Macronen arabera, «irtenbide historiko bat» eskain diezaioke Ukrainako krisiari

Frantziako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa bilduta daude, Moskun. Macronen esanetan, aurreko asteetan sukaldeko lana eginda, Errusiak Ukrainari eraso egitea eragozteko diseinatuta dago gaurko bilera.

*Igor Susaeta / BERRIA

07-02-2022 Ucrania.- Macron defiende ante Putin la necesidad de un diálogo sobre seguridad.
El presidente francés, Emmanuel Macron, se ha entrevistado este lunes en Moscú con el presidente ruso, Vladimir Putin, ante quien ha defendido la necesidad de recurrir al diálogo para abordar las cuestiones de seguridad.
POLITICA EUROPA RUSIA
SPUTNIK / CONTACTOPHOTO

Emmanuel Macron Frantziako presidentea Moskun dago. Vladimir Putinekin batzartzekoa da arratsaldean, eta uste du Ukrainako krisiari konponbidea emateko «irtenbide historiko bat» eskain diezaiokeela Errusiako presidenteari. Asteburuan Joe Biden AEBetako presidentearekin telefonoz mintzatu da Macron, Putinekin ere hirutan hitz egin du azken asteotan, eta iruditzen zaio jardun diplomatiko horrek tentsioa baretzea eragin dezakeela. AEBek jarraitzen dute azpimarratzen piztear dagoela gatazka militarra, eta Jake Sullivan AEBetako Segurtasun Nazionalerako aholkulariak adierazi zuen, atzo, Errusiako armadak «edozein egunetan» inbaditu dezakeela Ukraina. «Errusiarekin izandako elkarrizketak eta Moskura egindako bisita hau diseinatuta daude hori eragozteko», nabarmendu zuen Frantziako presidenteak, Journal du Dimanche aldizkariak atzo kaleratutako elkarrizketa batean.

Bi agintarien arteko bilera Euskal Herrian 15:00ak direnean hastekoa da, eta ondoren prentsa agerraldi bateratu bat egitekoak dira. Bilera horri buruz hitz egin du gaur, eguneroko prentsaurrekoan, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, eta esan du ez dituela «aurrerapauso nabarmenak» espero. «Egoera zailegia da». Nolanahi ere, iruditzen zaio Macron badela nor Putini proposamen bat egiteko: «[EB] Europako Batasuneko presidentetzan dagoen estatuko burua da, eta hori oso inportantea da».

Bai, Frantzia EBko presidentetzan egongo da ekainaren 30era bitartean. Hori batetik. Eta, bestetik, aintzat hartu behar da Frantziako presidentetzarako hauteskundeak egingo dituztela apirilaren 10ean, eta Macron karguan jarraitzeko hautagaia izango dela. Gainera, Angela Merkelek Alemaniako kantziler izateari utzita, EBren interesen defendatzailearen bozeramailetza hartu du nolabait Macronek. Recep Tayyip Erdoganek bere burua aurkeztu du Errusia eta Ukrainaren artean bitartekari izateko—NATOko presidente Jens Stoltenbergek irtenbide bat bilatzeko «babes aktiboa» eskertu dio, gaur,— eta, lehengo astean, Turkiako presidenteak esan zuen Merkelen falta sumatzen duela orain. «Lehen, behintzat, Merkel agertzen zen, eta berak bai, berak irtenbide baterako giltza eduki zezakeen».

Macronek hartu du rol hori, eta, gaur Putinekin bezala, bihar Ukrainako presidente Volodomir Zelenskirekin batzartzekoa da, Kieven. Gainera, beste hamaika bilera egiten ari dira Ukrainako aferaren bueltan. Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra gaur bilduko da lehen aldiz Bidenekin, eta Etxe Zurian egitekoak diren bilkuran hizpide izango da Europa ekialdean piztutako krisia. Bihar, Macronek, Scholzek eta Andrzej Duda Poloniako presidenteak bilera bat egingo dute Berlinen, Weimarko Hirukiaren formatuaren barruan.

50.000 bat hildako

Ukrainako auziaren inguruko egoera ez da asko aldatu azkeneko astean. Mendebaldearen esanetan, Errusiak 100.000 bat soldadu dauzka hedatuta Ukrainako mugan eta Bielorrusian. Moskuk, ordea, ukatu egiten du Ukrainari eraso egiteko asmorik duenik. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak segitzen du, bestalde, Europa ekialdean posizioak indartzen. Errusiak segurtasun eskaera batzuk egin zizkien AEBei eta Mendebaldeko aliantza militarrari, baina, iradoki duenez, eman dioten erantzunak ez du asebete. Ez alde batek, ez besteak ez du publiko egin erantzuna, baina, El País egunkariak otsailaren 1ean kaleratutako bi dokumentuen arabera, Washingtonek eta NATOk ezezkoa eman diete Kremlinen segurtasun eskaera nagusiei; hau da, ez dute aliantzaren hedatzea geldituko, eta Ukrainari ez diote ukatuko horren kide bihurtzeko aukera.

Horrekin lotuta, Stoltenberg NATOko buruak gaur adierazi du aztertzen ari direla aliantza militarrak Europa ekialdean duen presentzia handitzea «epe luzera». «Ez dugu azken erabakirik hartu, baina NATOn prozesu bat dago ekialdean dugun presentzia doitzeko eta gure defentsa gehiago indartzeko», azaldu du, Duda Poloniako presidentearekin Bruselan bildu ondoren emandako prentsaurrekoan.

Gatazka militar batek 50.000 bat zibil hiltzea eragingo luke. Hori argitaratu du The New York Times-ek, Pentagonoko iturriak baliatuta. Iruditzen zaie Ukrainako 25.000 soldadu hilko liratekeela gerra bat balego, eta Errusiako armadako 10.000 bat kide. Ohartarazi dute, gainera, errefuxiatuak edo desplazatuak milioi bat eta bost milioi artean izango liratekeela.

Municheko Segurtasun Konferentzian ere gai nagusia izango da Ukrainako auzia. Hilaren 18tik 20ra egitekoak dira, eta, Sputnik berri agentziak gaur kaleratu duenez, Putinek ez du horretan parte hartzeko asmorik; ez telematikoki, ez presentzialki.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *