Errusia Luhanskeko eta Donetskeko herri errepubliken independentzia aitortu du

Kremlineko iturrien arabera, Errusiako presidenteak iragarri die Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrari eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteari dekretu bat sinatu duela Donbassko herri errepubliken independentzia aitortzeko. Errusiako Parlamentuak dekretua berretsiko du «laster».

*Mikel O. Iribar

Giroa berotzen doa Luhankseko eta Donetskeko herri errepubliketan. Baina ez bakarrik Ukrainako armadaren eta milizia errusiarzaleen arteko gerragatik, baita bi errepubliken etorkizun politikoagatik ere. Izan ere, Kremlineko iturrien arabera, Errusiako presidente Vladimir Putinek iragarri die Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrari eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteari dekretu bat sinatu duela Luhanskeko eta Donetskeko herri errepubliken independentzia aitortzeko. Eta ondorengo agerrialdian egin du ofizial. Eskaera hori egin diote gaur eguerdian, zehazki, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliketako liderrek, Denis Puxilinek eta Leonid Pasetxnikek, hurrenez hurren.

Hain justu, Errusiako behe ganberako diputatuek Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia aitortzeari buruzko bozketa egin zuten iragan astean. 368 ordezkarik hartu zuten parte, eta 351k egin zuten horren alde. Zehazki, diputatuek diote Donbassko errusiarrek «laguntza behar» dutela, eta «helburu humanitarioak» dituzten «neurri egokiak» babesten dituztela. Izan ere, ordezkariek uste dute bi herri errepubliken aitorpenak «oinarriak» sortuko dituela «segurtasun bermeak ziurtatzeko» eta «errepubliketako biztanleria atzerriko mehatxuetatik babesteko».

Gisa horretara, baiezkoa gailendu zenez, onarpen hori egiteko ebazpen bat bidaliko zioten Putini, eta gaurko Segurtasun Kontseiluko ezohiko batzarrean Donbassko herri errepubliken independentziarako gaia izan dute hizpide, eta horren ondoren hartu du erabakia Putinek.

Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikak Donbass eskualdean daude, eta eremu horretako indarrak gerran daude Ukrainako armadarekin 2014az geroztik. Urte hartan eta 2015ean, su-eten bat finkatzeko Minskeko Akordioak adostu zituzten, baina bi aldeetako inork ez ditu errespetatu —batez ere Kievek—; denera, 31.000 bat lagun hil dituzte gatazka horretan, baita 2,5 milioi desplazatu eragin ere.

Hain zuzen, gerratik ihesi, bi errepublika horietako 60.000 herritarrek baino gehiagok Errusiako muga zeharkatu dute, Moskuko agintariek adierazi dutenez. Horrez gain, Errusian ospitaleak eta egoitzak husten hasi dira errefuxiatuak jasotzeko. Aurreikuspenen arabera, 700.000 pertsona ebakuatuko dituzte, batez ere emakumeak, haurrak eta adinekoak. Putinek 10.000 errublo —100 euro inguru— eskaini dizkie Donbasstik Errusiara joan direnei.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *