luhansk eta Donetsk herri errepubliken eremua 2014aren aurretik zutenaren bera izatea; eta Ukrainak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakunde kide bihurtu nahi izateari uko egitea.
Horrekin lotuta, hain zuzen, Errusiak Finlandia eta Suedia mehatxatu ditu, mugakide dituenak; biak herrialde neutralak dira, ez dira NATOko kideak, baina Moskuk ohartarazi die orain horretarako asmoa baldin badute ondorio politiko-militarrak «larriak» liratekeela. «Gure herrialdearen erantzuna ekarriko luke horrek», adierazi zuen prentsaren aurrean Maria Zakharova Atzerri Ministerioaren bozeramaileak. EB Europako Batasunak Finlandia eta Suedia babestu ditu.
Eta Errusiak piztutako gerra dela eta, NATOk argudiatu du aliantza militarreko partaideek «gehiago egiteko prest» egon behar dutela, «nahiz eta horrek larrutik ordaintzea eragin». Bilera bat egin zuten atzo, eta Jens Stoltenberg idazkari nagusiak iragarri zuen hasi direla «erantzun azkarrerako baliabide» militarrak hedatzen Europa ekialdean. «Ez dadila gaizki ulerturik egon: aliatuak babesteko da».
Egoera hori aintzat hartuta, Ukrainan bizi diren herritarrak mugakide dituzten herrialdeetara joaten ahalegintzen ari dira oraindik —Polonia, Eslovakia, Errumania, Moldavia eta Hungaria—. NBEek emandako datuen arabera, hurrengo egunetan bost bat milioi errefuxiatu eragin ditzake gerrak. Hain zuzen, EBko Barne ministroak ezohiko bilera bat egitekoak dira bihar, errefuxiatuen auziaz hitz egiteko.