AEBek eta NATOk ezezkoa eman diote Errusiar Federakundearen segurtasun eskari nagusiei baina Mosku prest agertu da hitz egiten jarraitzeko

Joe Biden AEBetako presidentea eta Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia, iragan ekaineko bilkura batean

*Ander Perez Zala / BERRIA

AEB Ameriketako Estatu Batuek eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak ezezko borobil batekin erantzun zieten Errusiaren segurtasun eskari nagusiei, Ukrainako gatazkaren aferan. Moskuri bidalitako erantzunetan azaldu zutenez, ez daude prest aldebiko segurtasun akordiorik adosteko, ezta Ukrainari eta Georgiari NATOn sartzeko betoa ezartzeko ere. Horren ordez, AEBek eta Mendebaldearen aliantza militarrak armagabetze itunak negoziatzea eta «konfiantzazko neurriak» finkatzea proposatu zioten Kremlini.

«Kontuan harturik Ukrainaren eta Bielorrusiaren inguruan martxan dagoen hedapen militar sendoa, alde bakarrekoa eta justifikaziorik gabea, Errusiari dei egiten diogu egoera berehala leundu dezan, egiazta daitekeen modu egoki eta iraunkor batean», esan zion NATOk Moskuri, El País egunkariak argitara aterako bi dokumentuen arabera.

Errusiako Gobernuak iragan ostegunean jaso zituen erantzun horiek, eta, horren edukiaz ezer gutxi esan zuen arren, egunotan hango agintariek iradoki dute Washingtonen eta Mendebaldearen aliantza militarraren proposamenak ez zirela izan espero bezalakoak.

Moskuk segurtasunerako hainbat berme exijitu ditu Ukrainako mugatik gertu dituen tropak erretiratzeko. Nagusiki, Kremlinek AEBei eta NATOri eskatu die aliantza horren hedatzea geldiarazteko Europa ekialdean, Ukraina NATOko kide bihurtzeko aukera baztertzeko, eta aliantza horren tropak, armak eta ekipamendua erretiratzeko 1997an kide ez ziren herrialdeetatik; besteak beste, Errumaniatik eta Bulgariatik. Konpromiso horiek legez lotesleak izatea ere galdegin zuen.

Argitara ateratako dokumentuen arabera, Washingtonek eta NATOk ezezkoarekin erantzun zioten Errusiako Gobernuari, Etxe Zuriak horietan esaten baitu «irmoki defendatzen jarraitzen duela [aliantza militarraren] atea irekien politika», Ukrainari eta Georgiari erreferentzia eginez; armei dagokienez, AEBek diote estatuek «oztoporik gabe» erabakitzen dutela segurtasun arloko zer akordio egin.

Hori ikusirik, Etxe Zuriaren eta NATOren proposamena da Ukrainako afera negoziazioen bidez bideratzea. «Irmoki sinisten dugu tentsioak eta desadostasunak elkarrizketen eta diplomaziaren bidez konpondu behar direla. Ez, ordea, indarraren erabileraren mehatxuarekin», dio aliantza militarrak bere erantzun sortan. Hori bai, zehazten du «NATO aliantza defentsibo bat» dela, eta ez dela Errusiarentzako «mehatxu bat».

 

 

«Ez digute kasurik egin»

Vladimir Putin Errusiako presidentea ez da iritzi berekoa. Ukrainako aferaz atzo hitz egin zuen jendaurrean —abenduaz geroztik lehen aldiz—, eta, agerraldian, AEBei egotzi zien «jaramonik ez» egitea Moskuren segurtasun eskari nagusiei: «Ez digute kasurik egin. Errusiarren proposamenei buruzko eztabaidak ez dira amaituko, betiere [elkarrizketetako edukiak] horietara hurbiltzen badira».

Putinek, hortaz, ez zion atea itxi negoziatzen jarraitzeari; hain justu, Washingtonek eta Etxe Zuriak eskatu bezala. Hori bai, Kremlinek oraindik ez die erantzunik bidali AEBei eta NATOri; Errusiako zenbait hedabideren arabera, biei eskatuko die, besteak beste, beren jarrerak bateratzeko, gehienbat elkarrizketa horiei begira.

Washingtonen eta Mendebaldearen aliantza militarraren asmoa da beren proposamenen inguruan bideratzea negoziazioak. Esaterako, NATOk nahi du Errusiak bere indar militarrak atera ditzala «Ukrainatik [Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliketatik, eta Krimeatik], Georgiatik eta Moldaviako Errepublikatik [Transnistriatik]»; eta «ziberespazio ireki, aske, baketsu eta seguru bat sustatzea mehatxuak murrizteko».

AEBek, berriz, misilei mugak ezartzea jarri dute mahai gainean. 2026ra arte indarrean dagoen START Berria segurtasun hitzarmena defendatzearekin batera, Washington prest dago helmen laburreko eta ertaineko misilen kontrolaz negoziatzen hasteko, baita akordiorik izanez gero «arma nuklear guztiak nola hartuko dituzten kontuan» argitzeko ere.

Iragan astean, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak adierazi zuen bere herrialdeak ez duela gerrarik nahi. Kontrakoa ere ez zuen baztertu, ordea: «Ez dugu onartuko gure interesei jaramonik ez egitea, edo horiek zakarki zapalduak izatea».

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *