Errusiako presidenteak adierazi du bere herrialdearen eta NATOren eta aliatuen indarren arteko talka «saihetsezina» dela. Hori bai, uste du oraindik badela «irtenbide diplomatikoetarako» tarterik.
*Ander Perez Zala
Vladimir Putin Errusiako presidenteak aginduriko operazio militarrak helburu zehatzak ditu, agintariaren arabera: Ukraina «desmilitarizatzea eta desnazifikatzea», eta hango herritarrak babestea Kieven «abusuen eta genozidioaren» aurka. Putinen iritziz, hori egitea beharrezkoa baita, Errusiaren etorkizuna bera, herrialdearen subiranotasuna, «mehatxatuta» dagoelako: «[Mendebaldeak] Marra gorria gurutzatu du».
Errusiako estatuburuak agerraldi batean eman du Ukrainako operazio militarraren hasieraren berri, eta argudiatu du 2014an herrialde horren agintea hartu zuten «indarrek» uko egin diotela gatazkari irtenbide baketsu bat emateari. Adierazpen horrekin, Putinek Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken egoerari egin dio erreferentzia, eta Ukrainako armadak su-etena finkatzea helburu zuten Minskeko Akordioak (2014-2015) behin eta berriz urratu izanari.
«Zortzi urtez, amaigabeak izan diren zortzi urte luzez, ahal genuen guztia egin dugu egoera bideratzeko, betiere baliabide baketsu eta politikoen bitartez. Alferrik izan da», esan du Errusiako presidenteak. «Ezinezkoa zen han [Donbassen] gertatzen zena errukirik gabe ikustea».
Putinen arabera, egungo egoeraren erruduna Mendebaldea da, eta batez ere NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko herrialdeak: «Beren helburuak lortzeko, Ukrainako muturreko nazionalistak eta neonaziak babesten dituzte gauza guztietan. Eta horiek ez dituzte inoiz barkatuko Krimeako eta Sebastopoleko herritarrak, hautu libre hau egiteagatik: Errusiarekin berriz elkartzea».
Egoera horrek, hortaz, ondorio bat ekarri du berekin: Errusiaren eta NATO eta haren aliatuen indarren arteko talka «saihetsezina» dela. «Sorrarazi dizkiguten arazoen kontra geure burua defenditzeko dira gure ekintzak. Zaila den arren, eskatzen dizuet hori ulertzeko, eta lankidetzara dei egiten dut, zorigaiztoko orrialde hau ahalik eta azkarrena pasatzeko».
Agintariaren arabera, Ukrainaren okupazioa ez dago Moskuren planen artean, hango herritarrek «autodeterminaziorako eskubidea» dutelako. Halere, ohartarazi du Kievek ezin dituela arma nuklearrak eskuratu, eta berriz ere kritikatu du NATO hamarkadotan Europa ekialdera zabaldu izana: «Legez kanpokoa izan da».
Horiek horrela, Errusiako presidenteak uste du oraindik badela «irtenbide diplomatikoetarako» tarterik, baina ohartarazi du bere herrialdearen interesak «negoziaezinak» direla, eta mehatxua ere helarazi du: «Kanpotik honetan sartu nahi duenari: hori egiten baduzu, ondorio handiei egin beharko diezu aurre, inoizko handienei. Erabaki garrantzitsu guztiak hartuak daude».
Putinen agerraldiak agerian utzi du Moskuk nahiago duela Ukrainan beste gobernu bat egotea agintean, eta helburu hori lortzeko estrategiaren parte dela gaur abiaturiko operazio militarra. Herrialde horren existentzia bera ere zalantzan jarri zuen asteon egindako beste diskurtso batean; horretan, SESB Sobietar Batasuneko agintariei bota zien Ukraina estatu independente bilakatzearen errua: «Ukraina [Iosiv] Stalinek 1920ko hamarkadan sorturiko fikzio geopolitiko bat da».
Horrekin batera, muga batzuk aldatzeko nahia ere iradoki dute Errusiako presidentearen adierazpen batzuek: «Utzidazue oroitarazten SESB Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortu zenean Ukraina modernoaren parte diren eremu batzuetan bizi ziren herritarrei ez zietela galdetu nola eraiki nahi zuten bere bizitza».
Elkarrizketek ez dute arrakastarik izan
Gaur hasitako operazio militarraren aurretik, Errusia eta AEB Ameriketako Estatu Batuak negoziatzen aritu dira, baina elkarrizketek ez dute arrakastarik izan, Kremlinek esan baitu Etxe Zuriak ez diela jaramonik egin bere segurtasun eskari nagusiei.
Besteak beste, Moskuk Washingtoni eta NATOri eskatu die aliantza horren hedatzea geldiarazteko Europa ekialdean, Ukraina —eta Georgia— NATOko kide bihurtzeko aukera baztertzeko, eta aliantza horren tropak, armak eta ekipamendua erretiratzeko 1997an kide ez ziren estatuetatik: Errumaniatik eta Bulgariatik, esaterako. Konpromiso horiek legez lotesleak izatea ere galdegin zuen.
AEBek eta Mendebaldearen aliantza militarrak ezezkoa eman zieten eskari horiei, eta Moskuri armagabetzea eta elkarrizketetan sakontzea eskaini zioten.