Turkia prest agertu da bitartekari izateko Errusiaren eta Ukrainaren artean

Zelenski eta Erdogan, atzo, Kieven

Turkiako presidentea Kieven izan da, eta, bi herrialdeekin dituen harreman onak baliatuz, esan du Ankarak «pozik» hartuko lukeela Errusiako eta Ukrainako liderren arteko goi bilera bat. Elkarrizketa eskatu die bi aldeei. Errusiaren ustez, AEBak ari dira baretzearen aurkako pausoak ematen.

*Igor Susaeta / BERRIA

Turkiak harreman diplomatiko onak dauzka Ukrainarekin eta Errusiarekin, nahiz eta Moskurekin badituen ika-mika geopolitikoak. Horregatik, Recep Tayyip Erdogan presidenteak bere burua aurkeztu du bitartekari izateko bi herrialdeen artean. Elkarrizketaren bidea ibiltzeko eskatu die biei, baita zabaltzen ari diren mezuak baretzeko ere. Kieven izan da gaur, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin, eta nabarmendu du Ukrainaren «lurralde osotasuna» defendatzen duela «foro guztietan»; hau da, Errusiak 2014an Krimeako penintsula anexionatu izanaren kontra dagoela, beste batzuetan ere adierazi izan duen bezala. Eguraldi hotza gorabehera, harrera beroa egin diote Erdogani Ukrainako hiriburuan, desfile militar bat barne. «Pozik hartuko genuke agintarien arteko goi bilera bat, edo batzar tekniko bat», planteatu du bilkuraren ondorengo agerraldian. Ondoan zuen Zelenski, eta Ukrainako buruzagiak begi onez hartu du proposamena.

Ukrainaren eta Errusiaren arteko tentsioaz mintzatu dira bi agintariak, baina bilera baliatu dute, gainera, Ankarak eta Kievek turismo sektorean —Itsaso Beltzak bi herrialdeak hartzen ditu— eta industria militarrean dituzten lankidetza harremanetan sakontzeko. Turkiak, esaterako, gutxienez hamabi drone saldu zizkion iaz Ukrainari, eta horrek Errusia haserrearazi zuen.

Geopolitikoki, Errusiak eta Turkiak, batzuetan, ez dituzte interes berak; Sirian eta Libian, esate baterako. Baina, behinola aliatu izan arren, Turkiaren eta AEBen arteko harremanak gaiztotu egin dira Joe Biden Etxe Zuriko maizterra denetik, eta Erdoganek EB Europako Batasunarekin dituen erlazioak ere ez dira, oro har, oso onak. Kasu horietan, beraz, ondoan eduki du Vladimir Putin Errusiako presidentea. Ongi konpontzen dira. Harreman horiek testuinguruan jartzeko orduan aintzat hartu behar da, gainera, Errusia dela Turkiaren gas hornitzaile nagusia, inportatzen duenaren %33 Moskuri erosten baitio. Orduan, harremanek okerrera egingo balute eta Errusiak gasaren giltza itxiko balu, Turkia kolapsatuko luke ia-ia, energia gastuaren %28 ordezkatzen baitu gasak. Errusiak harreman onak ditu Txinarekin, eta Putin bihar da Xi Jinping presidentearekin Pekinen biltzekoa, Neguko Olinpiar Jokoen inaugurazio ekitaldia dela eta.

Errusiaren kritika AEBei

AEBetako Gobernuak atzo jakinarazi zuen datozen egunetan 3.000 soldadu gehiago hedatuko dituela Europa ekialdean: 1.000 bat Errumanian, eta 2.000 inguru Polonian eta Alemanian. «Egoerak exijitzen du jarrera eragozlea eta defentsiboa indartu behar izatea NATOren ekialdeko hegalean», azpimarratu zuen John Kirby Pentagonoaren bozeramaileak, hedabideen aurrean. Moskurentzat, ordea, horrela jokatuta «tentsioa areagotu» besterik ez du egiten Washingtonek. «Orain jada ez da adierazpen probokatzaileak egiten dituztela esanez laster gerra bat egongo dela eta denok garesti ordainduko dugula, baizik eta soldadu estatubatuarrak bidaltzen dituztela. Argi dago pauso horiek ez dutela laguntzen», azaldu du gaur Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero egin ohi duen prentsa agerraldian. Gaineratu du AEBen asmoen aurrean «beharrezkoak diren neurriak» hartuko dituztela.

Mendebaldearen arabera, Errusiak 100.000 bat soldadu dauzka hedatuta Ukrainako mugatik gertu, eta Bielorrusian ere hedatze handi bat egin du, Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak gaur prentsa agerraldi batean adierazi duenez. «Gerra Hotzaz geroztik [Moskuk] egin duen handiena da. Borrokarako 30.000 tropa espero dira». Errusiako eta Bielorrusiako gobernuek adostua dute hilaren 10etik 20ra bitartean maniobra militarrak egitea.

Eta, gerra hotsekin lotuta, Errefuxiatuentzako Norvegiako Kontseiluak ohartarazi du litekeena dela Ukrainako herritarren desplazamendu masibo bat gertatzea. «Ukraina ekialdeko milioika lagunen bizitza eta segurtasuna arriskuan dago».

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *