Txinak eta Errusiak adierazi diete AEBei bat eginda daudela

Xi eta Putin Pekinen batzartu dira, eta nabarmendu dute NATOren hedatzearen aurka daudela. Elkarrekin aurre egingo diete «kanpoko esku hartzeei eta eskualdeko segurtasuna arriskuan jar dezaketen mehatxuei»

*Igor Susaeta / BERRIA

Txina eta Errusia bat datoz hainbat alderditan. Atzerri politika da horietako bat. Elkar babesten dute bi potentziek, eta NATOren Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen hedatzearen aurka agertu dira. Asia hego-ekialdeko interesetan pentsatuz AEBek, Erresuma Batuak eta Australiak aurreko udazkenean Txinari eskualdean kontrapisua egiteko sinatutako beste aliantza militarrak ere, AUKUSek, kezka sortzen die. Ukrainako krisiak baretzeko itxurarik ez duen momentuan, hori adierazi diote Xi Jinping Txinako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiakoak Washingtoni. Pekinen batzartu dira gaur, eta erakutsi dute bat eginda daudela, aliatu geopolitikoak direla.

Hilaren 20ra arte Txinako hiriburuan egingo dituzten Neguko Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldiaren harira egin dute bilera bi liderrek. Ondoren ohar bateratu bat kaleratu dute. Ukrainako krisia dela eta, AEBek eskatu zioten Pekini auzian «modu eraikitzailean» parte hartu zezala. Astebete inguru geroago iritsi da erantzuna. Oharraren arabera, «posizio bateratuak» dituzte demokrazia, ordena, garapena eta segurtasunari buruz, eta elkarrekin aurre egingo diete «kanpoko esku hartzeei eta eskualdeko segurtasuna arriskuan jar dezaketen mehatxuei». Xik eta Putinek nabarmendu dute «aurrekaririk gabeko gertatutasun bat» dagoela bi herrialdeen arteko harremanetan.

Errusiak Txina babesten du Taiwango auzian, eta, modu berean, Txinak Errusiarekin bat egiten du Ukrainakoan. Biek konpromisoa hartu dute koordinazio estrategikoan «atsedenik gabe» sakontzeko, eta «ekitatea eta nazioarteko justizia defendatzea» dute helburu. Iruditzen zaie, bide batez, «ezinbesteko rola» jokatzen dutela nazioarteari «oztopoak gainditzen» laguntzerakoan. Uste dute bi herrialdeen arteko erlazioa dela XXI. mendean nazioarteko harremanek izan beharko zuketenaren eredu, eta baietz, bien interes komunak babestea dutela asmo, baina «mundu guztiko segurtasunak» ere arduratzen dituela. NATOren hedatzea dela, ordea, Estonia, Lituania eta Letoniako buruzagiak pozik agertu dira, gaur, Rigan egindako bilera baten ondoren. «Gogo onez hartzen dugu tropa gehiago bidaltzeko AEBek hartutako erabakia», adierazi du Estoniako lehen ministro Kaja Kallasek.

Nolanahi ere, Xiren eta Putinen arteko bileraren helburua izan da, batez ere, Ukrainako auziaren bueltan AEBei mezu bat bidaltzea. Hori bai, beste gai batzuk ere izan dituzte mahai gainean. Oharrean azpimarratu dute, esaterako, aldebiko harreman komertzialaren zenbakiak inoizko onenak direla, eta lankidetza areagotuko dutela nekazaritzan, ekonomia digitalean eta osasungintzan, besteak beste.

Gas hornikuntzarako akordioa

 

 

Energiaren alorrean lortutako akordioak ere hizpide izan dituzte. Izan ere, Ukrainako krisiarengatik, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ez du baztertzen Nord Stream 2 gasbidea erabiltzea Errusiari zigor ekonomikoak jartzeko —Errusiatik Alemaniara gasa eramateko eraiki zuten azpiegitura hori—. Hori esan du Les Echos egunkari ekonomikoan emandako elkarrizketa batean. Alemaniak ere gasbidea blokeatzeko asmoa agertu izan du. Gauzak horrela, Moskuk eta Pekinek gaur bertan jakinarazi dute datozen 30 urteetarako kontratu bat egin dutela, Errusiak Txinari gasa saltzeko. Gasbide berri bat eraikiko dute, eta bien asmoa da hori martxan egotea bizpahiru urte barru. Dena den 2019tik beste gasbide batetik ere (Power of Siberia) bidaltzen dio gasa Errusiak Txinari.

Bestalde, Europako agintariek ere haien ekarpena egin nahi dute Ukrainako krisiari irtenbide diplomatiko bat emateko ahaleginean. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak jakinarazi du datorren astean bai Putinekin, bai Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin batzartuko dela. Eliseoak ohar batean adierazi duenez, astelehenean Putinekin bilduko da Moskun, eta asteartean Zelenskirekin, Kieven. Azkeneko bi hilabeteotan hainbatetan hitz egin du biekin, telefonoz.

Hain zuzen, Europako beste bi buruzagi, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra eta Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa, Errusiaz mintzatu dira, gaur, telefonoz. Downing Streetek plazaratutako oharraren arabera, adostu dute Moskuri berehala ezartzea zigor ekonomiko bateratuak Ukraina inbadituz gero, baita Mendebaldeko bazkideekin lanean jarraitzea ere, horiek zehazteko. Joe Biden AEBetako presidentearekin biltzekoa da Scholz astelehenean, Etxe Zurian.

Recep Tayyip Erdoganentzat, ordea, Mendebaldeak ez du «ezer» egin auzia konponbidean jartzeko. «Zoritxarrez, trabak besterik ez ditu jarri», esan die kazetariei, gaur, Kievetik bueltan. Zelenskirekin bildu zen atzo, eta prest agertu zen Errusiaren eta Ukrainaren arteko bitartekari lanak egiteko. Erdoganentzat, «lidergo gabezia arazo bat» du Europak. Angela Merkel Alemaniako kantziler ohiak beste modu batean jokatuko zukeela uste du. «Lehen, behintzat, Merkel agertzen zen, eta berak bai, berak irtenbide baterako giltza eduki zezakeen».

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *