*Asier Blas Mendoza / ARGIA astekaria
Hedabide gehienek informazio-manipulazioa eta AEBen agenda eta interesekiko mendekotasuna areagotzen duten une horietako bat bizi dugu. Duela urtebete gertu zegoen txinatar inbasioa Taiwanen. Orduan hedabideek sormen amaigabea erakutsi zuten ustezko inbasioaren faseei buruzko mapa eta azalpenekin. Beno, agian ez zen irudimen propioa; izan ere, ipuin horiek gehienetan AEBetako inteligentzia agentzietatik edota horiekin lotuta dauden think tank-etatik eta fundazioetatik datoz. Are gehiago, batzuetan konplexu militarrak edo agentzia horien zerbitzura dauden erakundeek zuzenean argitaratzen dituzte artikuluak hedabideetan. Azken asteetako adibide esanguratsu bat izan da AEBetako armagintza enpresa handienetako batek, Lockheed Martin Corporation-ek, Ukrainaren inbasio errusiarraren ideia hauspotzeko aurkeztutako artikulua Politico hedabide eragin-sortzailean. Esan gabe doa bi aste geroago enpresaren akzioen kotizazioa izugarri igo zela.
Gauza da orain zurrumurru eta informazio faltsuak zabaltzeko unea dela Errusiak Ukraina laster inbadituko duela defendatzeko. AEBek eta Erresuma Batuak ohituta gauzkate Irakeko bi gerren moduko kanpaina desinformatibo eta probokatzaileetara; hala ere, gero eta deigarriagoa da kazetaritzaren morrontza atlantista.
Ez dago Errusiak Ukraina inbadituko duela adierazten duen datu objektibo edo subjektiborik. Kremlinek aktiboki eta pasiboki errepikatu du ez duela inbadituko. Errusiak ez du inolako interesik horretan, besteak beste, bere ekonomia suntsituko lukeelako, okupazioak eta giza galerek krisi soziopolitiko erraldoia sortuko luketeelako herrialdean eta Errusiak zuhurtzia handiz jokatzen duelako nazioartean. Zuhurtziagabekeria AEBen eta Erresuma Batuaren aurkezpen-gutuna dira; beraien mespretxuaren eta irainaren diplomaziarekin (sic); herrialdeen subiranotasunaren aurkako erasoekin; nazioarteko legedien hausturarekin; armak ez ugaltzeko itunetatik erretiratzearekin eta abar. Are gehiago orain, gerra behar baitute beren gainbehera inperiala geldiarazteko.
Washingtonen askok pentsatzen dute gerra dela AEBek bizi duten ataka larritik ateratzeko tresna egokia: gero eta zatituagoa eta ezegonkorragoa den jendartea kohesionatzeko balioko duen gerra; inflazioaren gorakada eta zorraren etengabeko hazkundearen aurrean dolarra indartzeko balioko duen gerra; AEBetako armagintzaren negozioa berpiztuko duen gerra; Urruneko lurraldeetako suntsiketak berreraikuntza-kolonizazio negozioa irekiko duen gerra; Europako Batasuna AEBetara ainguratuko duen gerra; eta Errusia amildegira eramango duen gerra Mendebaldearen mende geratzeko, bloke angloamerikarra indartuz Txinaren aurkako lehian.
Europa kontinentalak nahi ez duen gerra da ardatz anglosaxoiak nahi duena. Europako herrialde gehienek, besteak beste Alemania eta Frantzia, berretsi dute AEB eta Erresuma Batua ustezko mehatxua artifizialki puzten ari direla. Ildo horretan kokatu dira ere bai Ukrainako presidentea, gobernu kideak eta militarrak, eta ez da harritzekoa kontutan izanik beraien ustezko lagun angloamerikarrek inbasioaren ipuinarekin ukrainar ekonomia hondoratzen ari direlako. Hala ere, agian Kroaziako presidenteak, Zoran Milanovi?-ek, adierazi du hobekien bizitzen ari garena: «Honek ez du zerikusirik Ukrainarekin edo Errusiarekin, Ameriketako Estatu Batuen barne-politikaren dinamikarekin du zerikusia»; eta bitartean, Mendebaldeko herrialdeen aliatuek Yemen bonbardatzen jarraitzen dute. Dagoeneko ia 400.000 dira hildakoak Mendebaldeko laguntxoek miseria gorrian utzi duten herrialdean. Baina horretarako komunikabideek ez dute denbora gehiegirik, noski.