Zigor «gogorrekin» erantzun dio Mendebaldeak Donbasseko Herri Errepubliken independentzia onartzeko Errusiaren erabakiari

Donetskeko eta Luhanskeko independentzia onartzeagatik egin dute Moskuren aurka EBk, AEBek eta Erresuma Batuak. Tropak Errusiatik kanpo erabiltzeko baimena jaso du Vladimir Putinek.

Josep Borrell Europako Batasuneo diplomaziaburua eta Jean Yves Le Drian Frantziako Atzerri ministroa, gaur, Errusiari ezarritako zigorren berri ematen, Parisen.

*Mikel O. Iribar / BERRIA

Espero zen erreakzio soka aski luzea ekarri du Errusiako presidente Vladimir Putinek, atzo, eta behe ganbarak, gaur, Ukraina ekialdeko Luhanskeko eta Donetskeko herri errepubliken independentzia aitortzeak eta berresteak. Ukrainako eta Mendebaldeko estatuetako presidenteek «irmoki» gaitzetsi dute, eta adierazi Putinen eta Donbassko bi herri errepubliken independentzia onartu duten arduradunen aurkako zigorrak ezartzeko prozedurari ekingo diotela. EB Europako Batasunak, AEB Amerikako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak, bederen, azken asteotan esan dutena bete dute.

EBk, esaterako, erabaki du zigorrak nori ezarri; besteak beste, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia aitortzeko operazio militarrak finantzatzen ari diren bankuei, behe ganberako ordezkariei, dekretua proposatu zuten goi-kargudunei eta Errusiako tropak Donbassera bidaltzeko ardura zuten agintari militarrei. Eta zer-nolako zigorrak ezarriko dizkiote? Bada, Josep Borrell EBko diplomaziaburuak Europako atzerri ministroekin Parisen egindako batzarraren ondoren eman ditu argitara, AEBekin, Erresuma Batuekin eta Kanadarekin adostuta: Errusiako dozenaka goi-kargudunei eta behe ganberako diputatuei Europako Batasunean sartzea debekatu diete; finantza erakunde batzuei eta Errusiari betoa jarri diete, finantza merkatuan eta Europako zerbitzuen sektorean jarduteko; eta de facto bere burua independentetzat duten Ukrainako bi probintziei merkataritza enbargoa ezarri diete.

Orotara, ia 400 pertsona eta erakunde egongo lirateke inplikatuta. Borrellen iritziz, ezarritako zigor horiek Errusiari «min» egingo diote, «eta handia, gainera». Haren arabera, Ukrainaren «ezkutuko inbasio bat» egiten ari da Errusia, eta uste du Moskuk Donbassko bi herri errepublikak anexionatzeko asmoa duela, Krimearekin 2014an egin zuen bezalaxe. Horrez gain, Donetskek eta Luhansek EBko herrialdeekin duten merkataritzaren kontra jo dute, Europako Batzordeko buru Ursula von der Leyenek eta Europako Kontseiluko Charles Michelek elkarrekin sinaturiko agiri batean zehaztu dutenez. «Erantzuleek argi senti dezaten haien legez kanpoko erasoen ondorioak». Hori bai, Borrellek nabarmendu du «bide diplomatikoari eusten» diotela oraindik.

Nolanahi ere, EB ez da izan Errusia zigortu duen bakarra: bide bera hartu du Erresuma Batuak ere. Boris Johnson lehen ministroak jakinarazi duenez, Errusiako bost bankuri eta hiru oligarkari ezarriko dizkiete zigorrak. Halaber, Londresen dituzten kontuak izoztuko dizkiete, eta ezingo dute herrialdera bidaiatu. «Horiek lehen neurriak besterik ez dira», gogorarazi du Erresuma Batuko lehen ministroak.

AEBetako presidente Joe Bidenek, berriz, duela minutu gutxi egin du agerraldia, eta esan du Etxe Zuriak Errusiako bi finantza erakunderi jarriko diela zigorra: VEB-i eta banku militarrari. Horrez gain, erantsi du Europan dauden tropa estatubatuarrak Baltikoko herrialdeetara bidaliko dituela.

 

 

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik, bestalde, argi esan du Errusiaren ekintzak gorabehera, Ukrainak nazioartean aitortutako muga berak mantenduko dituela. Eta gehitu du Luhanskeko eta Donetskeko herri errepubliken aitortzak «erretiratu» egin duela Errusia Minskeko Akordioetatik, baita Normandiako laukotik ere —Frantziako, Alemaniako, Errusiako eta Ukrainako ordezkariek osatzen dute—. Horrez gain, Ukrainako estatuburuak adierazi du Moskurekin harreman diplomatikoak «hausteko» aukera aztertuko duela.

Hain justu, Ukrainako Defentsa ministro Oleksii Reznikovek Sobietar Batasuna «suspertzen» saiatzea leporatu dio Errusiari, eta «mundu osoa» Ukraina ekialdeko «lurralde okupatuetan egindako krimenen» lekuko dela nabarmendu du. «[Putinek] arpilatu eta suntsitu egin du gure lurra. Atzo [herenegun] bere benetako aurpegia erakutsi zuen. Mundu aske bat bahitu nahi duen kriminal baten aurpegia. Bere delituaz jabetzen dena. Funtsean, egindako krimena behin betiko zigortuko da». Gainera, Ukrainako Parlamentuak Errusiari eskatu dio «atzera bota dezala» Luhansken eta Donetsken independentzia aitortza, ganberak ohar batean adierazi duenez, eta erantsi dute Moskuk egindakoa «eraso ekintza bat» dela, «Ukrainaren subiranotasuna eta lurraldearen osotasuna larriki urratzen dituena». EBek ere eskaera bera egin dio Kremlini, baita Normandiako lauko formatura eta Hiru Aldeko Harremanetarako Taldera itzul dadin ere.

Errusiako behe ganberak gaur goizean berretsi du Putinek herenegun Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia aitortza. 398 ordezkarik hartu dute parte bozketan, eta guztiek egin dute horren alde; zehazki, bi herri errepublika horietako agintariek «beren eskumenak erabiltzen dituzten eremuak» aitortu dituzte, eta ez Donetskeko eta Luhanskeko oblastak osoaren independentzia; bai, ordea, gero Putinek. Aldi berean, herri errepublika horietara tropak bidaltzea ere onartu du behe ganberak, «bake eginkizunetarako». Halere, Kremlinek esan du «oraingoz» ez dituztela tropak hara eramango, baina arratsaldean, Putinek tropak Errusiako «mugetatik kanpo» erabiltzeko eskatu dio goi ganberari. Handik ordu gutxira, agintariak egindako eskaera onartzea erabaki du, aho batez. Hala, baimen horrek, adibidez, Ukrainan sartzea ahalbidetzen du, «eta presidenteari erabateko agintea ematen dio, tropa kopurua, horien hedapena eta iraupena erabakitzeko». Errusiako Defentsa ministrorde Nikolai Pankovek, bere aldetik, aditzera eman du Donbassko egoera gaiztotzen ari dela, eta hango herritarrak bere babesean jarri beharko lituzketela.

Errusiako behe ganberak onartu eta handik gutxira, Luhanskeko eta Donetskeko herri errepubliketako herri kontseiluek
Errusiarekin adostu dituzten Adiskidetasun, Lankidetza eta Elkarrekiko Laguntza Itunak berretsi dituzte. Hala, Luhanskeko presidenteorde Dmitri Khoroxilovek Ukrainari eskatu dio tropak erretiratzeko Luhanskeko eskualde osotik; bestela neurriak hartuko dituztela ohartarazi dio. Kievek, ordea, entzungor egin dio eskaera horri.

Kievi mezua

Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek gogor jo du Ukrainaren aurka. Adierazi duenez, «subiranotasun eskubidea euren lurraldean bizi den herri osoa ordezkatzen duten estatuekin soilik errespetatu behar da», eta Ukraina «ez da horietako bat izan 2014az geroztik». Putinek, bestalde, argi esan du Minskeko Akordioak «amaitu» egin direla. Kieveko agintariei mezu zuzena igorri die: «Ukrainak Minskeko Akordioak blokeatu zituen, eta bitartean Donbassko eremu horietan sarraskia egiten aritu da. Genozidio hura behatzen jarraitu behar al genuen?». Halaber, Kievek NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearekin «bat egiteko asmoei» uko egin beharko liekeela azpimarratu du Errusiako presidenteak, eta gaineratu Donetsken eta Lugansken independentzia onartzeagatik Kievek erantzun militar bat ematen badu, tropa gehiago bidaliko dituela.

Bien bitartean, NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek diplomaziaren bidea hartzeko eskatu dio Errusiari; eraso «handi» baterako prestaketak ikusten dituzte. Gainera, Moskuri jarritako zigorrak txalotu ditu.

Un comentario en «Zigor «gogorrekin» erantzun dio Mendebaldeak Donbasseko Herri Errepubliken independentzia onartzeko Errusiaren erabakiari»

  1. Reconociendo todo lo denunciado en sus artículos sobre la tragedia que sufren las repúblicas independientes del Donbass, la bandera de lucha por la paz no debe desdeñarse. La lucha por la paz tiene que ir acompañada de la solidaridad con Palestina, Siria, Libia, Afganistán, Irak, pueblos víctimas de las guerras de la OTAN y su líder la Casa Blanca. Y también con los pueblos hoy amenazados de Cuba, Venezuela, y Nicaragua.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *